En directo

Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria

«Oraingoa beste partida bat izango da, eta ezin naiz egindakoari begira egon»

Jokin Altunak seigarren urtez jarraian jokatuko du Lau eta Erdiko Txapelketako finala. «Marka polita» dela azaldu du NAIZ Irratian, baina ez dio horri buelta gehiegirik eman nahi. Bi txapel ditu dagoeneko amezketarrak eta hirugarrena eskuratzea izango du helburu.

Audio_placeholder

«Oraingoa beste partida bat izango da, eta ezin naiz egindakoari begira egon»

Loading player...
Jokin Altuna, garaipena amorruz ospatzen (Aritz LOIOLA / FOKU)
Jokin Altuna, garaipena amorruz ospatzen (Aritz LOIOLA / FOKU)

Seigarren urtez jarraian jokatuko du Lau eta Erdiko Txapelketako finala Jokin Altunak. NAIZ Irratian izan da amezketarra, eta lortutakoa «marka polita» dela onartu du. Dena den, ez dio horri buelta askorik eman nahi, «oraingoa beste partida bat izango da, eta ezin naiz egindakoari begira egon.  

Finalerdietan, Joseba Ezkurdiaren aurka partida parekatuagoa espero zen, baina Altunak 22-10 hartu zuen mendean arbizuarra. Partida hura «sentsazio oso onekin» amaitu zuela azaldu digu amezketarrak, eta gaineratzen zuen beti ona dela finalaren atarian joko puntu onean iristea. Fisikoki ere ondo dagoela baieztatu digu egungo txapeldunak, «inongo arazorik gabe».  

Txapelketa ez zuen bere mailarik onenean hasi Altunak, eta honen harira, barre artean aipatzen zuen badirudiela ezin duela, gutxi batzuetan bada ere, bere mailarik onenenaren azpitik ibili. «Hala ere, kanpotik datorrenak ez dit eragin askorik egiten, eta uneoro izan dute garbi zertan hobetu behar nuen», gaineratzen zuen egungo txapeldunak.  

Dena den, txapelketa nahi bezain ongi hasi gabe ere, azken bi partidak, garrantzitsuenak akaso, modu paregabean gainditu ditu egungo txapeldunak. Ondorioz, finalera «momentu onean» iristen dela baieztatu digu Altunak.  Azaroaren 14ko finalean Unai Laso izango du aurrean amezketarrak, ondo ezagutzen duen aurkaria, asko jokatu baitute elkarren aurka azkenaldian. Bien arteko neurketen balantze horretatik Altuna ateratzen da garaile, «horrek konfiantza ematen dit, dagoeneko irabazi diodalako, baina finala beste kontu bat izango da», azaltzen zuen amezketarrak.  

Aipatu moduan, 25 urterekin, seigarren Lau eta Erdiko Txapelketako finala jarraian izango da amezketarrarentzat. Momentuz bi txapel ditu, baina «hirugarrena buru gainean jartzeko gogoz» azaldu da. Bi aste baino zertxobait gutxiago izango ditu Altunak finala prestatzeko, eta orain «Bilbora hiru bat aldiz joatea» du buruan, «bertan lan saioren bat edo beste egin asmoz». Kontuan hartzekoa ere, duela gutxi aldatu zutela Bizkaia pilotalekuko lurra.  

Azkenik, azken hiru finalak zaleturik gabe jokatu ostean amezketarra «pozik» agertu da, berriro ere harmailak beteta finalaz gozatzeko aukera izango duelako.

Jaurlaritza Logoa