En directo

«Inguratu naizen taldea, niretzat akustikoko Negu Gorriak moduko bat dira, selekzio moduko bat»

Bide luzea du hitzen munduan Jon Maia Soriak (Urretxu, 1972). Hitzen munduan diogu, bertsoaz gainera, beste diziplinetan ere asko aritu delako. Tartean, musikan ere bai. Hala, idatzi dituen ia 170 kantuetatik hamarrena hartu eta ‘Kantu bat gara’ bilduma kaleratu du. MusikHaria saioan izan da.

Audio_placeholder

«Inguratu naizen taldea, niretzat akustikoko Negu Gorriak moduko bat dira, selekzio moduko bat»

Loading player...
Aratz erretegian aurkeztu zuen ‘Kantu bat gara‘ bilduma Jon Maiak. (Jon URBE|FOKU)
Aratz erretegian aurkeztu zuen ‘Kantu bat gara‘ bilduma Jon Maiak. (Jon URBE|FOKU)

Disko bat sortzerakoan, burutik apaletarainoko bidea luzea izaten dela dio Jon Maiak, lehenengo aldia da prozesu guztia bere gain hartu duena eta nabari zaio. Ilusioan batez ere. Sorkuntza, ekoizpena, grabaketak… denean hartu du parte eta amets edo asmoa gauzatuta ikustean pozez agertu da MusikHaria saioan.

Gaztetxoa zela miresten zuen Fermin Muguruzarekin hasi zen musika munduarekin hartu-emanetan eta ordutik ona ia 170 abesti idatzi ditu Jon Maiak. «Nork esango zidan niri, amaren etxeko gelan, magneto zahar harekin kasetak entzutean, gerora, Gari, Fermin edota Benitori kantuak idatziko nizkiela. Oraindik ere haien aurrean jartzean urduri sentitzen naiz, errespetu handia diedalako. Izan ere, kantuak hain dira magikoak, zenbat momentu oparitu dizkiguten kantu horiek… Bada, izan nintzen ume hartara itzultzen naiz hauen abestiak entzutean», esan digu zumaiarrak.

Hastapenak
«Negu Gorriak taldearekin hasten da guztia eta haien zuzenekoetan parte hartzeko esan zidaten beranduxeago. Estralurtar baten pare sentitzen nintzen, bertsolaria rock kontzertu batean, pentsa! Ferminek La Casillan 7.000-8.000 lagunen aurrean kantatzeko esan zidan, bisetan… Esan nion ea ziur ote zegoen, jendeak ez ote zizkidan gauzak botako, txisturik egingo… Hura baitzen nire rock kultura. Bada, aurrera atera nintzen eta hor geratu zen emaitza. Orduan hasi ginen bi kultura horiek nahasten», gogoratu du Maiak.

La Casillako une hura edota Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalean, non izan ote zen urduriago galdetu diogu segidan: «Lehen finala 97an izan zen, Belodromoan. Ez nintzen ziur ariketak egiteko gai izango ote nintzen ere, eta nire ahalmenen mugetaraino iritsi nintzen bertan. La Casillan ere antzerako zerbait. Bertsoez gainera, ‘Gora Herria’ kantuan abestera ere igo nintzelako. Nire erritmoaren zentzu ortopedikoarekin, kanta txikitu egiten nuen. Aurreko astean, Ferminek gogorarazi zidan kantatu eta desagertu egin nintzela, hiru egunez ez nuela telefonorik hartu. Eta hartu nuenean, sekulako shocka izan zela esan omen nion. Pentsa ze bertigorekin bizitzen nituen momentu haiek».

Bilbo inguruan denbora luze bat pasa ostean, bere agur modukoa izan zen ‘Zaharra zara Bilbo’, lehen final haren urte berean kaleratutako abestia. «Guggenheim aurreko Bilbo zen hura eta asko maite nuen. Aldirietako trena hartu eta geltokietan jaisten nintzen, Lutxana, La Iberia… Utzitako fabrikak ikusi, etorkinak ezagutu… Hori kontatzen dut bertan. Handik Gasteiza joatean idatzi nuen abestia, bertan ezagutu bainuen Gari», azaldu digu bertsolariak.

