En directo

Naiz Irratia

Garcia eta Santin: «Olatu honi aurre egiteko neurri estetikoak ez, eraginkorrak behar dira»

Hego Euskal Herriko erakundeak pandemiaren joera baikorraz mintzo dira azken asteotan. Baina, Koldo Garcia eta Izortze Santin zientzialarien esanetan, ezin da oraindik bilakaera baikor hori baieztatu. Danimarkan, esaterako, kutsatzeak igotzen ari dira berriz ere eta «zuhurtzia» eskatu dute.

Audio_placeholder

Garcia eta Santin: «Olatu honi aurre egiteko neurri estetikoak ez, eraginkorrak behar dira»

Loading player...
Iruñeko establezimendu bat, covid pasaportea eskatzen duen kartelarekin.
Iruñeko establezimendu bat, covid pasaportea eskatzen duen kartelarekin. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Baikorra izatea gustatuko litzaieke Koldo Garcia eta Izortze Santin zientzialariei, baina datuak aztertuta ezin dute hori esan. Ospitaletako datuak egonkortu diren arren, Europako beste herrialde batzuez ohartarazi du Santinek. Danimarkan omikronen oldarraldia lehenago hasi zen, eta duela aste batzuk datuek hobera egin zuten. Kontua da orain berriz gorantz doazela kutsatzeak; beraz, «zuhurtzia» eskatu du.

Positibo tasa gorantz doa Hego Euskal Herrian ere, eta berriki Ipar Euskal Herrian jasotako datuak «oso txarrak» izan dira. Bi zientzialarien iritziz, «momentu gogorrak» egongo dira oraindik datozen bi asteetan.

Neurriekin «etsita»

Garcia «etsita» agertu da erakundeek hartzen dituzten neurriekin. Ez du uste eraginkorrak direnik, berarentzat gehiago dira zerbait egiten ari direnaren «itxura emateko». Santinek gehitu du nahasmen honen erdian kutsatzeak eteteko neurriak hartu behar direla eta ez musukoa kalean erabiltzea edo covid pasaportea bezalako neurriak, «eraginkorrak ez direnak».

Espainiako Osasun Batzordeak hartutako erabakiaz, alegia, txertoa hartu eta kutsatu diren herritarrei hirugarren dosia jartzeko gomendioa kutsatzetik bost hilabetera luzatzea, begi onez hartu dute, oinarri zientifikoen gainean hartu delako.

Hirugarren dosiaren inguruan, Santinek zalantza du biztanleria osoarentzat arrazoizkoa ote den.

Jaurlaritza Logoa