En directo
Aurtengo Emakumearen Nazioarteko Egunaren elkarretaratzeetan, mugimendu feministak zaintza jarri nahi izan du erdigunean. Emakunderen erakundearen datuen arabera, haurrak zaintzeko eszedentzia hartzen dutenen %95,3a emakumeak dira, eta beste senideak zaintzeko eszedentzia hartzen dutenen %82,2a bait ere.
Pandemiak agerian utzi ditu zaintza sistemaren gabeziak, eta horren inguruan hausnartuz, EmPoderArte AIMAk (Emakume Artisten Nazioarteko Elkarteak) erakusketa bat antolatu du 'Emakumeak eta Pandemia' izenburupean.
Elkarteak salatu duenez, COVID-19aren ondorioz emakume eta neskatoek jasaten duten diskriminazioa larriagotu egin da. «Genero ikuspegirik gabeko neurriak hartu zituzten itxialdirako» azaldu digu Miren Atxaga erakusketako komisarioak. Horrek ondorio larriak izan zituen, izan ere; «zaintza lanen lehen lerroan gu gaude, baina erabaki organoetan emakumeen kopurua ez da % 20ra iristen».
«Alkohola, bestelako droga gogorrak eta pornoaren kontsumoa areagotu egin zen eta horrek indarkeria handiagotu egin zuen» Horren inguruan hausnartzeko, arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak erabiltzen dituzten 54 emakume artistaren lanak bildu ditu erakusketak. Danimarka, Alemania edo Mexikoko artistak gonbidatu dituzte, «Kolonbiako obra bat bidean dago» kontatu digute.
Artista bakoitzak egoeraren interpretazioa egin du, eta mota guztietako obrak daude erakusketan. «Zurrunbilo baten barruan jarraitzen dut eta eskulturak hori irudikatzen du» azaldu digu Arantza Munita artistak. Erakusketa martxoaren 8an inaugura zuten eta apirilaren 23ra arte egongo da ikusgai, Tolosako Aranburu Jauregian.