Arrakasta lortu duten abesti asko ditu idatziak Maiak, ‘hit’ asko, baina ez du gogoan ‘one hit wonder’ delakorik: «‘Hit’ bakarrean geratu den talderen baten kanturik ez dut gogoan, baina bai bakarra izan den ‘hit’ bat. ‘Aurrera Altsasu’ etortzen zait burura, Pello Reparazekin idatzi nuena». Hartara, normala denez, aukeraketa egitea asko kosta zaio: «Ia 170 kantu dira idatzi ditudanak eta batzuk ez dira ezagunak eta gogoko ditut. Gogoko ez irizpide musikalengatik bakarrik, bestelako gauzak ere badituelako bere baitan abesti horrek. Baina Elkarrekin adostu nuen ezagunenak sartzea, eta hor abanikoa ahalik eta gehien zabaltzen saiatu gara».

Momentu hunkigarriak
Felix hil zeneko uneak Euskal Herri osoa astindu zuen. Lurrikara emozional horren ostean sortu zen ‘Non geratzen den denbora’ bertso sorta: «Bera gertuko sentitzen nuen. Umetatik ezagutzen nuen naiz eta harreman pertsonalik ez izan. Bertsolaria zen eta eskolartekoan elkarrekin abesten genuen, Jon Sarasuaren kuadrillakoa ere bazen eta hura ere bertso-eskolakoa zen. Astinaldi handia izan zen une hartakoa eta Mikelek dotore musikatu zituen bertsook. Mendirik handienak gure barruan dauzkagula esan nahi izan nuen abesti honekin eta Himalaiako mendigoizale handienak ere barruko mendiak, borrokak, izaten dituela garaienak irudikatu nahi izan nuen. Xabier Leteren bertso batean du inspirazio iturria».

Askok Jon Maia eta itsasoa elkarri lotuta daudela esaten dute. Izan ere askotan abestu dio itsasoari eta kasik hura ere badu bizi-iturri Zumaiako artistak: «Haitzetara joateko ohitura dut, arrantzan ere asko aritzen naiz haitzetan bertan, Zumaiako arraun elkartean ere zortzi urtez arraunean aritua, Albaolakoekin ere izan dut harremana… Hortaz, itsasoa nahi gabe ere ateratzen da eta presente dut beti». Doinuz aldatutako kantu berri bezala aurkeztu du diskoan ‘Itsasoari begira’ abestia: «Xabier Amurizak aurten 80 urte egin ditu eta harekin kantatu nahi izan nuen omenaldi moduan. Bertsolaritzan, bizirik dagoen figura historiko garrantzitsuena da Xabier Amuriza. Estudioan sekulako grinarekin abestu zuen eta duen jarrera eta adorea mirestekoak dira. Doinu zahar batean abestu ditugu bertsook, Hitzetik Hortzera saioan doinu honetan abestu nituelako. Karidadeko Bentan ere doinu honekin berarekin abesten nituen eta gero iritsi ziren Benitorengana. Hartara, doinu horretan grabatuta uzteko gogoa neukan eta nahia beteta geratu da».

Talde indartsua inguruan
Musikari finez inguratu da Jon Maia ‘Kantu bat gara’ diskoa sortzeko: «Niretzat akustikoko Negu Gorriak moduko bat dira, selekzio moduko bat. Pello Ramirez erreferentziala da niretzat, bere lehen diskoa, ‘Haize oihalak’ nire gogokoenen zerrendan dago, euskal musikako top bostean jarriko nuke. Gorka Hermosak eta biok ‘Lorca-Lauaxeta’ antzerkian ezagutu genuen elkar eta akordeoiaren konposizioan mundu mailan puntaren puntan eta iraultzen dabil. Nacho Soto, berriz, Idoia Asurmendirekin ari da egun eta bereak dira ‘Nirekin’ edota ‘Hondartzako muxu baten himnoa’ abestien moldaketak». Horiez gainera, Ander Zulaika zarauztarra ere perkusioetan aritu da lanean.

Bere proiektu pertsonaletatik bi kantu hautatu ditu Maiak, aurretik aipatutako ‘Hondartzako muxu baten himnoa’, Hezurbeltzak taldearekin jotzen duena, eta ‘Heldu gerritik’, Karidadeko Bentarena. Bigarrenekin, beste kantu batean, ‘Belaunaldia’ abestian, «reggaeton-ton» esaten zuen. Orain bestelakoa da, ordea, egoera: «Liburuan bertan aitortzen dut reggaetoia zerbait negatibo bezala hartzen nuela eta orain Kai Nakairi letrak egiten bukatu dudala. Klixeak eta aurrejuzguak egiten ditugu eta ni ere ez naiz libratzen. Orain reggaetoia edota trap musika euskaraz entzutean, adierazpen mota berri hauek daudela ikustean, poztu egiten naiz, gure hizkuntza garai berrietara egokitzen dela ikusten dudalako, bestela fosil bat litzateke euskara».

