En directo
'Intra' izeneko diskoa argitaratu berri du Mila Modu taldeak, 'Absurduaren Paradisua' publikatu eta bi urtera. Erritmo biziak, melodia itsaskorrak eta gitarra zorrotzak ditu Oskar Arlanzonek, Andoni Camposek, Roberto Ferreirok eta Xabier Yanizek ondu duten lanak.
Martxoaren 17an, ostegunarekin, Bilboko BIRA Kulturgunean kontzertua eskainiko dute, modu berezian, «akustikoan izango da, ez da gure ohiko formatua baina guztiz prest gaude» esan digu Ferreirok. Aurkezpen kontzertua etxean egin zuten, Oñatin, diskoan parte hartu duten egilez inguratuta; «Askotan letrak bigarren planoan geratzen dira, eta gure proiektuan garrantzia eman nahi izan diegu» esan digu Yanizek.
2019an sortu zuten taldea eta 2020an argitaratu zuten lehen lana eta beraz, pandemiak bete-betean eragin die. Azaroan kaleratu nahi zuten bigarren lana, baina data atzeratzea erabaki zuten. «Horrek detaile gehiago sartzeko aukera eman digu» esan digute. Deitaile horiek bereziki nabarmenak dira gitarren soinuetan; «Gitarra elektrikoa aldarrikatzera gatoz».
'Intra' lehen diskoa baino «landuagoa» dela esaten dute, baina «kosta egiten zaigu sailkatzea: rock pop, power por...». Definitzekotan, lan «humanista» dela esan genezake. «Intimista beharrean, humanista da; gizarteari kritika egiten diogu, baina letrak barrura begira eginda daude». Izan ere, taldekideen hitzetan, «erantzunak askotan kanpoan bilatzen ditugu, baina gure begietan daude».