En directo
Zaila da egoera pandemikoari tamaina hartzea egunez egun, eta are zailago adituak ere neurria hartu ezinda entzuten ditugunean. «Ez dakigu zein den egoera momentu honetan. Ez naiz gai inolako analisirik egiteko», entzun dugu Koldo Garcia zientzialaria NAIZ Irratiko tertulia zientifikoan.
Bizi dugun oldarraldiak goia noiz jo dezakeen zaila dago aurreikustea, luzerako joko duela dirudi. Horregatik sortzen dute zalantza Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak egoeraz esan dituenak. Izan ere, covid-19a gripe baten antzera baloratzen hasi beharko genukeela adierazi du Sanchezek.
Izortze Santin zientzialariak dio, ordea, «mezu arriskutsua» izan daitekeela aintzat hartuz covid-ak jendea erietxetara eramaten duela eta heriotzak egoten ari direla. «Azkarregi joaten ari dira», esan du.
Gainera, Osasunaren Mundu Erakundeak esan du goizegi dela coronavirusa gaixotasun endemiko gisa tratatzeko eta kutsatuen jarraipena indartzeko deia egin du. Bide horretatik, Garciak gogorarazi du egoera endemikoa izateak ez duela esan nahi arriskurik ez dagoenik.
Hurrengo bi hilabeteetan europarren %50 inguru kutsatuko dela aurreikusi du; horregatik haserre mintzatu da Santin: «Distopia batean bizi gara. Ebidentzia zientifikoa alde batetik doa eta arduradun politikoen erabakiak beste alde batetik».
Autotest, autoisolamendu, autozaintza eta autobaja garaian bizi gara, eta zientzialariek diote hori «akatsa» dela. Gainera, haien ustez, eguneroko datuak kontatzeari uztea arazo bat da, horrek are gehiago zailduko baitu eraginkortasuna duten neurriak hartzea. Horrek dakar neurri batean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntzaren esparruan hartu dituzten neurri batzuei «zentzurik ez» ikustea, adibidez, «eskola kirola bertan behera utzi izanari».
«Noraezean gabiltza. Neurriak hartzeko momentuan, politikariek haien aholkulariek esan dietena kontuan hartzen dute, eta profesionalen iritzia alboratu dute. Zientzia alboratu dute. Bi urteetan ez dute ezer ikasi, eta hau egoera hau etsigarria da», esan du Santinek.
Urteko lehenengo 5 egunetan 50 euskal herritar hil direla gogoratu du Garciak. «Hau ez da txantxa bat, hemen jendea hiltzen ari da eta honi aurre egin behar zaio. Onartzen ari garen prezioa ez da onargarria», esan du.