En directo

«Sekulako jolasa izan da egin duguna eta oso ondo pasa dugu disko berriarekin»

Egurra dakar Niña Coyote eta Chico Tornadoren berrienak, nahiz eta baduen berezitasun bat bere barnean. Don Condor eta Ñora Alacrán alter egoak sortu eta esperimentaziorako tartea hartu du biko donostiarrak. Koldo Soret eta Ursula Strong NAIZ Irratiko uhinetan izan dira diskoa aurkezten.

Audio_placeholder

«Sekulako jolasa izan da egin duguna eta oso ondo pasa dugu disko berriarekin»

Loading player...
Don Condor, Ñora Alacran, Niña Coyote eta Chico Tornado argazki berean.
Don Condor, Ñora Alacran, Niña Coyote eta Chico Tornado argazki berean. (Vasver Photographers)

Udan grabatutako lana, mimoz landutakoa beste behin, sortzeko akaso nahi baino pausa handiagoa izan duzue oraingoan.

Ursula Strong: Nahi baino gehiago ez, ez pentsa. Alde horretatik geratu gabe ibili gara hasi garenetik eta geldialdi txiki hori ondo etorri zaigu, txarra kenduta. Lasaiago sortzeko denbora gehiago izan dugu.

‘Eguzkiari itxoiten’ da A aldea irekitzen duen abestia, Niña Coyote eta Chico Tornadorena. «Ahal baino hobeak izaten gure izenak jakin gabe» diozue, onenak izan beharra dugu kosta ahala kosta.

Koldo Soret: Gure hitzak beti dira surrealista samarrak, baina pasa ditugun bi urte hauetan sentsazio berri eta arraroak izan ditugu. Dena erretzeko gogoz gaudela ere esaten dugu hor.

U.S.: Ez dakigu gauzez edo belarraz ari garen, baina erre behintzat.

Metaforiko samarra dela dirudi tituluak, nori ari zarete itxoiten?

U.S.: Metaforikoa baina ez, azken uda ez baitzen uda izan eta sekulako hotza pasa genuen. Letra orduan idatzi zuen Koldok eta kanpora joan nahi genuen, baina grabatzen ginenez, ezin kanpora irten. Hortaz, hemen egon gara eguzkiari itxoiten.

K.S.: Baina eguzkia izan daitezke beste hainbat gauza, independentzia esaterako, bigarren estrofan esaten baitugu, «gure sustraiak negarrez».

Segidan datorren ‘Sekurokrazia’-ren hitzak utzi berri gaituen Ioritz Apaolazarenak dira. Une gogorra ezbairik gabe zuontzako eta kulturaren bueltako beste hainbatentzat ere bai.

U.S.: Guretzako bandaren zati bat galtzea izan da. Oso gogorra izan da.

K.S.: Oso lagun mina da eta hasierako diskotik hitzak egin dizkigu, bideoak egiten lagundu digu, kontzertu pila batetara etorri da… Zuzeneko pare bat bideo ere grabatu zizkigun. Kolpe gogorra izan da, justu diskoa aurkeztera goazen une honetan gertatu delako, aurreko astean eta lehertuta utzi gintuen. Baina berarengatik aurrera jarraituko dugu eta inoiz baino ozenago kantatuko ditugu bere hitzak.

«Bertute bakarra obeditzea» esaten du bere azken hitzetan eta begira zer ikusten ari garen orain batean eta bestean.

K.S.: Azkenaldian gainera horretan gaude, denari baietz esaten. Nahieran maneiatzen gaituzte, baina beti egon da manipulazioa.

U.S.: Eta orain modu nabariago eta gordinago batetan. «Jakina, dena oso gaizki dago eta orduan baietz esan behar dugu…» Baina asko eta denari men egiten gabiltza.

K.S.: Okerrena da ez diogula aurre egiten. Leku guztietan mugak ditugu eta geroz eta gehiago. Honek itxura txarra dauka egia esan.

Kantu honetan jostari samar ibili zaretela iruditu zait, tartean txaloen samplerra.

