En directo
Bigarren saioa izateak, zenbait pentsamendu ekarri dizkigu burura asteazken honetan. Izan ere, modu orokor batean pentsatzen baldin badugu, bigarren izate horrek, badu kutsu ez positiboa hainbat alorretan. Familia bateko bigarren haurra izatea kasu, edota bizitza osoa zerbait izatera iritsi ahal izateko pasatzen duzunean. Zer esan olinpiadetako txirrindularitza proban bigarren postuan geratu zen emakumearen inguruan, ez da makala horra iristea noski, baina horrenbeste lan egin ondorengo amorruak...
Beste behin ere gurera batu zaigu gure Txantxiku gogokoena, Iker Plazaolak 'Txinetxita' atala aurkeztu digu goiz honetan eta bitxikeria ezberdinen inguruan kontu-kontari aritu gara. Bitxikeriarik handiena ordea etxean pijama jantzita harrapatu izana dela esan beharko genuke?
Joan zen urtean gonbidatu modura ezagutu genuen, baina oraingoan kolaboratzaile bezala izango dugu astero gure artean ere Eider Iruretagoiena. Psikologoa da bera eta gaurkoaren ondotik, ikasteko ugari utziko digulakoan gaude gurera datorrenero. Hitz egiteko asko baitugu gure buruan, gaurkoan emozio zein sare-sozialen inguruan aritu bagara ere.
Gonbidatuen tartean, Aitziber Badiola estilista pertsonalarekin egon gara. Bere jarduna, mundu zabal batean murgiltzen dela argi eta garbi dugu, goizean-goiz ohetik jaiki bezain laster janzten garelako guztiok. Baina bere zeregina gertuagotik ezagutu ahal izateko aukerari ez diogu inolako hutsik egin nahi izan.
Saioa agurtu baino lehen Ioar Aizpuruak eguneko musika emanaldien berri eman nahi izan digu, horretan jardungo duelarik eguneroko bere txandan, elkarrizketa ezberdinak burutzeko erronka jarri diolako bere buruari. Heteropatriarkatuaren tartean nola ez, kantu berri bat entzuteko eta horren inguruan ausnarketa bat egiteko txandaz ere ondo baino hobeto baliatu gara, 1982.urtean agur esan zigun ABBA talde handiaren Take a Chance On Me lana entzun dugu.