En directo

Ainara Rodriguez

Tamara Muruetagoiena: «Beharrezkoa da aitaren heriotza argitzea, niretzat, eta gizartearentzat»

Esteban Muruetagoiena mediku oiartzuarrari lehen aitortza ofiziala egingo diote larunbatean Udalean; hitzorduaren atarian pozik, euren kasua bestelako biktimen kasuen gisakoa kontsideratzea nahiko lukeela dio alabak: «Zergatik ez? Nik nire aita galdu nuen». 

Audio_placeholder

Tamara Muruetagoiena: «Beharrezkoa da aitaren heriotza argitzea, niretzat, eta gizartearentzat»

Loading player...
Tamara Muruetagoiena, bere aitaren omenez Oiartzunen jarri zen plakaren ondoan. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Tamara Muruetagoiena, bere aitaren omenez Oiartzunen jarri zen plakaren ondoan. (Andoni CANELLADA / FOKU)

«Argazkiak asko maite zituen, artea, eta mendia ere bai. Artikutza eta Aiako Harriak txoko kuttunak ziren berarentzat». Aitaz mintzo denean irribarrez gogoratzen du Tamara Muruetagoienak. Presente du Esteban aitaren existentzia, nahiz eta bera haur zela hil zen era bortitzean, komisaldegian ia hamar egun igaro ostean. Agiri ofizialek ez diote halakorik, baina gertukoek ongi asko dakite jasandako torturen ondorioz hil zela mediku oiartzuarra. Autopsiaren grabazioak ere entzun ahal izan dituzte; kontakizun «biziki surrealista» da horietan entzun daitekeena Muruetagoienak dioenez, «autopsia egin zuen medikuak ez zuen prestakuntzarik horretarako, ez zuen materialik…». Honek izan zuen oihartzuna nazioarteko hainbat sendagile elkargoren artean, «izugarria» izan zela aipatu izana nabarmentzen du Muruetagoienak.

Beharrezko kontakizuna

Mediku oiartzuarraren heriotzak argi-ilun asko gordetzen ditu; inguruak beti hauspotu izan du Tamara bere historia kontatzera, «beharrezkoa» ikusten du, «niretzat, baina gizartearentzat ere bai». 

Baina kontakizun gordina da berea, bere bizitzako lehen urteak gris marrazten ditu. 5 urte zituela hasi zen iluntasuna bere etxean; «bi gizon agertu ziren aitak kontsulta zuen gure etxean; horietako batek berehalako zaintzak behar zituen zauri larri batengatik». ETAko bi komando kide ziren. 17 egunez izan ziren euren etxean, eta egun haiek beltz oroitzen ditu Muruetagoienak: «Beldurra sartu zen etxean zer gerta zitekeen guardia zibilekin, isiltasuna iritsi ziren gure etxera».

Epaitu egin zuten gertakari harengatik aita, baita errudun jo ere, baina hiru urtera iritsi zen atxiloketa: «Aita eta ama, biak atxilotu zituzten. Ama egun gutxitan utzi zuten libre, aldiz aitak ia 10 egun egin zituen komisaldegian». Ez zen handik bere onean atera; bi egun eskasetara hil zen. Alabak ez zuen aitaren heriotzaren berri urteak geroagora arte izan, ordea: «Hain gogorra izan zen hori jakitea… ez nuen sinisten… zergatik nire aita? Eta torturarengatik gainera?».

Esker on hitzak

Larunbat honetan Esteban Muruetagoienaren aitortza ekitaldia hartuko du Oiartzungo Udalak. «Biziki eskertuta» mintzo da alaba omenaldiarekin; «Lehen aitortza!», dio irribarrez. Eta ez da gutxiagorako: datorren asteartean, martxoaren 29an, 40 urte beteko baitira aita hil zenetik. «Urte asko dira...». Duela hamar bat urte plaka bat kokatu zuten herrian aitaren oroimenez; ekitaldi hura «herritarra» izan zela gogoratu du Muruetagoienak, ez horregatik garrantzia gutxiagokoa; baina kasu honetan «aitortza ofiziala» izango dela dio, alderdi guztien artean adostua, eta horregatik ematen dio balorea, «benetan zaila» delako hala izatea.

Biktima gisa kontsideratuak izan daitezen eskaera luzatua du Jaurlaritzan, EAEko Biktimen legearen baitan. Zain dago orain, baina esperantzakor nabari zaio horren inguruan, areago Mikel Zabalzari egin berri zaion omenaldiaren ondoren: «Ni baino bi pauso aurrerago doaz, eurak dira nire itxaropena». Baina zer hobetua ere ikusten dio legeari: «Legea ona da, beharrezkoa zen. Baina nire kasua ez da beste biktima batzuena bezala kontsideratuko». Hala nahiko lukeen galdetuta, argi du: «Zergatik ez? Nik nire aita galdu nuen». Aitaren kasuan argia, egia eta justizia topatzeko bidean tinko eusteko konpromisoa nabari zaio Tamara Muruetagoienari: «Nire historia Euskal Herriko historia da, beste batzuenarekin batera osatzen dena».

Jaurlaritza Logoa