K.S.: Nik uste disko hau zuzenekoan egiten dugunarekiko fidelena dela. Ia-ia ez dago gitarra estrarik, efektuak ere zuzenean horrela ibiltzen ditugu… Txaloen detailea oso ona eta xelebrea da. Hamazazpi urte nituenean lau pistako gailu batekin grabatzen nituen ideiak, oraindik ez genuen ordenagailurik ibiltzen, eta hor grabatzeko bateriak Alesis erritmo-kutxa mitiko bat erabiltzen nuen. Txaloak sartu nahi genituen, baina betikoak grabatu ordez, 80etako soinua duen erritmo kutxa hau nuela etorri zitzaidan burura eta erabili egin dugu.

U.S.: Oso ondo pasa genuen zati hori grabatzen.

Bateriaren soinuak ere hartzen du halako gorputz berezi bat eta zuzenean egurra ematen ikusiko zaitugu.

U.S.: Zikina da. Uste dut amorrutsuago gelditu zaigula.

K.S.: Nik esango nuke punkiagoa eta heavyagoa geratu dela diskoa.

Punkaren bueltan sortzen den kantua da ‘Erleak ahoan’ abestia, ezta?

K.S.: Kantuak egiten ditugunean badugu Motörhead buruan eta gure buruan horren bueltan sortzen da abestiren bat. Bateria azkarra, riff oso kolpetsuak esan dezagun… Esango dudanarekin akaso baten batek barre egingo du, baina gisa honetarako kantuak sortzerakoan Lemmy Kilmisterren ahotsa jartzen dut funtzionatzen duen edo ez ikusteko.

U.S.: Oso barregarria izaten da hori. Berez bateria jotzeko nahikoa gogorrak diren kantuak dira eta ni erdi-itota izaten naiz kantuak jotzerakoan eta hau tontolapikoarena egiten hasten da Lemmyrena egiten, entrenamendu bikoitza egiten dudala: barre egin eta bateria jo. Baina zuzenean ere askotan ematen dit barregura eta horrela entseatzea ondo etortzen zait.

Hiriaren eta gauaren magia aipatzen dira kantu honetan, baina nik ez dut Donostian irudikatzen kantu hori, beste nonbait kokatuko nuke. Ez dakit zuen kasua ote den.

K.S.: Edozein hiri izan daiteke, azkenean hiri handi batean esaten duelako.

U.S.: Baina Donostia ez da hiri handi bat, hortaz datu horrekin ezin da Donostia izan. Baina zazpi etxe dituen herri batekoa bazara, izan daiteke Donostia, bakoitzaren pertzepzioaren araberakoa da.

K.S.: Gure sorrera esan behar dugu San Franciscon izan zela, adibidez.

Hiriaren tamainagatik baino, gauaren ikuspegitik nindoan ni, naiz eta Donostian gaua ari den zabaltzen.

U.S.: Geroz eta gutxiago! Garai hobeak egon dira Donostian gauaz gozatzeko. Garai batean Donostiako edozein auzotan egin zenezakeen gaupasa.

Desberdin sentitzen denean, beti seinalatuta sentitzen da bat?

K.S.: Ez dakit erantzuten. Segun eta nola seinalatzen zaituzten.

U.S.: Batzuetan onerako eta bestetan kalterako, baina desberdin sentitzen da. Desberdina denak atentzioa ematen dut, baina ez dakit seinalatua sentituko den beti. Eta ez dakit hori ona edo txarra den.

Eta zeinek ditu erleak ahoan?

K.S.: Esaten du «zakur bat bezala bizi izan zara katuen erreinuan», hortaz, putakume batez ari gara. Asko daude. Eztia ezpainetan duena, itxura gozoa duena, baina gero ahoan erleak erasotzeko prest dituena.

Bi kantu instrumental ere egin dituzue, ‘Space Coyote’ eta ‘Oh Shinny Silver’, sekulako egurra dutenak. Aipatu duzue heavya eta niri hasierako heavy taldeak, Thin Lizzy bezalakoak etortzen zaizkit burura.

U.S.: ‘Shinny Silver’ nire bateriaren izena da eta 1971ko bateria da. Ez da zuzenean erabiltzen dudana e? Baizik eta entseatzeko eta grabaketetarako erabiltzen dudana. Heavy puska bat da eta iaz 50 urte bete zituen eta opari moduan kantu hori egin diogu.

K.S.: Beti jorratu izan ditugu kantu instrumentalak eta pila bat gozatzen dugu haiekin. Niri mikrofonoa alde batetara utzi eta riffetan sartzeko aukera ematen didate.

