En directo
Zazpi euskal preso Euskal Herriko kartzeletara ekarriko dituzte epe laburrean, eta horietako bi dira Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez, Izadi txikiaren gurasoak. 3 urte beteko ditu aurki txikiak, eta bere izena daraman plataformak hilabeteetan salatu duenez, gurasoendandik banatzeko arrisku betean dago, espainiar espetxe legediak hala jasotzen duelako.
Aitari, baina, hirugarren gradua ere baimendu diote, eta horrek espetxera lotara bakarrik joan beharreko betekizuna ezarriko dio; ikuskizun dago oraindik nola aplikatuko duten, ordea: «Ez dakigu praktikan zer suposatuko duen, Izadik aitarekin egon ahalko duen, ama ikusiko duen... galdera asko daude oraindik erantzuteko», zehaztu du Itxaso Torregrosak, Izadi gurasoekin etxera plataformako kideak.
Nabarmendu du oso modu berezian jakin dutela albistea, Aranjuezko espetxera bidean zirela hain juxtu; Izadik egun batzuk pasa ditu Euskal Herrian, eta hara bidean zirela «Covid kasu positibo baten» berri izan eta ostera atzera buelta egin behar izan du txikiak «aitarekin eta amarekin egon nahi zuela» esaten zuen bitartean. Oso egoera «gazi-gozoa», Torregrosak nabarmendu duenez.
Izan ere, bere kasik 3 urteko bizitza laburrean oso egoera berezia bizitzea suertatu zaio txikiari: «Pandemiaren lehen urte pasatxoan ez zuen aita ikusi, baina azken hilabeteetan familien moduloan egon ahal izan dira hiruak elkarrekin eta aitarekin egon ahal izan du». Baina amarekin 24 orduak pasa izan ditu jaio zenetik, eta akaso ezin ikustera pasako da: «Motxiladun haurrek Covidarekin beti dute airean gurasoekin egoteko eskubidea, hala gertatu zaie dozenaka haurrei azken hilabeteetan eta beldurgarriena da Izadiri berdina pasako zaiola bere amarekin». Honi gehitu behar zaio txikiak egokitze-prozesu sakona egin beharko duela egoera aldatzen ez bada, espetxean bizitzetik, ingurune berri batean bizitzera, beste pertsona batzuekin bizitzera pasako delako.
Eskaera Lakuari
Torregrosak dio argi geratu dela «espetxea erdibidean dagoen bitartean haurrek ez dutela euren gurasoekin normaltasunez egoteko eskubiderik». Uste dute «Mariak ere Izadirekin kalean» egon behar duela, eta horregatik Lakuari eskaera luzatu diote eskuhartu dezan: «Jaurlaritzarekin izan ditugun harremanetan adierazi digute bestelako espetxe politika egin behar zela haurren beharrak erdigunean jarrita; orain da momentua».