En directo

Umeen «interes eta nahietan» oinarritutako parke bat eraikiko dute Donostian

Intxaurrondon kokatuko da Sorleku parkea, Alubi elkarteak inguruko haur zein auzokideekin proiektua garatzeko prozesua amaitu ostean. Idoia Moreno eta Larraitz Esnaolak «haurren partaidetza bultzatzea» dute xede, «guztiontzat izango den herria sortzeko».

Audio_placeholder

Umeen «interes eta nahietan» oinarritutako parke bat eraikiko dute Donostian

Loading player...
Idoia Moreno eta Larraitz Esnaola, Alubi elkarteko kideak
Idoia Moreno eta Larraitz Esnaola, Alubi elkarteko kideak (Naiz Irratia)

Donostian, Intxaurrondon, parke berri bat eraikiko dute, haurren eta bizilagunen iritziak bilduta. Azken urteetan asko hitz egiten da herritarren parte hartzeaz, bada, hala gauzatu du proiektua Alubi elkarteak.

Sorleku parkea Marrutxipiko Dbusen garaje handiaren azpian dagoen lursailean egingo dute, erabilerarik ez duen eremuan. Alubi elkarteak pandemiaren aurretik abiatu zuen inguruko haur zein auzokideekin proiektua garatzeko prozesua, eta pandemiarekin geldirik egon bazen ere, Donostiako udalak gaia berrartu zuen iaz eta 400.000 euroko partida bat gorde. Orain, proiektua udalaren mahai gainean dago.

Alubi elkarteko Idoia Moreno eta Larraitz Esnaolak Naiz Irratian azaldu dute betidanik erabilerarik gabe ikusi duten eremuan parke bat sortzea pentsatu zutela, baina ez edonola, haurren hitza entzunez baizik.

Elkarte honen helburua haurren partaidatza bultzatzea da, «guziontzat izango den herria sortzeko». Gaur gaurkoz, umeei zuzenduriko espazioak diseinatzerakoan umeen hitza ez dela haintzat hartzen uste dute. Esnaolaren esanetan umeen nahiak ezagutzeko, umeekin hitz egiten eta umeei entzuten ikasi behar dute helduek.

Parkeak egon badaude Donostian, azken urteetan hobetu egin dira maila batean baina oraindik ere aniztasunean eta umeen interesak haintzat hartuz parkeen diseinua hobetu egin behar dela uste dute Esnaola eta Morenok.

Hitzetatik ekintzetara, Intxaurrondon eraikiko den parke berri hau diseinatzeko prozesu parte hartzaile bat gauzatu du Alubi elkarteak. Pozik daude Moreno eta Esnaola lortutako emaitzarekin eta prozesua berarekin.

Donostiako udalak esku artean du jada Sorleku parkea eraikitzeko Alubi elkarteak osatu duen proiektua. Udalaren jarrera baikorra izan dela diote bi gazteek, nahiz eta instituzio publikoetan maiz kudeaketak motel joaten diren eta horrek pazientzia eskatzen duen.

Umeen iritzia ez ezik parke berriaren inguruko bizilagunen hitzak ere bildu dituzte. Parte hartzea da, beraz, egitasmo honen funtsa, eta parte hartzeak duen balioaz galdetuta argi dio Morenok, parte sentitzea dakar, eta zerbaiten parte sentitzen garenean zaindu egiten dugu.

Jaurlaritza Logoa