En directo
Egindako kantuak formatu berrietara egokitzearen bidetik sortu da Iñaki Dieguez Acoustic Trio. Iñaki Dieguez akordeoijole irundarrak formatu handiagoetarako egin eta grabatutako abestiak biluztu eta azalberritzeaz arduratu dira Dieguez berarekin batera, Angel Unzu gitarrarekin eta bouzoukiarekin eta Iker Telleria perkusioarekin. Dieguezek askatasuna eman die beste bi musikariei beraien instrumentuekin abestiak janzteko eta «proiektuari zegokion soinua bilatzen ahalegindu direla» adierazi du Iker Telleriak. Folkloretik hurbil dauden estiloak, inprobisaziorako bidea ematen duten jazza bezalako estiloekin uztartu dituzte.
2008an ‘Cirque du Soleil’ ikuskizunean hasi zen musikari bezala lanean Dieguez. Ia hiru urte iraun zuen esperientzia izan zen eta «mundu osoko musikari oso onekin» jarduteko aukera izan zuen irundarrak. Munduko txoko ezberdinetan euskal musikak sortzen duen harridura azpimarratu du Dieguezek. «Musikari handi haiek akordeoia ezagutzen zuten baina fandango bat jotzen entzuten nindutenean erabat harrituta geratzen zirela». Estatu Batuetan, Kanadan eta Hego Korean ibili ostean, etxera itzultzeko erabakia hartu zuen eta han pilatutako esperientziekin beteriko motxila ere berarekin ekarri zuen. Bizitako guzti horren azaleratze bat izan zen handik bueltan ateratako ‘Birak’ diskoa.
Musika ikuskizun soilaz gain, Oinkari dantza taldeko kideen parte hartzea ere badu Iñaki Dieguez Akustic Trio emanaldiak. Bi dantzariren parte hartzea izaten dute emanaldietan eta abestien gainean egindako koreografiekin aberasten dute emanaldia.
Otsailaren 11n, ostirala, kontzertua dute Donostiako Imanol Larzabal kultur etxean 19:30ean. Bigarren Kafean bi sarrera bikoitz ditugu entzuleen artean banatzeko. Zozketan parte hartu nahi dutenek Bigarren Kafeko Instagramean jarri dugun storiko galdera erantzun behar dute lehenik eta storia bera erantzun testu bidez, ‘sarrera’ hitza jarrita. Otsailaren 9an benatuko ditugu sarrera horiek.
Iñaki Dieguezekin eta Iker Telleriarekin izan gara Bigarren Kafeko elkarrizketa akustikoetan.