En directo
Trena eraikitzen ari ziren garaiko western bat gogoratzen du diskoaren sarrera ematen duen ‘Lokomotoraren arnasa’ kantuak. «Kepa Txoperenari bururatu zitzaion introa, hori da berak egindako oparia. Diskoa indartsu hasi nahi genuen», esan digu Estitxuk ‘Isilik daude harriak’ aurkezten hasi zaigunean.
Gramofonoan irakatsi zigun zentsura zeinen presente izan den musikan eta gai hori izan du ardatz lan berria egiterakoan Berako musikariak: «Gramofonoa zentsuraren bueltan ibili zen iazko urtean. Banuen kezka bat zentsuraren inguruan, adierazpen askatasunak izan dituen traba guztiak bitarteko. Dokumentazio aldetik sekulako lana izan zen eta 500 abesti baina gehiago entzun nituen zentsuratu edo debekatuak izan zirenak. Zentsura lau multzotan sailkatu dugu: politikoa, erlijiosoa, morala eta soziala. Eta lau horietatik lehenengoarekin, sexualitatea bezalako gai ‘inmoral’ batekin, hasten dugu diskoa».
Diskoko liburuxkan azaldu ditu zentsuraren inguruan kantu bakoitzak izan zituen gorabeherak. «Hauxe Jethro Tullen kantua da eta elizak jarri zion zentsura abesti honi. Salbazio armada deituriko sektakoa zela esan zuten haien musika eta beren liderrak onartzen zuen gai hauekin sartzen zirela, baina eliza jainkoaren eta gizakien arteko erlazioan traba egiten zuen erakundea zela salatzeko nahiarekin egiten omen zuten».
‘Ehiza-zakurra’ abestian sentsualitatearen kontua dago puri-purian baina ez da hori izan zen zentsura jasan izanaren eta, ondorioz, Estitxuren diskoan sartu izanaren arrazoia: «‘Hound dog’ kantua Big Mamma Thorntonek kantatzeko sortu zuten, baina Elvis Presleyk abestutakoan egin zen ezagun. ‘Whitewhasing’-a dago honen atzean eta hori askorentzat zentsura eredua izan zen. Elvisek Chuck Berryren kantu asko bere egin zituen, esaterako. Baina izatez beltzen tabernetan, beltzen artean ezagun egiten zen musika hori sorreran. Kontu da garai hartan beltzek ezin zuten zuriekin ibili eta zuri batek abestean arrakasta lortzen zuela ikustean, beltzentzat zentsuratuak izatearen pareko zerbait zela egoera hori. Arrakasta beste batzuk eramaten zuten. Bada, kasu honetan, Big Mamma Thornton zen kantua abesten zuena, emakumea, beltza eta gai hauek abesten gainera, sekulako ausardia zuen».
Harkaitz Cano itzultzaile
Banda guztia bikain aurkezten duen kantua da ‘Ehiza-zakurra’. Mikel Santxez, Txema Garces, Garazi Esnaola, Lidia Insausti, Noa Egiguren, Julen Suarez eta Jokin Pinatxo dira diskoan parte hartu dutenen artean, zuzenekoetara Igor Telletxea batu behar zaie aurrekoei. «Beste soinu bat lortu dugu disko honetan. Aurreko diskoan jazzera gehiago jotzen genuen, ahotsa lehen plano batean zegoen nabarmen eta oraingoan berriz integratuagoa dago beste instrumentuekin. Iñigo Irazokirekin Atala estudioan grabatu dugu, analogikoan eta hori ere bada berezia», aipatu digu Estitxuk.
Harkaitz Canok egin ditu hitzen itzulpenak disko honetarako Estitxuren enkarguz: «Harritu egingo zinateke Harkaitzek duen gaitasuna, lan karga izugarria edukita ere egun batetik bestera abesti bat idazteko gai delako. ‘Sortuko dira besteak’ ikuskizunean ezagutu genuen elkar eta harreman polita sortu zen bertan».
Frankismoaren atzaparretan
Batzuetan nahikoa agerikoa izan daiteke zergatik zentsuratu zen kantua, baina ‘Fruitu arraroa’ irakurrita ere ez dakigu zergatik zentsuratu ote zuten: «Diskoko kanturik ilunena da ezbairik gabe. Billie Holidayk 1939an grabatu zuen eta kontatzen du zuhaitzetatik fruitu berezi batzuk atera zirela. Fruitu horiek beltzen gorpuak ziren, lintxamenduaren ondorioz hil eta zuhaitzetan zintzilik jarri zituztenak. Kantu honetan gertatutakoaren deskribapen mingotsa egiten du eta arrazakeriaren kontrako garrasi bat da. Hartara, Estatu Batuetako irrati askotan zentsuratua izan zen». ‘Nigarrez’ kantua ere esklabotzaren gaiari buruz idatzia dago: «Alde batetik hori dago eta bestetik Estitxu Robles Arangizen kantua dela ere azpimarratu nahi nuke. Euskal musikaren presentzia nahi nuen diskoan, guk ere pairatu dugulako zentsura. Estitxuk frankismoaren zentsura asko pairatu zuen, esaterako. Paris aldean eta batez ere Txilen sekulako arrakasta lortu zuen, Txilen top zerrenden lehen postuan izateraino, baina Euskal Herrian askotan isilarazi zuten. Emakumeei ere presentzia eman nahi nien eta horregatik Lourdes Iriondok errezitatzen zuen beste bat ere jaso dut diskoan», azaldu digu beratarrak.
