En directo
Disko batzuen izenburuek ez dute gauza gehiegirik esaten, beste batzuek berriz esanahi handia izaten dute musikarientzat. Birkite Alonsok, Birkitek, 'Inertzia' izena jarri dio 2021eko amaieran argitaratutako diskoari.
Azken bost urteetan ikasitakotik abiatuta sortu du azken lan hau. «Ikasi dut bizitzak berak ekartzen dizula behar duzuna, behar duzun momentuan», eta hori emozio bat, lan aukera bat, esperientzia bat edo pertsona bat izan daiteke. «Batzuetan hor geratzen dira zurekin, besteetan funtzio bete bezain laster desagertzen dira; hor dago magia» azaldu digu Alonsok.
Birkit proiektua aldatuta dator, Birkite Alonso bera asko aldatu delako. Musikalki, beti ondo inguratuta ibili den arren, taldekideen babesa du orain, Mikel Palenzuela, Patxi Agirre eta Ilargi Agirre. «Dinamika desberdina da orain, eta nahiz eta disko iluna dela esaten didaten, argiagoa da, landuagoa» aitortu digu.
Letrei dagokienez, askatasun aldarrikapen bat egiten du Birkitek. «Aurrez espero nuena ez da gertatu nahi bezala, eta nire esparru pertsonal zein musikalari eragin dio horrek», baina ustekabe hori hartu, eta sormen bilakatu du; «Frustrazio horren onarpena da 'Inertzia', eta frustrazioa onartzearen ikasketa. Bizitzan ezin duzu zeure buruari proposatzen diozun guztia bete, nahiz eta lan egin».
Bere ibilbideaz, amatasunaz, bikote harremanez eta musikaz aritu gara Bigarren Kafean.