En directo
Unai Fanoren kasua izan zen lehenbizi, Jon Cresporena berriki, Espainiako Auzitegi Nazionalak orain Iñigo Gutierrez preso algortarraren hirugarren gradua bertan behera utzi du eta espetxera itzuli beharko du. Hiru aste zeramatzan kalean, Espainiako Espetxe Zuzendaritzak hala erabakita.
NAIZek eskuratu ahal izan duen ebazpenean Auzitegi Nazionalak barkamen eskari zehatzik ez dela egon esanda argudiatzen du bere erabakia. Legez jaso gabeko eskaria, baina Auzitegi Nazionalak lehenbizi Cresporekin eta orain Gutierrezekin baliatu dutena.
Izadi Gurasoekin Etxera plataformako Itxaso Torregrosak NAIZ Irratian adierazi du albiste «gogorra» dela eta «saminduta, kezkatuta eta haserre» daudela. Izadiren ama Maria Lizarragak espetxean jarraitzen du eta Iñigo Gutierrezek espetxean pasatzen ditu gauak. «Esaten ari ginen ez zela nahikoa, Iñigok gauak espetxean pasa behar dituelako eta Izadik ama ere behar duelako, hori gutxi ez eta aita berriro espetxeratuko dute, ulergaitza da, amorru handia dugu, Izadirengan pentsatzen ari gara une oro».
Torregrosak azaldu du Gutierrez kezkatuta dagoela eta ez dakiela noiz espetxeratuko duten berriro. Momentuz, astelehen gaua espetxean pasa eta astearte goiz honetan irteten utzi diote. «Iñigok dio etengabe alaba duela buruan, Izadik bera behar duela, baina berriro utziko dutela ama eta aita gabe».
Plataformak ez zuen espero halako erabakirik hain azkar. «Bagenekien Fiskaltzak hirugarren gradua errekurritu zuela, badakigu zer amorru gose duten, baina prozesu hauek hiru edo lau hilabetez luzatzen dira». Gainera Gutierrezi kondena amaitzeko bost hilabete falta zaizkiola eta umearen tutoretza duela kontuan izanda, ez zuten espero Izadi ama eta aitarik gabe utziko zutenik. Torregrosak aurreratu du elkarretaratzeak deituko dituztela aste honetan hiru urteko haurrak «ama eta aita behar dituela» aldarrikatzeko.