En directo

NAIZ irratia

[20] Tafallak badu bere memoria espazioa

Pasa den otsailetik Tafallak badu bere memoria espazioa Frankismoaren zein beste indarkeri batzuek eragindako biktimak omentzeko. Amaiur Esparzak, Altafaylla kultur elkarteko kideak, Naiz Irratian azaldu du monolito batek irudikatzen duela memoria espazioa eta herrian jendea asko harritu duela.

Audio_placeholder

[20] Tafallak badu bere memoria espazioa

Loading player...
Un monolito tallado en una piedra tomada de las obras del TAV en Tafalla ha sido instalado en Atxondo. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Un monolito tallado en una piedra tomada de las obras del TAV en Tafalla ha sido instalado en Atxondo. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Transkripzioa:

Ioar:
Kaixo, Ander. Nondik zatoz?

Ander:
Tafallan egon naiz. Eta zerbait ikasi dudalakoan nator.

Ioar:
Jakin badaiteke, zer ikusi duzu Tafallan?

Ander:
Harri handi bat topatu dut.

Ioar:
Ez zen meteorito bat izango, ezta?

Ander:
Ez! Memoriaren alde jarri duten harri bat da, belaunaldi gazteek jakin dezaten Tafallaren historiaren berri.

Ioar:
Eta horretarako... harri bat?

Ander:
Memoria historikoa lantzen duten elkarteek bultzatuta, monolitoak jartzen ari dira Nafarroako zenbait herritan. Uste dut zortzigarrena dela Tafallakoa.

Ioar:
Tafalla bere historiaz arduratuta dagoen herri bat izan da beti.

Ander:
Hango gazte batekin elkartu nintzen, Amaiur Esparzarekin. Rotten XIII musika taldean bateria jotzen du, eta oso kezkatuta dago historiarekin.

Ioar:
Bai, horrelako kanta batzuk badituzte, egia da.

AUDIOA-1 | AMAIUR ESPARZA

Ioar:
Hortaz, Tafallako historiaz jantziago etorri zara.

Ander:
Jende asko bildu zen han, asteburuan. Eta kontatu zutenez, musulmanen garaitik
Tafallak badu zer oroitu.

Ioar:
Musulmanek Nafarroa hegoaldean garrantzi handia izan zutela aditu izan dut.

Ander:
Bai, eta borroka latzak izan omen ziren garai batean. Gerora ere, gatazka askoren
lekuko izan ziren tafallarrak, eta nafarrak oro har.

Ioar:
Liburu handietako historia, azken baten, batailen kontakizun bat da.

Ander:
Historia soziala, berriz, herritarren eta jende xehearen kontakizuna da. Alde
horretatik, Tafallan egin dutena historia sozialaren arloan sailkatuko nuke.
Herritarrek bultzatutako errelato moduko bat da.

Ioar:
Bataila haietatik, zuk zein izan zenuen gustukoena?

Ander:
Musulmanen ostean, Aragoiko koroarekin izandako gatazkaz aritu zitzaizkidan.
Frantziarrekin izandako borrokez eta Nafarroako erresumaz mami asko dago.

Ioar:
Errepresioa ere aipatu al zuten? Nafarroan errepresio handia egon da historikoki.

Ander:
Dudarik gabe. 36ko altxamendu faxistan, Nafarroan sekulako sarraskia egin
zuten. Gorriak, errepublikanoak, abertzaleak..., jende asko atxilotu eta fusilatu
zuten. Oraindik agertu gabe daude pila bat.

Ioar:
Berri Txarrak taldearen Maravillas abestia ekarri didazu gogora.

Ander:
Larragakoa zen Maravillas Lamberto, Tafalla ondoan dagoen herria batekoa.
Umea zela, 14 urterekin atxilotu, bortxatu eta hil egin zuten, aitarekin batera.

Ioar:
Oraingo gazteok, Maravillas nor zen halaxe ikasi dugu, kanta horren bidez.

Ander:
Horrela ere gogoratzen dugulako: kantatuz, kontatuz, memoria eginez.

AUDIOA-2 | AMAIUR ESPARZA

Ioar:
Belaunaldi berriak aipatzen dira maiz, baina nola transmititzen da historia gaur
egun?

Ander:
Galdera ona iruditzen zait. Modu asko dago, eta nire ustez denak dira balekoak.

Ioar:
Izan ere, historia konta daiteke abesti batean, film batekin edota liburu baten
bitartez. Ez dago bide bakar bat.

Ander:
Datuak bildu, paper artean arakatu, eta memoria gordetzea bezain garrantzitsua
da jendeari ezagutzera ematea.

Ioar:
Harri batek, berez, ez du askorik kontatzen.

Ander:
Baina herriko toki garrantzitsu batean dagoen harriak memoria ariketa egiten du.
Omendu egiten ditu joandako belaunaldiak, eta leku bat hartzen du herrian.
Gogoratzeko gune bat da.

Ioar:
Esan nahi duzu ez dela turistei zuzendutako zerbait.

Ander:
Batez ere, belaunaldi berriak jabetzeko asmoz ipinitako monolitoa da. Tafallan
bertan edo beste herri batean biziko diren hurrengo belaunaldiek historia ezagutu
dezaten.

Ioar:
Ea, ba, ez dugun ahazten. Tafallara noan hurrengoan, harri hori ezagutu eta
ikasten saiatuko naiz ni ere.

Ander:
Herriko toki garrantzitsu batean dago. Ez da aurkitzen zaila.

Ioar:
Tafalla. Historia. Harria. Memoria. Ez dezagun burua galdu.

Ander:
Hala izan dadila.

 
Epilogoa - Beti ikasten

Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
ASMOZ hitza nola jokatu, aditzaren ondoan:

—«Belaunaldi berriak jabetzeko asmoz ipini dute monolitoa».

Ioar:
Noizean behin honelako esaldiak entzuten ditugu:

—«Errusiara joan asmoz erosi zituzten hegazkin txartelak».
—«Donibane Lohizunen bazkaldu asmoz abiatu dira».

Ander:
Baina esan behar genuke:

—«Joateko asmoz».
—«Bazkaltzeko asmoz».

Ioar:
Gisa berean esaten dugu:
—«Irabazteko helburuz jokatu genuen».
—«Konpontzeko premiaz ohartu zara».
—«Ikasteko gogoz aritu dira».

Hemen entzun dezakezu Amaiur Esparzari egindako elkarrizketa.

Jaurlaritza Logoa