U.S.: Kontuan hartu bi garela eta ni eserita nagoela eta Koldo mikroari itsatsita egongo balitz, zerbait oso estatikoa litzateke. Hortaz, instrumentalek askatasuna ematen digute beste mugimendu bat emateko guztiari.

Kantuaren titulua kontuan izanda eta instrumentala denez, Ursularena dela esan dezakegu?

U.S.: Bien artean egiten ditugu abestiak, Koldok riffak asmatzen ditu eta nik, normalean, erritmoak. Baina lokalean hasten gara probatzen, jam sesioak egiten ditugu eta hortik probatzen joaten gara. Koldok kantuak egituratzen ditu eta ondo pasarazten digutenak gurekin geratzen dira eta laugarren aldirako aspertzen gaituztenak erretiratu egiten ditugu.

‘Oh Sunny Silverren’ badira soinu batzuk gitarrek sintetizadore itxura hartzen dutenak. Zuzenean gero hori nola egiten duzue?

U.S.: Flanger eta phaser artean galdutako soinuak.

K.S.: Baina bai, hasieran badago sintetizadore bat eta erdialdean bada gitarra estra bat ere.

U.S.: Ya estamos! Ez du ezer gehitu baina gero… Kar-kar.

K.S.: Hala ere zuzenean egiten dugunean moldaketak funtzionatzen du, batzuetan egin behar dira tranpa txikiak.

U.S.: Diskoetan ezin da ilea mugitu eta zuzenekoetan ezin dira gauza gehiago sartu. Bakoitzak berea.

‘No way’ kantua entzun ostean, halako lotura zelebre bat sortu zait. Aurreko lanean etorri zen ‘Azeri eta Herio’ eta orain Herio hizketan ari zaigula dirudien kantua ’Space Coyote’ kantuaren segidan dator. Loturarik bada?

U.S.: Bada ez dugu propio halakorik egin, baina zeinen polita geratu den.

K.S.: Bizitza digital batean sartuta gaude, nahiz eta hitzekin edozein gauza irudika daitekeen.

U.S.: Ez da herio, Apple eta Microsoft dira.

K.S.: Baina bai dola heriotzarekin lotuta, baina heriotza sozialarekin lotuta. Gure letrak horrela irteten dira eta bakoitzak irudika dezala nahi duena.

Zuzenekoetara begira, ez dakit hau ez ote den ‘Hit’ kutsua duen abestia.

K.S.: Oso gustukoa den kantua da guretzat, gainera baduelako erritmo dantzagarria. Iluna da, baina ez hainbeste.

U.S.: Hau da lehenengo diskoko argi izpia, bigarrenean bada argi mordo bat.

Estudioz aldatu duzue beste behin, oraingoan aspaldiko laguna duzuen Karlos Osinagarekin izan zarete Bonberenean eta abesten ere jarri duzue.

U.S.: Hiruek elkar noiz ezagutu genuen pentsatzen ere hasi ginen. Baina ez esan, oso zaharrak geratuko garela, kar-kar.

K.S.: Nik esango nuke 1998an edo 1999an ezagutu genuela elkar, Lisabö eta Mugatik taldeek elkarrekin jo genuenean Pasai Donibaneko gaztetxean.

U.S.: Nik hamasei urte edo izango nituen orduan. Beti elkarrekin zerbait grabatzekotan baina bat libre zenean besteok okupaturik eta alderantziz.

K.S.: Baina sekulakoa izan da, barre asko egin dugu, diskoan buru-belarri sartu gara hiruok, aguantatu gaitu, aguantatu dugu… Bost astez egunero 10-12 ordu lanean.

U.S.: Nik batzuetan siesta egiten nuen edota merienda bila joan, ez nituelako jasaten ia, kar-kar. Igerilekua bete eta guzti egin ziguten, nahiz eta egiten zuen hotzarekin ez ginen bainua hartzera ausartu!

Harkaitz Cano ere izan duzue hitzen egileen artean, ‘Tarántula’ hark idatzia baita. Gerra gainean dagoen honetan eta errefuxiatuak ahoz-aho dabiltzala, hegoaldetik datozen migratzaileen inguruan idatzitako abestia.

