En directo

Ainara Rodriguez / Sara Iriarte
Entrevista
Oihana Goiriena
Pablo Gonzalezen bikotekidea

«Linbo antzeko batean gaude, aurrera nola egin ez dakigula»

Otsailaren 28an hartu zuten atxilo Pablo Gonzalez kazetaria eta etxe honetako kolaboratzailea Polonian, errusiar inbasioaren berri ematen ari zela. Egun bizi duten egoera sakonagotik ezagutzeko Oihana Goiriena, Pablo Gonzalezen bikotekidea izan da NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Linbo antzeko batean gaude, aurrera nola egin ez dakigula»

Loading player...
Oihana Goiriena, Nabarnizen joan den asteburuan egin zen elkarretaratzean.
Oihana Goiriena, Nabarnizen joan den asteburuan egin zen elkarretaratzean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Argiak baino ilunak izan dira nagusi Pablo Gonzalezen atxiloketan eta honen zergatien inguruan orain arte. Inor gutxik ulertu du hasieratik zeintzuk ziren bera atxilotzeko motiboak, eta gaur arte izan den desinformazioak ez du horretan askorik lagundu.

Ingurukoak «egoerari eutsi nahian» dabiltza, izan ere, oraindik ez dute lortu berarekin hitz egitea. Kontsulatuak, aldiz, lortu du kazetariarekin hitz egitea, eta aipatu zuenagatik, Fiskaltzak abokatuaren bisita ahalbidetzeko baimena eskatuko zuela aurreratu zuen; Oihana Goirienak esan du, ordea, oraindik ez zaiela heldu hitzordurik. Abokatuak nolabaiteko mugarria ere ezarri zuen asteazken honetarako, ez bazuen bisitarik lortzen Nazioarteko Gurutze Gorriaren interbentzioa eskatuko zuela, baina horretan ere ez da aurrerapenik egon.

Ingurukoek eta Pablo Gonzalezek egun bizi duten egoera uste zutenarekin alderatuta oso bestelakoa da, izan ere, «Pablok ez zuen atxilotuko zutenaren beldurrik, ezta errezelorik ere», Goirienak azaldu duenez. Gaineratu duenez, «bera lasai joan zen Poloniara. Gerra lehertu zenean bertara joango zela esan zuen, eta hala egin zuen».  

Han bertan zela, Gonzalezek izan zuen Poliziekin nolabaiteko hartu-emana, itzuli zen hona berriz eta Poloniara bueltatu zen horretan atxilotu zuten. «Hona etorri zenean, pentsatu nuen ea CNIkoek agertu eta azaltzen zidaten zer pasatzen zen, baina ez ziren agertu» adierazi du Gonzalezen bikotekideak.

Gonzalez ohituta dago gerra eszenatokiak kubritzen, esperientzia luzea du eremu horretan. Hala ere, «inoiz ez dira horrelako trantze batean» izan eta «inpotentzia handia» sentitzen dute. «Ez dakigu ezer. Ez dakigunez zein froga dituzten bere kontra, defentsa nola antolatu ere ez dakigu. Abokatua ez da egon oraindik berarekin. Linbo antzeko batean gaude, aurrera nola egin ez dakigula».  

Akusazioak larriak dira: espioitza egitea leporatzen diote, Gonzalezek Errusiarekin duen hartu-emanagatik izan daitekeela aipatzen da. Baina bere bikotekideak argitu du Errusiarekin duen hartu-eman hori familiarra dela, bera han jaioa delako. Hamar urteko kondena ezarri diezaiokete kazetariari, eta horren aurrean «ikara» sentitzen dutela dio. Hala ere, «arnasa eta animo apur bat» ematen die herrikideen babesa jasotzeak; Nabarnizen elkarretaratze jendetsua egin zuten pasa den igandean. Goirienak adierazi duenez, «ez da hemen ikusi hainbeste jenderik urteetan, eta eskertzen da. Babesa eta mezuak jaso ditut  alde guztietatik. Ni hemen ondo nago, babestuta nago; baina bakarrik dagoena Pablo bera da». 

Hala ere, azpimarratu duenez, soilik «bertako instituzioak» sentitu dituzte «gertu». Lakuako Gobernuko Kanpo Harremanetarako Idazkaritzatik etengabe deitu diote galdetzeko zer moduz dagoen eta zein pausu eman dituzten aipatzeko. Kontsulatutik ere jaso ditu dei gutxi batzuk. Bestelako instituzioetatik, berriz, ez du ezer jaso. 

Jaurlaritza Logoa