En directo

NAIZ Irratia

Mertxe Aizpurua: «Gobernua frankismoan bezala jokatzen ari da: ‘Hemen ez da ezer gertatzen’»

Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak berretsi du Pegasus sistemaren bidez egindako espioitza ikertu egin behar dela eta Estatuak egindakoa aitortu behar duela. Gobernuak Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuen gehiengoa «zaindu» behar duela ere aldarrikatu du.

Audio_placeholder

Mertxe Aizpurua: «Gobernua frankismoan bezala jokatzen ari da: ‘Hemen ez da ezer gertatzen’»

Loading player...
Mertxe Aizpurua, EH Bilduren bozeramailea Espainiako kongresuan.
Mertxe Aizpurua, EH Bilduren bozeramailea Espainiako kongresuan. (Eduardo PARRA | EP)

Pegasus auziak ez du inor axolagabe utzi. Kontua da, ezustekoa ez izanagatik ere, erabateko larritasuna duela ordezkari zibil zein politikoak zelatatzeak. Eta horren erakusle, asteazken honetan Espainaiko Kongresuko Gobernuaren kontrol saioan gutxienez zazpi galdera eragin zituela Pegasus auziak.

Biharamunean, Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak NAIZ Irratian berretsi du Gobernuak azalpen argiak eman behar dituela ikerketa batzorde baten baitan.  Kongresuan, ordea, kezkarik ere agertu ez duela kritikatu du.

Margarita Roblese Defentsa ministroak espioitzaren zilegitasuna defendatu zuen, kataluniarrei erreferentzia eginez, independentzia aldarrikatzen duen lurralde baten aurrean gobernu batek zer egin dezakeen galdetuta.

Aizpuruak Roblesen hitzak gaitzetsi ditu, independentziaren alde lan egiten dutenak zelatatzea justifikatu duelako. Eta gezurtatu du Defentsa ministroak esandakoa, legeak ez duelako baimentzen independentziaren alde lan egiteagatik pertsonak zelatatzea.

EH Bilduko diputatuak baieztatu du Meritxell Batet Kongresuko presidentearekin bildu direla zelatatuak izan diren alderdiak. Alderdiotako ordezkariei euren mugikorrak aztertzeko aukera eman die, espiotzaren biktimak izan ote diren jakiteko. Proposamen hori ere ez da nahikoa Aizpuruaren arabera, ez baitago, berriz ere, arduraren aitortzarik. Aizpuruak gogorarazi du Pegasus estatuek soilik erabiltzen duten sistema dela. Estatuaren aitortza da nahi dutena. Hitz politek ez dute ezertarako balio EH Bilduko diputatuaren esanetan.

Zelatatu dituzten pertsona guztiak inbestidura blokeko kideak dira, Gobernuaren babesleak, beraz. Pegasus auziaren ondorioz Gobernuarekin harremana hautsitzat eman duten galdetuta, Aizpuruak erantzun du ezetz, euren nahia Gobernua mantentzea dela, ez baitago alternatiba aurrerakoi posiblerik.

Edonola, halako auziek «zirrikituak» irekitzen dituztela baieztatu du Aizpuruak eta Sanchezen Gobernuak inbestidura ahalbidetu zuen gehiengoa «zaindu» behar duela aldarrikatu du.

Frankismoaren kiratsa ere nabari du Aizpuruak. «Estatu demokratiko batean biziko bagina beste egoera batean geundeke hainbat alorretan. Frankismoa oso sartuta dago Estatuko egituretan, Gobernua, funtsean, lehen bezala, frankismo garaian bezala jokatzen ari da, dena estaliz, ‘hemen ez da ezer gertatzen’ esan eta agerikoa dena ukatuz».

Jaurlaritza Logoa