K.S.: Disko guztietan hartu du parte Harkaitzek eta honetan ere sekulakoa egin du. Oporretan zegoen, kanpoan, eta kantua bidali genionean esan zigun ahal bezain laster egingo zigula letra eta segituan bidali zigun hau. Niri hitzen kontua zenbat kostatzen zaidan eta berak zer nolako gaitasuna duen

Musikalki pausatua da, diskoa ixteko erabili duzue gainera. Arrazoiren bat bada azkenerako uzteko?

K.S.: Kantu hau esan daiteke nik bakarrik egin dudan bakarra dela, ordenagailuan grabatzen ditudan horietako bat. Beste diskoetan kantu pisutsuak egin ditugu eta hori gure nortasuna izan da, baina disko honetan erritmoak azeleratuagoak dira eta behar genuen desertu hori, hor oso eroso ibiltzen garelako.

U.S.: Nik oso gogoko dut poliki jotzea, espazioa uztea kolpe eta kolpe tartean. Horren dosi txiki bat ere nahi genuen disko honetan.

K.S.: Bukatzeko dotorea iruditzen zitzaigun blokea sartzea, harria, boom!

Baina gero guztia arintzen da eta horri buruz hitz egiteko ez dakit Niña Coyote eta Chico Tornado agurtu behar ote ditugun. Izan ere, alter egoa sortu eta Don Condor eta Ñora Alacrán agertu dira oraingoan. Nondik sortzen da guztia?

K.S.: Kristoren jolasa izan da eta oso ondo pasa dugu bai grabaketan eta baita bideoak egiten.

U.S.: Eta entzuten ere oso ondo pasatzen dugu!

K.S.: 2016an Mexikoko Guadalajarako festibal batean jo genuen eta bira hartan leku guztietan cumbia topatzen genuen. Baina kontzertu horretan bertan bazen halako pertsonaia berezi bat.

U.S.: Dick el Demasiado deitzen zen, adin pixka bat baduen Holandako gizon bat da, cumbia elektronikoa ziztatzen du eta sekulako erokeria da. Elkarrekin jo genuen eta flipatu egin genuen.

K.S.: Gero halako taberna batetara ere eraman gintuzten non denek tekila edaten genuen, tipo zahar bat teklatu batekin eta argi batzuekin cumbiak joz zebilen, eta esan genuen gure artean eta txantxa moduan cumbia talde bat egingo genuela. Garai hartan nik kantu bat egin nuen eta hortik hasi zen guztia.

U.S.: Gero konfinamendu garaian berriz ere cumbia irrati batetara kateatu ginen eta hor berriz ere har hori piztu zen eta hor hasi zen abentura hau.

Pentsatzen dut instrumenturen bat jotzen ikasi behar izan duzuela ezta? Edo aurretik etxean landutakoak dira?

U.S.: Pixka bat ikertu behar izan dugu, baina perkusioak jotzeko eran dantzatzen utzi eta dagokion tokira eramaten uztea izan da. Gero Koldok grabatu ditu gitarra, baxua eta akordeoia, baina lehendik bazekien jotzen.

Tapiak atera zuen soinu kromatikoa eta orain zuk, Koldo.

K.S.: Kasualitate hutsa izan da. Ni zazpi urterekin hasi nintzen esku-soinua jotzen, ikastolan bazen hori eta txistua ikasteko aukera eta nik biak ikasi nituen. Ganbaran gordeta egon da ordutik eta hogeita hamar urteren buruan atera dut berriz ere kutxatik. Kantuak egiten hasi nintzenean, esku-soinua sartzea, magia egiten zuen instrumentuak.

Estilo musikala ere bataiatu duzue, desert-cumbia-surf banda zaretela diozue, baina ongi jarrita dago, ‘Boom-boom’ abestiak guztia duelako. Etiketa zuek garatu duzue edo Karla Grezzirekin egin duzue hori?

U.S.: Guk geuk egia esanda, izan ere, entzutean zer da bada? Cumbia erritmoa eta gitarrak.

K.S.: Surfa ere asko entzun dugu eta rockarekin lotzeko modua izan da eta oso ondo funtzionatzen duena gainera. Cumbiaren oinarri erritmikoa perkusio eta baxuarekin, baina gero egiturak eta armoniak pop-rock edota surf estilokoak dira.

