En directo

Transkripzioa:
Ioar:
Kaixo, Ander.
Ander:
Egun on, Ioar. Zer moduz zabiltza?
Ioar:
Ongi, eta zu?
Ander:
Zerbait badakarzu gaur ere. Aurpegian igartzen zaizu.
Ioar:
Asmatuko al zenuke nor den Dorleta Urretabizkaia?
Ander:
Zure irribarre bihurri horrek salatzen dit..., ea, ikus dezadan... Badakit! Dorleta Urretabizkaia ez da Bizkaikoa.
Ioar:
Bost puntu! Lehenbiziko galdera asmatu duzu. Urretabizkaia donostiarra da, eta 45 urte inguru ditu.
Ander:
Hori lehenbiziko galdera zenez, bigarrena etorriko da segituan.
Ioar:
Beste bost puntu! Berehala asmatu duzu.
Ander:
Bota bigarren galdera, orduan.
Ioar:
Zientzialaria, antzezlea edo kirolaria, zer da Urretabizkaia?
Ander:
Antzezlea.
Ioar:
Nola arraio dakizu?
Ander:
Ezaguna baita! Orain dela gutxi aritu da Erlauntza eta Ni munduko txarrena antzezlanetan. Eta Sisiforen paperak obran ere bai. Guardia Zibilak itxi egin zuen Egunkaria; gertakari horri buruzkoa da istorioa.
Ioar:
Dena al dakizu teatroari buruz?
Ander:
Telesailetan ere agertu izan da Dorleta. Goenkale, Goazen, Mi querido Klikowsky eta beste batzuetan.
Ioar:
Ohartuta nago, bai, den-dena dakizula. Dorleta Urretabizkaiak irratian esandako kontutxo batzuk erakutsi nahi nizkizun, besterik ez.
Ander:
Ez zaitez zapuztu. Gustura entzungo ditut.
AUDIOA-1 | DORLETA URRETABIZKAIA
Ioar:
Zer esan nahi zuen Dorleta Urretabizkaiak, esan duenean antzerkia euskaraz hutsean egitea muga bat dela?
Ander:
Eman dezagun teatro konpainia bateko kidea zarela.
Ioar:
Antzezle bat, adibidez?
Ander:
Hori da.
Ioar:
Hamlet pertsonaia izan nahi nuke.
Ander:
Demontre! Anbizio handikoa zara, gero.
Ioar:
Segi aurrera, Ander. Eman dezagun antzerki talde batean Hamlet naizela.
Ander:
Konforme. Kontua da azken entseguetan diharduzuela. Azken ahaleginak dira. Azken doiketak eta zuzenketak. Hurrengo bi hilabeteetan, larunbatero, emanaldi bana izango duzue.
Ioar:
Non?
Ander:
Nik al dakit! Euskal Herriko antzokietan...
Ioar:
Bilboko Arriagan? Donostiako Kursaalen? Iruñeko Gaiarren? Baionan, Gasteizen, Getxon, Barakaldon, Azpeitian...?
Ander:
Hain zuzen ere. Beraz, bi hilabetetan zortzi emanaldi.
Ioar:
Eta ondoren zer?
Ander:
Akabo.
Ioar:
Ezin al da emanaldi gehiago egin?
Ander:
Nik baietz esango nuke, gehiago egin litezkeela. Baina konpainia gehienek joera daukate obra berbera gaztelaniaz ere prestatzeko.
Ioar:
Ulertzen dut. Euskal antzerki taldeak erdaldunak ere badira, baina erdal antzerki taldeak ez dira euskaldunak.
AUDIOA-2 | DORLETA URRETABIZKAIA
Ioar:
Ander..., ideia bat daukat.
Ander:
Idatzi egin beharko duzu. Idazteak esan nahi du pertsonaiak eta akzioak egoki ordenatzea...
Ioar:
Antzokiko oihala zabaldu da. Taula gainean automobil bat arrosa bat ageri da. Hankaz gora dago. Gurpilak gorantz, esan nahi dut. Argi ikusten da istripu bat izan dela.
Ander:
Eta automobilaren barrutik pertsona bat irtengo da, nekez.
Ioar:
Nola dakizu?
Ander:
Hori da denok esperoko duguna.
Ioar:
Eta automobiletik inor irteten ez bada, zer?
Ander:
Zenbat denbora kotxetik inor irten gabe?
Ioar:
Bost minutu. Eta... txoriak entzungo dira... baina auto barruan musika ere bai oraindik...
Ander:
Hil egin al da txoferra?
Ioar:
Ez, ez, ez. Esan dugu arestian: auto barrutik pertsona bat irtengo da. Hori kontu segurua da: irtengo da. Baina nekez, asko kostata, min hartuta. Bost minutu. Agian bederatzi minutu.
Ander:
Ados. Istripua izan duen auto arrosatik irten da azkenean emakumea. Eta gero zer?
Ioar:
Ez da emakumea. Gizonezko bat da, inork esperoko ez duen modu batez jantzita.
Ander:
Nor da? Banketxe bateko lehendakaria? Ez? Eusko Jaurlaritzako Barne Saileko kontseilaria akaso? Bai?
Ioar:
Hurren arte, Ander. Utzi egin behar zaitut. Idaztera noa.
Epilogoa - Beti Ikasten
Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
GUZTI kontzeptua adierazteko, beti ez dugu GUZTI hitza erabiltzen.
Ioarrek lehen esan dit:
—«Dena al dakizu antzerkiari buruz? Ohartuta nago, bai, den-dena dakizula».
Ioar:
Guztia, dena eta osoa, gutxienez hiru forma baditugu euskaraz.
Esate baterako:
—«Igandero dantzan aritzen dira gazte guztiak, eta plaza osoa betetzen dute, denak arin eta alai».
Ander:
Bikain, Ioar.
Euskaraz ez genuke esango...
—«Igande guztietan dantzan aritzen dira gazte guztiak, eta plaza guztia betetzen dute, guztiak arin eta alai».
Ea ba, Ioar, esan iezaguzu berriz esaldia, mesedez.
Ioar:
«Igandero dantzan aritzen dira gazte guztiak, eta plaza osoa betetzen dute, denak arin eta alai”.
Hemen entzun dezakezu Dorleta Urretabizkaiari egindako elkarrizketa.


