En directo

Ainara Rodriguez-Ramon Sola
Entrevista
Juan Karlos Ioldi
2001ean TATeko abokatua

«Unairen argazkiak mila hitz eta mila liburuk baino indar gehiago du»

Unai Romanoren aurpegi desitxuratuaren argazkia orduan TATeko abokatu zen Juan Karlos Ioldiren ahaleginari esker iritsi zen argitara. Hogeigarren urtemuga honetan nola lortu zen eta zertarako balio izan duen azaldu du Ioldik Naiz Irratian.

Audio_placeholder

«Unairen argazkiak mila hitz eta mila liburuk baino indar gehiago du»

Loading player...
Unai Romano eta Karlos Ioldi, torturaren aurkako manifestazio batean, 2010. urtean. (Jon URBE | FOKU)
Unai Romano eta Karlos Ioldi, torturaren aurkako manifestazio batean, 2010. urtean. (Jon URBE | FOKU)

Hogei urte joan dira jada Unai Romano bortizki torturatua izan zela erakusten zuen argazkia atera zenetik eta ikusi duen edonoren gogoan betirako iltzaturik gelditu da. Hala uste du ere Juan Karlos Ioldik, 2001. urtean Torturaren Aurkako Taldean abokatu lanetan zebilena eta irudia auzitegitik ateratzen lortu zuena, kasuaren aurredilijentzietan ikusi ondoren: «Historian zehar hor geldituko da argazki hori, mila hitz eta mila liburu baino indar gehiago duelako. Topiko bat da argazki batek milaka hitz baino garrantzi handiagoa duela, baina kasu honetan hola izan da».

Nola eskuratu zuten zehatz azaldu dio Ioldik Naiz Irratiko Ainara Rodriguez kazetariari. Tortura salaketak Madrilgo Plaza de Castillako auzitegietara bideratzen ziren eta irudia 31. zenbakiko aurredilijentzietan ikusi zuen Ioldik. Unai Romanok ere bazekien espetxera sartzeko unean argazki bat atera ziotela «eta behin eta berriro galdetzen zigun: ‘Argazkia lortu duzue?’».

Ez zen lan erraza izan, erantsi du Juan Karlos Ioldik. Besteak beste, argazkia «desagertarazteko arriskua bazela» jakin bazekielako.

Prokuradorearekin harreman estua zuen abokatuak eta horren bidez eskuratu zuen azkenean. «Lau kopia egin zituen –ekarri du gogora ataundarrak–. Lehen Unairengana joan nintzen, Soto del Realeko espetxera». Sinestea zaila dirudien arren, kartzelara sartzeko unean argazki hura erabili zuten bere preso-karneta egiteko; laster ordezkatuko zuten, jakina.

Aurpegia torturaren ondorioz erabat desitxuratua ikusterakoan zer sentitu zuen galdetuta, «txundituta gelditu nintzen», onartu du Juan Karlos Ioldik. «Eta harrituta, polizi gorputz horiek ezagutzen ditudalako eta badakit hau ondo kontrolatzen dutela. Oso neurtua izaten da dena eta horrelako oso kasu gutxi daude», esan du. Igor Portu eta Mattin Sarasolarena aipatu du, baina honetan beste ezaugarri eta arrazoi batzuk zeudela zehaztuta. 

Ez zen sarekada horren argazki adierazgarri bakarra izan, gainera. Ioldik elkarrizketan erantsi duenez, Unai Romanori guardia zibilek «buruan makil batekin ematen zioten eta horregatik kaskezurrean kriston kolpea zuen. Berarekin batera atxilotu zuten Juan Carlos Subijanak zauri berdina zuen eta honi argazkia atera nion Polaroid batekin. Biak gisa berean torturatuak izan zirela frogatzen zen baina bigarren honek ez zuen hainbeste oihartzunik izan».

Auzibidean forensearen papera

Irudia argitara aterata, pentsa zitekeen behingoz tortura kasu batean zigor epaia emango zela, baina ez zen honela gertatu: babes eta izkutatze sistema nagusitu egin zen beste behin ere. Honi buruz bi pasarte argigarri ekarri ditu elkarrizketa mahaira Ioldik.

Lehena Leonor Ladron de Guevara Auzitegi Nazionalaren forense aski ezagunari dagokio. Hasieran nahiko txukun jokatu zuela azaldu du elkarrizketatuak, Romano erietxera eramanez eta atxilotuari Guardia Zibilak inkomunikazio-aldian sinestarazitakoaren aurka bere ama bizirik zela argituz. Baina behin auzitegira deituta, «autolesionatu egin zela» argudiatzera pasa zen forensea. Ioldik oroitarazi duenez, perito independienteek argi utzi zuten gasteiztarraren zauriak «ez zirela autolesio batekin konpatibleak». Hala ere, argudio honekin itxiko zen auzia.

Adierazgarria izan zen ere guardia zibil baten deklarazioan gertatutakoa. Atxilotu guztiek ETAren aginduz torturak salatzen zituztela azaltzen hasi zen uniformeduna eta orduan ustekabean epaileak karpeta ireki eta argazkia erakutsi zion: «‘¿Sabe quién es esta persona?’, galdetu zion. Mutu gelditu zen guardia zibila. ‘Pues este es Unai Romano, ¿y usted qué considera que le ha pasado a esta persona para quedar en este estado?’. Eta mutu gelditu zen berriz». Euskal Herritik Madrilera atxilotuak eramaten zituzten guardia zibilek ez zuten kalabazoetan gertatzen zenaren berri oroitarazi Ioldik, «segurtasun arrazoi logikoengatik».

Torturaren Aurkako Taldeak publiko egin ondoren, izugarrizko oihartzuna izan zuen irudiak, nahiz eta agintari eta alderdi poliko gehienek «ez-ikusiarena egin zuten». Testinguru hartan «dena justifikagarria zela» ondo zekien Juan Karlos Ioldik. Gauzak honela, ez du uste ordukoak «inflexio puntua markatu zuenik. Shock moduko bat izan zen, hori bai. Eta gizartearen aurrean eta nazioartean berretsi zuen hemen torturatzen zela».

Etorkizunerako irudia hor gelditzen dela nabarmendu du duela hogei urte TATeko abokatu zenak. «Mila hitz eta mila liburuk baino indar gehiago duelako», berretsi du.

Jaurlaritza Logoa