Dantza egitearen onurak aipatzen dituzue, baina abestu ere abestu du Ñora Alacranek. Maialen Lujanbioren hitzak dira eta badirudi Harkaitz Canorekin hitz egin duela, dantzak oinetako oinazeak aurretik aipatu dugun mugan arintzen dizkiela dirudi-eta.

K.S.: Bertsolari moduan, berak gaia eskatzen zidan. Cumbiako hitzetan beren herriaren nostalgiaz hitz egiten da, adibidez.

U.S.: Trapean nor den ‘txuloputagoa’ erakutsi nahi duten moduan, cumbian jende umila agertzen da eta beren nekazari giro umil horretatik abesten dute tradizionalki. Zortziko txiki bat zen eta Maialeni eskatzea bururatu zitzaigun. Bueltan letra jaso genuenean, ileak puntan jarri zitzaizkidan eta oraindik ere bai. Ez nuen abestu nahi, Koldok behartu ninduen, berak akordeoia jo behar zuela-eta.

Bada, txukun aritu zara eta akaso bide bat ireki da hor.

K.S.: Nik oso argi ikusten nuen berak egin behar zuela eta azkenean lortu nuen konbentzitzea.

U.S.: Letra horrek animatu ninduen egiari zor. Zaila da beste norbaiten hitzak esaten eroso sentitzea, baina oraingoan oso erraza izan da egia esanda.

‘Me gusta pistear’ kantuan, berriz, Mexikoko hizkera erabili duzue eta ‘Sin guarache’, ‘Cumbia del pantano’ eta ‘El niño la cometa’ kantu instrumentaletan akordeoiak pisu gehiago hartzen du. Azken horren titulua Dámaso Alonsoren poesia batetik dator?

K.S.: Ez, ez, nire anaiari eskaini diogun kantua da.

U.S.: Ezin du geldirik egon, bere izateko moduan horrela da. Beti gauzak egiten dago eta 50 urterekin kite surf egiten hasi da. Kotxean beti darama kometa, nahiz eta haizerik ez egon, badaezpada ere.

K.S.: Lanzaroten bizi da eta grazia egiten digu horrek guztiak eta txantxa moduan jarri diogu izenburu hori.

Lehendabiziko aurkezpen kontzertua Bilboko Santana 27 aretoan izan duzue, The Baboon Show taldearekin batera. Hasteko modu dotorea da gero!

K.S.: Erronka-zaleak gara. Berek proposatu ziguten Iberiar Penintsulan egin behar duten biran haiekin joateko eta Santiagon, Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen izango gara. Perfektua zen guretzat diskoa aurkezten genuen egun berean haiekin biratxoan izatea.

U.S.: Ondo egingo dugu!

Oholtzako denbora, justu samarra izango da ordea. Coyote eta Tornado bakarrik ikusiko ditugu edota Condor eta Alacrán ere bai?

U.S.: Momentuz Don Condor eta Ñora Alacrán ez dira biran aterako, Monterreyn daude.

Bada hor ideia bat bota duzu eta orain ea jendea Mexikon cumbia doinuak jorratuz zuen bira eskatzen hasten den! Ez litzateke txarrena ezta?

K.S.: Egingo dugu noizbait hori ere!

Anestesia taldearen ‘Hilobia lantzen’ kantuaren moldaketak merezi du hainbeste. Nola hartu zuten haiek?

K.S.: Maketa erakutsi genion Mikeli eta flipatu egin zuen. Konfinamenduan jende askok beren kantuen bertsio lasaiak eskatzen omen zizkieten eta ezin sortu eta orain hau entzunda asko gustatu zitzaion. Bere bedeinkapena jaso genuen eta aurrera! Gu Anestesiaren oso zaleak gara eta omenalditxo bat merezi zuten.

U.S.: Akaso Niña Coyotetik eginda oso ebidentea litzateke, haien kantu bat hartu eta mantsotu eta gure bidera eramanda, baina cumbia bat egitea sekulakoa izan da.

Orain arte burua astintzeko erabiltzen zena, orain akaso parrandan dantzarako erabiliko da.

U.S.: Edo gustuko duzun aldakara gerturatzeko.

Transmititu diguzuen energia positibo guzti hau banatu dezazuela datorren bira honetan.

Eskerrik asko!

Jaurlaritza Logoa