En directo

Naiz Irratia

Ainize Gurrutxaga [erizaina]: «Larriak ez diren kontsultak atzeratu... baina zeintzuk dira?»

Zestoako osasun zentroan da erizain Ainize Gurrutxaga. Egunerokoan bizi duten errealitate gordina ekarri digu Naiz Irratira, batzuetan zauria sendatzen ari zatzaizkion pazienteari begietara begiratzeko astirik ere ematen ez diena. Bizi duten egoeraren argazkia osatu du gurean.

Audio_placeholder

Ainize Gurrutxaga [erizaina]: «Larriak ez diren kontsultak atzeratu... baina zeintzuk dira?»

Loading player...
Euren lanak kasik alde batera utzi eta pandemiatik eratorritako lanak ari dira egiten erizainak. (Jon URBE/FOKU)
Euren lanak kasik alde batera utzi eta pandemiatik eratorritako lanak ari dira egiten erizainak. (Jon URBE/FOKU)

Osakidetzak larritasunik ez duten kontsultak atzeratzeko hartu duen erabakiak zeresana ekarri du; osasun profesionalek ez dakite horrek egoera arinduko duen, hala esan digu Zestoako osasun zentroan erizain den Ainize Gurrutxagak. Baina gauza bat argi du: «Lehen arreta larrialdiak baino askoz gehiago da».

Lehen Arretaren egoerak pandemiaren aurretik ere kezkatzen zituen osasun profesionalak. Eta kezka hori ez da areagotu besterik egin pandemiarekin. Bere momentuan eurenak propio ziren lanak alde batera utzi behar izan zituzten egoerari erantzuteko, eta bi urte geroago hala segitzen dute. «Kontua da geroz eta langile gutxiagorekin ari garela arreta eskaintzen». Galdera ere luzatu du: «Ni ez naiz kudeatzailea, ni erizaina naiz. Baina ez al dago hau beste modu batera antolatzerik?». Zentzu horretan, duela bi hilabete eskas kaleratu zituzten aztarnariak Lehen Arretara bideratuta egoera aise hobetuko litzatekeela uste du: «Beste eremu batzuetan ikusi da protokoloak jarraituta edonork egin dezakeela aztarnari lana. Zergatik ez horiek kontratatu eta gu gure ohiko lanetara bideratu?». 

Ezen aztarnari lanak egiteaz gain, txertaketa lanetan ere jardun dira erizainak hilabeteotan. Antza denez aurki haurren txertaketa ere gehitu zaie eginbehar horietara. Momentuz ordea ez dute horren berririk. Informazio gabeziaz kexu mintzatu da Gurrutxaga. «Niri kontsultara pazienteek ekartzen didate informazioa». 

Euren onena ematen ari direla jakinda, dituzten baliabideekin Zestoako erizainak esan digu bere «agendak» ez duela «reflejatzen eskaintzen duen arreta»; ahal den neurri handienean pazinteak laguntzen saiatzen dela dio. Hori kalitatezkoa ote den, «seguruenik hobea» izan zitekeela nabarmendu du Gurrutxagak, askotan ez dutelako zauria sendatzen ari zatzaizkion pazienteari begietara begiratzeko astirik ere.

Jaurlaritza Logoa