Ezkongabe izatearen aldeko apustua egitea ez zen samurra garai batean, baina frankismoak beste arrazoi batzuk izan zituen ‘Saiatzeak merezi du’ grabatu zeneko diskoa zentsuratzeko: «Leonard Cohenek «bakarrik hobe bikotean gaizki baino» delako hori aldarrikatzen du. Baina, kasu honetan, diskoaren portada zentsuratu zuten. Tibeteko liburu bateko eskuizkribu bat, XV. mendekoa, agertzen da ‘New skin for the old ceremony’ diskoaren portadan eta bi aingeru daude bertan beren sexu organoak agerian dituztela. Espainiako zentsurak, ordea, aingeruei sexu-organoak tapatzeko hegal bat jarri zien eta batere axolarik gabe halako obra bat manipulatzera ausartu ziren. Baina kantua iritsi zen, izan ere askotan kantua itzuli egin behar izaten zen zer zioen jakiteko eta ez zuten asmatzen».
Gerraren kontrako kantua da ‘Gerra ametsez’ abestia, dena dela uste baino beranduagokoa da, ez Vietnam, ez Bigarren Mundu Gerra garaikoa: «Golkoko Gerra garaian kokatzen da haren zentsura, ‘Army Dreamers’ deitzen da eta Kate Bushena da sortzez. Gerraren ondorioez ari da bera eta maniobra militarretan semea galdu duen emakumearen damua kontatzen du. Emakume hori errudun sentitzen da semearen heriotza saihesteko bidean gehiago ez eginagatik eta, nola ez duen gerra defendatzen, BBCk zentsuratu egin zuen abestia kaleratu eta hamar urte beranduago, Golkoko Gerra hasi zenean», kontatu digu Estitxuk.
Young eta Zappa ere zentsuratuak
Bobby Brown nor zen bilatzen badugu, rap abeslari bat dela aterako zaigu emaitzetan, baina Bobby Brown, fikziozko (edo ez) pertsonaia bat izan zen beste abeslari baten ahotan. «Frank Zapparen abesti bat da eta Zappa asko zentsuratu zuten. Rock munduan artista oparoena izango da, 50 urterekin hil baitzen eta ordurako 50 disko eginak zituelako. Klasikotik jazzera eta handik esperimentalerainoko bidaiak jorratu zituen. Entzuleari transmititzea zen bere nahia, nahiz eta desatsegina izan batzuetan, hori ere propio egiten baitzuen. Zapparen diskoak behin baino gehiagotan entzun behar izaten dira denaz jabetzeko. Ausarta eta probokatzailea izan zen, Estatu Batuetako politikarekin izugarri zorrotza eta egurra jaso zuen, zentsuratua izan zen. ‘Bobby Brown’ gizon misogino bati buruzko kantua da, baina emakume lesbiana batekin oheratu eta sadomasokismoan bukatzen du Brownek kantu honetan kontatzen denez, eta, jakina, hori gehiegi izan zen Ipar Amerika aldean dirudienez».
Botere ekonomikoa kritikatzen duen kantua da diskoa ixten duen ‘Ongi apuntatu’. «Neil Youngek ere zentsura asko jaso zuen, Hernan Cortésen kontra edota poliziaren kontra ere abestu izan duelako. Oso bestelakoa da, ordea, kasu hau. Coca Cola eta Pepsi aipatzen ditu, kritika moduan, baina bitxia da MTVk debekatu egin zuela publizitaterik ez zuelako onartzen. Kontua da, izandako arrakasta ikusi ostean, MTVk Neil Youngi urteko bideoklip onenaren saria ematen bukatu zuela. Begira zeinen hipokrita den kontua», nabarmendu du Estitxuk.
Mallorcan bira laburra
Zuzenekoak martxan dituzte eta gehiago ere bidean Estitxu eta bere bandak. «Diskoa azaroaren 6an Beran aurkeztu genuen eta 19an Iurretan izan ginen. Orain abenduko zubian Mallorcan izango gara eta hango Euskal Etxean emango dugu kontzertua, euskararen eta Nafarroaren eguna ospatzeko. Atzetik Incan eta Sa Poblan ere bi kontzertu emango ditugu eta, bueltan, 7an, Ahotsenean izango gara, Durangoko Azokan. Gero Errenterian edo Pasai Donibanen izango gara, besteak beste». Ilusioz daude eta esan digunez aitzakia baliatuz jende gehiago ere animatu zaie Mallorcako bira horretara.
Diskoa Bortzirietako hainbat tokitan jarri dute eskuratzeko moduan, baina bandcamp orrialdean edota kontzertuetan ere eskuratu daiteke. Gainera, artelana du digipackaren alde bietan: «Oaia Peruarenaren artelana da, diskoa entzun eta iradoki dionarekin egin duen koadroa da azalean eta kontrazalean ikusi daitekeen irudia».
‘Isilik’ kantua diskoaren sintesi modukoa da, dena laburbiltzen duena: «Xabier Leteren hitzak ziren eta Lourdes Iriondok errezitatzen zituen. Guk ezerezetik sortutako abesti bakarra da, osorik guk egina. Askotan aipatzen du «isilik daude harriak» eta zentsuraren gaia zuzenean tratatzen du. Nik interpretatu dut Gerra Zibilaz ari dela Lete eta gerora frankismoak egindako errepresio guztiaz ari direla kantu hau aipatzen denetan. Harriak ere isilarazten saiatu ziren garaia denok dakigunez, euskal kultura, hizkuntza eta nortasuna isilarazten saiatu ziren bezalaxe». Estitxu ez da isilik geratu honen guztiaren aurrean eta espero dezagun kontatu digun guzti hori zuzenekoetan askotan gozatzeko aukera izatea.