En directo

Lander Unzueta

Valve-n gailu berriak ezagutzeko ordua da: Steam Deck-a daukagu!

Eskuko PC interesgarriaren ezaugarri guztiak ezagutu eta gure lehen iritziak eskaini ditugu. Horrez gain, The Witcher zein Harry Potter frankizietako bideojoko berriei buruz hitz egin dugu.

Audio_placeholder

Valve-n gailu berriak ezagutzeko ordua da: Steam Deck-a daukagu!

Loading player...

Irratsaioari hasiera eman genionetik behin eta berriz aipatu dugu Steam Deck gailua: Game Erauntsiako esatari gehienok PC-ko jokalariak izanik Valven hardwarea benetan interesgarria otutzen izan zaigu. Atzerapenen ostean azkenik esku artean izateko aukera eduki dugu; hori horrela, irratsaioan lehen iritziei buruz luze eta sakon aritu gara.

Steam Deck eskaintzen dituen aukerak laburbiltzea zaila da, ordea: kontsola eramangarri tankera duen eskuko PC honek bete ditzakeen funtzioen zerrenda amaigabea da! Dena den, hardware zein software aldetik gure itxaropenak bete dituen, bideojokoekin zer moduz funtzionatzen duen zein etorkizunera begira zer gehiago espero dugun izan dira saioan landutako gaietako batzuk.

Gailuak alboratuta eta bideojokoetan ardaztuta, iragarpen eta aurkezpen handien egunak izan dira zaletasun honen jarraitzaileentzat. Albisterik nabarmenena izan dena guztiok espero genuen bat da, baina ez genuen espero horrela aurkeztea: CD Projekt garatzaile poloniarrak The Witcher saga ezagunaren atal berria baieztatu du ezustekoan zabaldutako prentsa ohar baten bitartez. Xehetasun askorik eman ez duten arren, azalpen interesgarriak eman dituzte Erribiako Geralten tituluen arduradunek, eta horiei buruz eztabaidatzen ibili gara.

Liburuetatik eratorritako bideojokoekin jarraitu dugu, oraingoan beste frankizia benetan arrakastatsu bat hartuta. Harry Potter aztiaren unibertso magikoan oinarrituta Hogwarts Legacy interesgarria aspalditik ezagutzen genuen; bere jostagarritasuna ikusteko orain eduki dugu lehen aldiz, hala ere. PlayStation-ekin batera egindako State of Play aurkezpenean erakutsi dute lehen aldiz Hogwarts eskolan girotuko den mundu irekiko akziozko abenturaren gameplaya, eta sekulako itxura daukala esan behar dugu.

Ipuin klasikoak ere hartu ditugu gurean, zergati benetan pozgarri batengatik gainera: txanogorritxoren ipuinean oinarritutako Fobos bideojokoa euskaratu du Game Erauntsiak. Haurrei zuzendutako obra koloretsu eta eder hau Albert Sarlé artista katalanaren proiektuaren emaitza da.

Microsoft Flight Simulator ere izan dugu hizpide gure irratsaioan. Izan ere, azken World Update eguneraketarekin Euskal Herriko hainbat kokaleku hobetu ditu hegazkinen simulagailuak: aurkezpen bideoan Bermeoko Gaztelugatxeko San Juan, Portugaleteko Bizkaia Zubia zein Bilboko hainbat kokaleku ikus daitezke xehetasun osoz. Probatzeko desiratzen gaude, eta jokoarekin izandako esperientziei buruz aritu gara horren harira.

Bukatzeko, bideojoko txiki baina ikaragarri bati buruzko analisia eskaini dugu. Vampire Survivors-ek aspaldiko flash jokoen webguneetan aurki zitezkeen tituluetako bat dirudi, baina horrek ez du baldintzatu dibertsioz betetako orduak eskaintzerakoan. Garatzaile italiar batek sortutako obra honetan aitortu nahi duguna baino gehiago murgildu gara, eta hortaz bai ala bai aipatu behar izan dugu Game Erauntsian.

Jaurlaritza Logoa