En directo

NAIZ Irratia

«Osakidetzak pandemia aitzakia bihurtu du herritarrei osasun publikorako sarbidea oztopatzeko»

Lehen Arretak protesta eguna du, Osakidetzan bizi duten egoera «jasanezina» salatzeko. Osakidetzak punta-puntakoa izaten jarraitzen badu «langileen ahaleginari esker» izango dela dio Amaia Mayor Satseko kideak Urkulluri erantzunez.

Audio_placeholder

«Osakidetzak pandemia aitzakia bihurtu du herritarrei osasun publikorako sarbidea oztopatzeko»

Loading player...
Protesta Bilbon, Osakidetzaretzat baliabide gehiago eskatzeko. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Protesta Bilbon, Osakidetzaretzat baliabide gehiago eskatzeko. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun zentroetan mobilizazioak egin dituzte ELA, LAB, UGT, CCOO eta Satse sindikatuek, iritzita pandemiak eta honen kudeaketak errematea eman diola lehendik ere egiturazko arazoak zituen zerbitzuari.

Satseko Amaia Mayor NAIZ Irratian izan da eguerdian egin dituzten protesten aurretik eta salatu du gaur egungo Osakidetzako lehen arretaren egoera «jasanezina» dela herritar eta langileentzat. «Pandemiak are gehiago tenkatu du asistentzia maila horren egoera, baina Lehen Arretako arazoak zaharrak, sakonak eta egiturazkoak dira», agertu du.

Deitoratu du, halaber, Osakidetzak pandemia baliatu duela murrizketak egiteko eta herritarrei osasun publikorako sarbidea oztopatzeko. Plangintza, inbertsioa eta langileak sustatzea falta dela iritzi du, eta horregatik osasun langileek «izugarrizko lan karga» pairatzen dituztela.

Puntakoa bada, langileengatik da

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak berriki esan du Osakidetzaren osasun sistemak «puntakoa» izaten jarraitzen duela eta pandemiari aurre egiteko baliabide nahikoa dituela, baina Mayor ez da ados agertu adierazpenokin: «Guk 2019an hiru greba egun deitu genituen egoera larria salatzeko eta Osakidetzak ez du ezer egin egoera hobetzeko. Erantzun gisa, bakarrik Lehen Arretako estrategiaren dokumentua aurkeztu zuen. Dokumentu okerra eta guztiz eskasa izan da eta ia ez dituzte gure ekarpenak kontuan hartu».

Denborak osasun langileei arrazoia eman diela baieztatu du Satseko ordezkariak. Bi urte pandemian eman ostean, osasun langileak «lur jota» daudela esan du, egoeraren hobekuntzarik ikusten ez dutelako. «Puntakoak bagara, langileen ahaleginari esker izango da. Profesionalak dira puntakoak, ez sistema», gaineratu du.

Errepikatu du Osakidetzaren arazo larrienak direla langileen lan-karga, prekarietatea eta langileen falta. Are gehiago, agertu du, urriaz geroztik txertaketa hasi zenean eta aztarnarien kontratuak amaitu zirenetik.

«Osakidetzak ezezkoa ematen die proposamen guztiei, ez dago benetako negoziaziorik. Momentu honetan, Satseren salaketaren harira, epaileak arrazoia eman digu, Osakidetza kondenatu du bere hitza ez betetzeagatik eta enplegua ez egonkortzeagatik».

Eskatu du, beraz, inbertsioa handitzea, langileak ordezkatzea eta lanpostu berriak sortzea.

Jaurlaritza Logoa