En directo

UDDA proiektua aurkeztu berritan, laino baten gainean hegan dago Aitor Armentia

Aitor Armentia Ipiña musikari gasteiztarrak disko eta proiektu berria aurkeztu ditu MusikHaria saioan. UDDA izenaren azpian kaleratu du ‘En las nubes’ diskoa, 9 kantuz osatutako lana, estilo eta hizkuntza desberdinetako abestiak jasotzen dituena.

Audio_placeholder

UDDA proiektua aurkeztu berritan, laino baten gainean hegan dago Aitor Armentia

Loading player...
‘En las nubes’ diskoarekin aurkeztu du UDDA proiektua Aitor Armentia gasteiztarrak. (Ihana IRIONDO)
‘En las nubes’ diskoarekin aurkeztu du UDDA proiektua Aitor Armentia gasteiztarrak. (Ihana IRIONDO)

Maiatzaren erdialdean mezu bat jaso genuen eta sorpresan harrapatu gintuen UDDA proiektuak. ‘Florecer’ kantua atera behar zutela idatzi ziguten, bideoklip eta guzti eta nolabait ere loratze bat izan zen UDDA proiektuarentzat. Aitor Armentia, proiektuaren sustatzaile, musikari eta abeslaria da bertan ezagutu genuena eta MusikHaria saioan egiten ari direnaren berri eman diguna. Bizitzeko gogoari buruz hitz egiten du kantuan: «Gaztea zarenean oso galduta zaude, jendarteak mugak jartzen dizkizu, eskolan zer ikasi nahi dugun oso goiz erabaki behar izaten dugu… Bada galduta zaudenean, zure hausnarketak egin ditzakezula eta horrekin aurrera egin eta bizitzeko gogoa indartuta ateratzen dela adierazi nahi izan dut».

‘Oasis’ kantuan halako basamortu batetara eramaten gaitu Armentiak: «Jendartearen mugek eta sortzen dizkiguten antsietate eta frustrazioetatik idatzita dago kantua. Oasi baten bila nenbilen une hartan eta hori da kontatzen dudana abesti horretan». Gitarra bat eta perkusioa, ez da besterik entzuten ahotsaz gainera kantu honetan, eta, ez dirudien arren, perkusio dena modu elektronikoan txertatuta dago, ordenagailu bidez. Ihana Iriondo izan du ondoan ekoizle lanetan Armentiak, grabatu, masterizatu, kantak osatzen lagundu… denetarik egin du Iriondok, ia-ia UDDA proiektuaren beste erdia denak.

UDDA izenaren nondik norakoak ez du oraindik zentzurik. «Ez nuen Aitor Armentiaren izenean kaleratu nire musika. Urtebete pasa nuen izenaren bila eta halako batean iritsi nintzen honetara, batzuk gogoko zuten eta beste batzuk ez, baina ikusita nahikoa onartua zela, horrekin geratu nintzen», azaldu digu Armentiak.

Hizkuntza eta estilo aniztasuna
Lau hizkuntzatara abestu du gasteiztarrak UDDAren lehen lan honetan. ‘Ura edo sua’ da euskaraz abestu duen bakarra, eta bi bertsiotan kaleratu dute: elektrikoa eta akustikoa. «Akustikoa oso tristea zela iruditu zitzaidan eta elektrikoan amorrua eta izaera errebeldea atera nahi izan nituen. Baduelako malenkoniatik, baina baita errebeldetik ere», kontatu digu Armentiak. Bera uda edo sua den galdetuta hau erantzun digu: «Ez bat ez bestea, bien artean egotea iruditzen zait egokiena eta ez muturretan». Gitarra elektrikoa kasu honetan Imanol G. Barreirak jo du, baxua Erlantz Erezumak eta gainerakoa Armentiak berak jotakoa izan da. Kantuen aitortzatan agertu dira gainerako musikariak ere; Alba Rodriguezek tronpeta jo duelako eta Lorazesugarrek biolina, eta haiek sortu dituztenez beren zatiak, aitortza egin die Armentiak.

