Ion Garate
Entrevista
Alex Txikon
Alpinista

«Tontorrarekin bukatuko bagenu, Manaslukoa neguko azken espedizioa izan daiteke»

Alex Txikon Manaslura (8.163) abiatuko da negu honetan Simone Moro italiarra eta Iñaki Alvarez zumarragarrarekin batera. Sajid Sadpara ere espediziora batuko da. Pasa den neguko saiakera hobetzea izango du helburu. NAIZ Irratian xehetasun gehiago eman ditu. 

Audio_placeholder

Manaslu neguan igotzeko saiakera berriaren xehetasunak eman ditu Alex Txikonek

Loading player...
Alex Txikon oinarrizko kanpalekuan.
Alex Txikon oinarrizko kanpalekuan.

Manaslu neguan igotzeko saiakera berri bat egingo du Alex Txikon mendizale lemoarrak. Simone Moro eta Iñaki Alvarezekin batera osatuko du taldea. Iaz 7.000 metroraino igo ziren baina azken egunetako haize zakarrak espedizioa bertan behera uztera behartu zuten. Abenduaren 13an edo 14an abiatuko dira Manaslura, hain zuzen ere lemoarrak 40 urte bete berritan. 

Manaslura bueltan izango zarete neguan. Zein asmo dituzue? 

Pasa den urteko jende antzekoa batu gara. Iaz konfiantza eduki genuen urtarrilaren 1ean hara iritsita gai izango ginela berehala irteteko Katmandutik. Eta zazpi egunetako konfinamenduaren ostean, hilaren 14 edo 15ean iritsi ginen oinarrizko kanpalekura. Aurten hilabete bat lehenago joango gara. Eguzki gutxi edukiko dugu. Abenduaren 21erako kanpalekura iristeko asmoa daukagu eta ea 40-45 egunetan gai garen iazkoa hobetzeko. 

Lantaldea antzekoa izango dela aipatu duzu, norbait gehiago batuko da? 

Bai. Hurrengo astean abiatuko gara Pakistanerantz. Orain, Italiatik pasako gara Trentoko mendi festibaleko hitzaldi batean parte hartzeko. Irailaren 23an Sairren batuko gara Sajid Sadpararekin, Ali Sadpararen seme zaharrenarekin [K2ko espedizioan bizia galdu zuen Alik eta Nanga Parbateko neguko igoeran Txikonekin osatu zuen taldea]. Bertako eskola batean, Aliren omenezkoan, instalazio fotovoltaikoa jarriko dugu. Proiektu hori aprobetxatuz, espedizioan parte hartzeko gonbidapena egin genion eta hunkituta jaso zuen. 

Eta animatu da?

Bai, oso gustora. Gainera, onartu zigun nolabait gonbidapenaren zain ere bazegoela beraz, gustora hartu du. 

Aurreko urtean haizea ez zenuten lagun izan. Honetan ea eguraldiak gehiago errespetatzen duen, ezta?

Bai. Iaz gauzak ondo egin ziren, hasieran agian nahiko motel ibili ginen. Nolabait esateko agian ez genuen aprobetxatu behar bezala, nahiz eta eskarmentuzko taldea osatu. Baina presa ere ez da hain ona eta sentsazio onak gordetzen ditut. Zorte txarra eduki genuen baita ere, bide arruntetik sekulako arrakala eratu zen eta oso arriskutsua zen. Erabaki genuen beste bide bat topatzea eta halaxe egin genuen. Egun gehiago behar izan genituen genuen, lan handia egin genuen eta horrek ere eragina izan zuen. Ez genuen aurreikusi horrelako zerbait gertatu zitekeenik. Bi aste on galdu genituen eta hala ere, borrokan jarraitu genuen. Ez ginen kikildu eta buruagaz lan txukuna egin genuela uste dut. 

Nanga Parbat neguan lehen aldiz igotzea lortu zenutenetik bost urte pasa dira. Ordutik jo eta ke aritu zara neguko espedizioetan, K2an, Everesten eta Manaslun bertan. Aipatzen zenuen polita dela horrelako espedizioetan aritzea baina badela garaia tontor bat zapaltzeko ere, ezta?

Hori da, sari txikitxoak jaso ditugu ordutik ona. Nolanahi ere, kirolari moduan badakigu helburu nagusia etxera bueltatzea dela. Niretzako onena bizirik jarraitzea da. Bizitzak aukera ederra eskaini digu bidaiatzeagatik, kulturaniztasuna zein aberasgarria den erakutsi digu eta hori da guri gehien motibatzen gaituena. Inongo zalantzarik gabe aurtengo urtea oso oparoa izan da. Kirol arloan pena hori badaukagu baina bestalde, oso ederra izan zen Makaluko ospitalean lan egitea. Sekulako berotasuna jaso genuen bertako herritarrengandik. Aurten Sierra Leonan egon gara 15 egunetan eta bertako fabeletatik oinez ibiltzea, bertako historia ezagutzea, nolako miseria ikusten den… Hori da gehien betetzen nauena pertsonalki. Orain 39 urte edukita gero eta gustorago gaude, fisikoki indartsu ikusten gara eta urtez urte puntu bat hobeagoak gara, baina iparra inoiz galdu gabe. 

Aurreko espedizioan motelegi ibili zinetelakoan, aurten gehiago eskatuko diozue gorputzari? 

Ez dakit. Presak alturan ez dira onak, arineketan egiten duzun guzti horrek ordaina izan lezake. Bertan beroan pentsatzen duzu zer hobetu zenezakeen baina ematen ditugun pausoak tinkoak izan daitezela da onena. Manaslun sekulako elurteak izaten dira eta aurreikusitako dena pikutara joan daiteke. Kontua da segundo guztiez disfrutatzea, gure zoriontasunaren bila gabiltza egunez egun. Prozesu guztiaz disfrutatzea da garrantzitsuena. 

Neguan egiten duzun azken saiakera izan daiteke honakoa?

Batek daki! Tontorrarekin bukatuko bagenu ba agian bai, neguko azkena izan daiteke. Badira 10 urte luze eta arlo fisikoan eta psikologikoan oso gogorra da. Batzuetan aldapa are aldapatsuago egiten da neguan. Neguko espedizioan gabiltzanon presioa handia da, arriskuan aritzen gara jolasean eta arriskuan dabilena batzuetan erre egiten da. Badakigu zer dan erretzea neguko espedizioan, azken urteetan bagabiltza saiakeran eta orain motibazio handia daukagu. Adinean gora goazen heinean, motibazio horiek ere norabidez aldatu egiten dira. Nik nire bizi osoa pasako nuke besteei laguntzen, gure ezagutzak praktikan jartzen. 

Orduan, oraingoan gailurra lortzeak eragina izango du erabaki horretan?

Bai, ez dizut engainatuko. Buruan badauzkagu beste proiektu batzuk. Gure asmoa zen hurrengo urterako itsasontzia prestatuta edukitzea Hegoaldeko Georgietara joateko baina egoera ikusirik, bai Argentinan eta Txilen, azeleragailutik oina altxatu behar izan dugu, ze urtea ona izan arren alde negatibo dezente eduki ditugu. Nepalen udaberrian bizi izandakoa, Sierra Leonako bidaia ere ez zen batere erraza izan. Zortzi lagun joan ginen eta soilik ni itzuli nintzen, besteak bertan geratu ziren koronabirusarekin kutsatuta. Gaur egun Europatik bidaiatzea nahiko erraza da baina Europatik kanpo konplexuagoa da.