En directo

Bigarren Kafea

Asier Amondo: «Denok genuen euskararen aldarria zabaldu eta elkarrekin egoteko beharra»

Amaitu da Korrikaren 22. edizioa. Amurriotik Donostiaraino, milaka eskuetatik pasa da lekukoa. Hamaika egun hauetan ahaztu ezin diren momentuak bizi izan ditugu, eta horietaz aritu gara Asier Amondo Korrikako arduradunarekin.

Audio_placeholder

Asier Amondo: «Denok genuen euskararen aldarria zabaldu eta elkarrekin egoteko beharra»

Loading player...
Asier Amondo, Donostiako Antiguako euskaltegiaren atarian.
Asier Amondo, Donostiako Antiguako euskaltegiaren atarian. (Andoni Canellada | FOKU)

Amaiera festaren ondorengo jasotze lanetan harrapatu dugu Asier Amondo, Korrikako arduraduna. Ekitaldi hau luzeegia egin zaiola aitortu du. «A plana, B plana eta beste hainbat prestatu behar izan ditugu hiru urtean zehar. Herrialdeetatik ezin atera, gauez ibili ahal izango ote zen, Korrika birtuala egin edo ez… Azkenean betiko moduan egiteko aukera izan da. Euskararen aldeko aldarria zabaltzeko eta elkarrekin egoteko beharra genuen eta azkenean lortu da».

Eguraldiaren aldetik neguan hasi eta udan amaitu dela adierazi du. Elurretan ez aurrera eta ez atzera geratu zen furgonetari korrikalariek bultza zioten unea «herri bat euskarari bultzaka ari denaren metafora» bezala irudikatu du Amondok. «Korrikaren hasiera oso berezia izan zen niretzat. Laudiokoa naiz, Amurriotik 10 kilometrora eta bertan zeuden guztiak nire lankideak izan dira urte luzez. Maiteri lekukoa eman eta Korrika abiatu zen unea oso berezia izan zen». 

Atzoko amaiera ere hunkigarria izan zela aitortu du. Mezua Karmele Jaiok irakurtzearen inguruan, «lehen aukera zen eta berarekin hitz egin genuenean ohore eta opari bat zela esan zigun. Bera ere asko hunkitu zen zegoen jendetza irakurtzean eta nire ustez oso mezu ona egin zuen». Sekretua gordetzea zaila ote den galdetuta, modu irmoan eusten diotela baieztatu du.

Zuzeneko jarraipenak izan duen arrakastarekin ere pozik azaldu dira eta aurrerantzean horri eutsi aztertuko dutela gaineratu du.

Orain atseden hartu, Korrika 22ren ingurukoak itxi eta 23. ekitaldiaren nondik norakoekin lanean hasiko direla iragarri du. Oraingoz aurreratu dezaketen bakarra datak dira: 2024ko martxoaren 14tik 24ra egingo da eta irailetik aurrera hasiko dira itxura ematen.

Euskal Herriari eta hedabideei eskerrak emanez agurtu du Amondok Bigarren Kafeari eskainitako elkarrizketa.

Jaurlaritza Logoa