En directo

NAIZ irratia

[37] Aiton-amonei ipuinak konatzen! Hori bai plazerra!

Ixabel Agirresarobe usurbildarrak asko daki ahozkotasunaz. Formazioz, aktorea da, Donostiako Antzerki Eskolan ikasi zuen, eta bitartean ipuin kontalari moduan hasi zen. Kale antzerkian ere trebatu zen HankaGorri eta Gorringo taldeekin.

Audio_placeholder

[37] Aiton-amonei ipuinak konatzen! Hori bai plazerra!

Loading player...
Ixabel Agirresarobe ipuin kontalaria.
Ixabel Agirresarobe ipuin kontalaria.

Transkripzioa:

Ioar:
Ba al zatoz?

Ander:
Berehala noa, bai.

Ioar:
Egun on, Ander.

Ander:
Baita zuri ere, Ioar. Barkatu apur bat berandutzea.

Ioar:
Garaiz iritsi nahi nuke medikuarengana.

Ander:
Astia daukagu, baita aurretik kafe bat hartzeko ere.

Ioar:
Hain da ipurterrea nire sendagilea!

Ander:
Zuk esanda dakit, mediku lanak daukan karga ez dela dirudien bezain astuna.

Ioar:
Ez dizut horrelakorik sekula esan.

Ander:
Oker nabil orduan? Hiru egun daramatzazu zure sendagileaz hizketan. Diot nik, gaur bukatuko zaizula erretolika.

Ioar:
Bizkorrago gida dezakezu, mesedez?

Ander:
Abiadura mugaren gainetik goaz. Urduri zaude. Irratia ipiniko dut, ea zer berri dakarren.

 

AUDIOA - IXABEL AGIRRESAROBE


Ioar:
Nik ezagutzen dut hizketan diharduen andre hori.

Ander:
Nor da ba?

Ioar:
Ixabel Agirresarobe. Usurbildarra dela esango nuke.

Ander:
Ze belarri ona daukazun! Nik ere badakit nor den, baina ez dut ahots hutsez ezagutu. Hanka Gorri eta Gorringo antzerki taldeekin ibiltzen zen Agirresarobe.

Ioar:
Aktorea da, baina ipuin kontalaria ere bai. 30 urte inguru badaramatza horretan.

Ander:
Hainbeste bai?

Ioar:
Adin nagusiko jendeak memoria landu dezan, herrietara ipuinak kontatzera joaten dela esan du. Baina badakizu zer uste dudan nik?

Ander:
Aitona-amonen ipuinak entzutera joaten dela.

Ioar:
Horixe! Herri txikietako jende nagusia beti euskaraz bizi izandakoa da, eta umetan haien aitona-amonen kontuak aditutakoa.

Ander:
Jabetzen naiz, bai, noizko kontuak jakingo dituzten. XIX. mende bukaerakoak ere bai, akaso.

Ioar:
Ahozko kulturaren altxor ibiltariak dira. Ederki daki hori Ixabel Agirresarobek. Ipuinak kontatzen dizkie, haien memoria zirikatzeko eta haien kontakizunak askatzeko.

Ander:
Polita izango da zer kontatzen duten entzutea; baina nola esaten duten... miragarria, ezta?

Ioar:
Beraien esperientziak, sentimenduak, pentsamenduak, oroitzapenak..., denak euskaraz biziak eta osatuak izan dira. Arraina uretan eta txoria hegan bezala mintzatzen dira euskaraz.

Ander:
Nire lagun batek esaten du gustura entzungo lukeela antzinako idazleen arteko solasaldi bat. Tolosako jatetxe batean afaltzen irudikatzen ditu Jose Eizagirre, Orixe eta Lizardi.

Ioar:
Barkatu, Ander; astiroago gida dezakezu, mesedez?

Ander:
Astiro orain?

Ioar:
Irratiko elkarrizketa bukatu baino lehen iritsiko gara bestela.

 

AUDIOA - IXABEL AGIRRESAROBE

 Ioar:

Ixabel Agirresarobek ipuin liburu bat argitaratu zuen: Amona Tomaxa eta sagarra.

Ander:
Ziur zaude izenburu hori daukala?

Ioar:
Bai, bai. Mattin marrazkilariaren ilustrazioekin.

Ander:
Ba orduan badu beste liburu bat. Izena du Amona Tomaxa eta gizandia. Eta horrek ere Mattinen irudiak dakartza.

Ioar:
Nik esaten dudana ume txikientzat egindakoa da. Testu laburra du, eta letra larriak.

Ander:
Nik ezagutzen dudana ez da haur hain txikientzat.

Ioar:
Zer kontatzen du?

Ander:
Baserri batean bizi da amona Tomaxa. Artzaina den lagun bat du. Udaberrian ahuntz taldearekin mendira joatekoa da artzaina, baina errekako zubian gizandi bat egoten da, parean harrapatutako guztia osorik jaten duena.

Ioar:
Listo, Ander, iritsi gara. Zer umore ote dauka gaur medikuak?

Ander:
Kontatu egiozu, haurra zinenean nor zen eta nolakoa zen zure sendagilea.

Ioar:
Zer lortuko dut horrekin?

Ander:
Aitzakia bat edukiko duzu, zure medikuari galdetzeko nolakoa zen haur garaiko bere sendagilea.

Ioar:
Beldurgarria izango zen.

Ander:
Parean harrapatutako gaixo guztiak osorik jaten zituena!

Ioar:
Eskerrik asko, Ander. Bihar arte.

Ander:
Adio.

Ioar:
Aizu, gauza bat: Orixe, Lizardi eta halako idazleen ahotsen grabaziorik ba al dago?

Ander:
Ez.

Ioar:
Pena da.

Epilogoa - Beti ikasten

Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
Aditz trinkoa edo sintetikoa.
Euskaraz badira aditz batzuk, osagai bakarraz esaten ditugunak.
Adibidez: etorri, joan, ibili, egon, eduki, eraman, ekarri, jakin, iruditu, esan.

Ioar:
Solasaldiaren lehen zatian aditz horien forma trinkoak erabili ditugu:


—Ba al zatoz?
—Berehala noa.
—Astia daukagu.
—Zuk esanda dakit.
—Ez da dirudien bezain astuna.


Ander:
Gehiago ere esan ditugu:

Oker nabil?
—Hiru egun daramatzazu zure sendagileaz hizketan.
Diot nik, gaur bukatuko zaizula erretolika.
—Abiadura mugaren gainetik goaz.
—Urduri zaude.
—Irratia ipiniko dut, ea zer berri dakarren.

Hemen entzun dezakezu NAIZ irratian Ixabel Agirresaroberi egindako elkarrizketa

Jaurlaritza Logoa