Latinoamerikako protesta kantaren estiloan entzun dugu ‘Vuelo’ abestia baina gaurkoagoa den erreferentzia bat aipatu digu Armentiak, Rozalén: «Bera izan da inspirazio iturria, sekulakoa iruditzen zaidalako bai bere musika eta baita bere hitzak ere». Kantu hau ‘Ura edo sua’ abestiaren atzetik propio kokatu du Armentiak: «Ahotsarekin dudan kontrastea erakusteko eta ez naizela toki bakarrean mugitzen ikusarazteko balio du kantu batetik besterako saltoak».

‘Som’ abestia katalanez kantatu dute UDDA proiektukoek. Horrekin, gaztelera, ingelesa eta euskaraz abesten duela kontuan izanda, lau hizkuntza erabili dituzte disko honetarako. «2020ko Sant Jordi egunean Menorcako lagun bati eta Gironako beste bati poesia bat idatzi nien. Gerora akorde batzuk sortzen hasi nintzen eta abar eta letra itzuli zidaten lagunek; atzetik abestia sortu zen. Katalanez badakit zerbait hitz egiten, baina ez gehiegi. Hortaz, asko lagundu didate!», aipatu du Armentiak. Laguntasunari eta harreman horrek sortzen duen magiari idatzita dagoen abestia. Hemen entzuten dugu lehenengoz Alba Rodriguezen tronpeta eta Armentiak berak esan digu: «Tronpetarik gabe ez du zentzurik abesti honek».

Ingelesez idatzitako bi abestiak datoz segidan eta bietan pianoak hartzen du protagonismoa. ‘Time flies’ abestiarekin nolabait ere 2000. hamarkadako Robbie Williamsen doinuak etorri daitezke burura. «Egia da azkenaldian Dua Liparen diskoa asko entzun dudala eta ‘Waiting for me’ atmosfera horretan kokatu daiteke ziurrenik. Sintetizadoreak probatzen hasi nintzen eta pop doinu horiek lortu nahian ibili nintzen. Letrak berriz autoestimuaren inguruan hitz egiten du, norberak bere burua maite behar duela eta bakoitza bere buruarekin zintzo eta den bezala onartuz bizitzera bultzatzen du kantu honetan. Modu organikoan sortu zen eta zalantzarik gabe pop abesti batean bihurtu da», kontatu digu Armentiak. Denbora efimeroa dela kontatzen digu, berriz, ‘Time flies’ abestian. «Denbora oso azkar pasatzen da eta momentua topera bizi behar dela pentsatzen dut», dio gasteiztarrak.

Zeruko urdinari garrantzia emanaz
Kolore urdinak, zeruak eta horiak hartzen dute protagonismoa ‘En las nubes’ diskoaren iruditerian. «Argazkiak, maketazioa eta bideoaren edizioa Ihana Iriondok egin ditu eta tipografiak nik, eskuz. ‘Florecer’ kantuan lore horiek protagonismoa hartu zutenez, hortik tiraka hartu du toki berezia kolore horiak gainerakoetan ere». Magisteritza ikasten dago Armentia eta bertan eskuratu du letra mota horiek lantzeko abilezia.

Zuzenekoetan «errealista» izanda, formatu txikian joango da hasiera batean Armentia. Baina banda osoarekin aurkezteko asmoa ere badu bere musika eta gogo handia eta ilusioa ditu proiektua bere osotasunean aurkezteko, dena dela, oraindik hori guztia lantzen ari da. Diskoa euskarri fisikoan ere kalean da eta hasi dira banaketarekin, momentuz beren sare sozialetan sartu eta zuzenean tratua eginda eskuratuta.

«Quiero bailar y cantar hasta morir» dio UDDAren diskoko azken kantuak. «Amona Pabirekin harreman estua dut eta konfinatuta ginela asko deitzen nion. Bera nagusia da eta izutzen ninduen egoerak. Txikitatik rantxerak entzun ditut berarekin eta kantu hau idatzi nion. Dei batean berarentzat jotzea eta dei hori grabatzea erabaki nuen; horregatik entzuten da bera, audio hori berreskuratu eta diskora eraman dudalako. Duen bizipoza presente egotea nahi nuen», kontatu digu Armentiak. Loratzetik heriotzarainoko bidea egin dugu UDDAren lainora igota, baina bidaiak ez du etenik.

Jaurlaritza Logoa