Alaba, Eire Maia Manterola, ere sartu du diskoan kantatzen: «Umetatik, entzuten duen musikarekin sibarita da alaba txikia, gustu handia du. Proposatu nionean baietz esan zuen eta bere tonalitateari ondoen etortzen zitzaion abestia aukeratu genuen: ‘Minaren funtsa’, Anarirena. Pozik eta harrotasun puntu horrekin nago emaitza ikusita». Belaunaldi berria musikarekin kritikoa ote den ere galdetu diogu, alabarekin duen harremanaren harira: «Aurreiritzi gutxiago dituzte guk baino, reggaetoitik hasi eta 90. hamarkadako pop britainiarrera arte entzuten dute, euskaraz zein beste hizkuntzetan, eta irekiak dira buruz. Bera kritikoa nirekin da, «aita, sartu denboran» eta halako kontuak esaten dizkidanean».

Goya sari eta guzti
Goya saria eskuratzera ere iritsi da bere kantuetako bat, ‘Akelarre’ filmeko soinu bandak irabazi zuelako. Fermin Muguruzak garaian saria eskuratu zuenetik, euskal artista batek sari bat jasotzean egon den momentu berezienetakoa izan zen ezbairik gabe Maite Arroitajauregik eta Arantzazu Callejak saria jaso zutenekoa: «Kopla hauek horraino iritsi izana eta Maite eta Arantzazu horrela ikustea satisfazio bat da. Ez nuen usteko pelikulan ere koplek halako garrantzia izango zutenik. Errodaje garaian bi egunez bertan izan nintzen eta zuzendariarekin izan nintzen hartu-emanean. Poza eman zidan baita ere martxoaren 8an abestia nola zabaldu zen ikusteak. Aire ahizpekin grabatu ziren gainera, gozamen hutsa da haiek entzutea. Izugarrizko maila dute eta aspalditik ezagutzen ditut, berehala haiengan pentsatu nuen soinu bandan abesteko, bi eta hiru ahotsetara abesteko indar eta edertasun berezi bat dutelako. Gorka Hermosaren intentsitatea gehitu diogu orain, errepikaz aparte, gainerako kantu guztia sortu baitu diskorako berak».

‘Eskuetan’ kantua txikienentzat idazten dituen kantuetako baten adibideetako bat da. Aspalditik dute harremana Jon Maiak eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsek: «Merezitako omenaldia jasoko dute 22. Korrikan. Umeekin musikaren inguruko lanaz gainera baloreen transmisioan zer nolako lana egiten duten ikusi besterik ez dago: ekologian, familia eredu berrietan eta beste hainbat konturekin. ‘Eskuetan’, gor-mutuen hizkuntzari buruz idatzitako kantua den harren, gero Gure Esku Dago ekimenaren ereserkietako bat bihurtu zen, halako dantza masibo batzuetan eta abar erabili izan zelako. Bertsio paristar horretan, bals horretan, bi akordeoi-jotzaile ditugula baliatu dugu.».

Aurkezpen kontzertuak iragarri ditu dagoeneko Maiak eta lehendabizikoa Donostiako Victoria Eugenian izango da, abenduaren 29an, eta sarrera ia denak salduta daude. Beranduago, urtarrilaren 6an, Arriagan izango da. «Emanaldi bereziak izango dira, gonbidatuekin eta guzti. Deialdia bera egiteak, nire izenean, bertigoa ematen zidan eta lotsa pixka bat ere bai. Baina ikusten nabil sarrerak zeinen azkar ari diren saltzen eta pozik nago». Zumaian izango da biharamunean, urtarrilaren 7an, eta atzetik etorriko dira Azpeitiko, Getxoko edota Altsasuko emanaldiak.

Kantu bat garela dio Jon Maiak eta berak idatzitako sorta bat eskaini digu oraingoan disko-liburu honetan. Batek daki bigarren bildumarik ekarriko ote duen.

Jaurlaritza Logoa