En directo
«Publikoa ere gerturatu ahal izango da eta aspaldi sentitu gabeko berotasuna sentituko dugu»
Uztailaren 16an Azpeitiako Izarraitz pilotalekuak Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusia hartuko du. Promozio mailako lau bikote, emakumezkoen hiru eta gizonezkoen lehen mailako bost ariko dira nor baino nor, hasi eta buka, final handi bat legez. Aitzol Atutxak nondik norakoak azaldu ditu.
Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusiaren nondik norakoak azaldu ditu Aitzol Atutxak
Iazko udazkenean egin zen Banakako aizkolari txapelketari segida eman nahi zaio Binakakoa antolatuz. Jardunaldi bakarrekoa izango da, final handi bat legez –hurrengo Banakakoan bai egongo dira kanporaketak– eta hitzordura bertaratzeko sarrerak jada salgai daude www.aizkolaritxapelketanagusia.eus webgunean edota Azpeitiako Mendizabal erretegian. Izarraitz pilotalekuaren edukiera mugatua izango da eta Aitzol Atutxak adierazi duenez, 300 ikusle bertaratu ahal izango dira.
Atzo aurkeztu zenuten Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusia. Iaztik datorren kontua da. Zeintzuk dira aurtengoaren nondik norakoak?
Iaz bide berriak eraikitzea pentsatu genuen eta Banakako Txapelketa antolatu genuen, bai promozio mailan eta baita maila nagusian ere. Aurten buelta bat eman nahi izan diogu eta orain arte eduki ez dugun txapelketa bat antolatu. Binakako Txapelketa nNagusia jokatuko dugu. Neguan edo udaberri aldera antolatzeko asmoa zen baina denok dakizkigun arazoengatik uztailera atzeratu behar izan dugu eta orain badirudi publikoa ere gerturatu ahal izango dela. Aspaldi sentitu gabeko berotasuna sentituko dugu.
Berritasunen artean, emakumezkoen parte hartzea ere egongo da, ezta?
Hori da. Euskal Herriko Aizkolari Elkartea sortu genuenetik argi geneukan bideak ez zuela sexu desberdintasunik izango eta horretarako emakumeekin harremanetan jarri ginen, denok elkarrekin joateko; aizkolariak garelako, sexu ezberdintasunik gabe. Banakako Txapelketan ezin izan genuen aurrera atera zenbait arazo tarteko eta oraingoan animatu dira eta beraz, bete-beteko txapelketa izango da.
Proiektuaren helburua, aizkolaritza profesionalizatu eta garai berrietara egokitzea zela adierazi zenuten hasieran.
Bai, pixkanaka urratsak ematen joatea da gure helburua. Zoritxarrez ez dugu urte oso ona aukeratu eta bidea nahiko gogorra izaten ari da. Gutxika goaz, pausoak ematen eta urratsak sendoak direnez, pozik goaz.
Iaztik hona zerbait modernizatzea lortu duzuela uste duzuela esango zenuke?
Aurreko txapelketa publikorik gabe izan zen eta beraz, modernizazio eta aldaketa horiek ez ziren asko nabaritu edo jendeak ez zituen asko ikusi. Aurtengoan publikoa etorri ahal izango da. Bestalde, www.aizkolaritxapelketanagusia.eus web orrialdean informazioa dago, txapelketa guztien informazioa dago nahieran edozeinentzako. Horrez gain, Instagram kontu bat ere badago (@aizkolaritza) eta bertan aizkolaritzaren inguruko kuriositateak, kirolari bakoitzaren informazioa, entrenamenduak… Apur bat denetik azaltzen dugu modu didaktiko batean. Denok ez dugulako herri kirola txikitatik jasotzen eta kirolera hurbildu nahi duen jende berri horrek ere informazioa izan dezan.
Pixkanaka ikusten hasiak gara zaletuak kirol ekitaldietan.
Guretzako ezinbestekoak dira. Pentatloi txapelketa publikorik gabe izan zen eta oso irudi tristeak izan ziren. Herria behar dugu bertan, kirolak herritik datozelako gure kasuan. Babes hori sentitu behar dugu eta hemendik deia luzatuko nuke, edozein herri kirol zaleri eta kirol zale den edozeini baita ere, uztailaren 16an gaueko 22.00etan Izarraitz pilotalekura hurbiltzeko. Neurri guztiak beteko dira, Izarraitz oso pilotaleku handia da gainera, aforoa mugatua izango da, 300 ikusle inguru soilik.
Modernizatzeko asmo horretan, aipatu beharko da baita Sherpa.ai enpresarekin duzuen elkarlana.
Akordioa hasieratik finkoa izan zen, harreman oso estua garatu dugu. Inteligentzia artifizialeko enpresa bat da eta horrelako enpresa bat herri kirolen babesle izatea ez da oso ohikoena. Hasiera batetik beraiek erakutsi zuten gogo hori eta guk besozabalik hartu genuen.
Zu zer moduz zara? Iazko lesiotik erabat osatuta?
Bai, pixkanaka ari gara, kirolari batek plazak behar dituelako erritmoa hartzeko, mamuak uxatzeko. Ilusioz beteta gaude bide berriak egiten ari garelako Binakako Txapelketa honekin, eta ea zorterik badagoen.
Nola ikusten duzu herri kirola? Bizirautea lortu du pandemia garaian, baina uste baino hobeto edo nolako balorazioa egiten duzu?
Herri kirola kasu askotan kulturaren barnean sartzen da, folklorearen barruan, eta beste batzuetan kirolaren barruan. Horrelako pandemia egoera batean ikusi dugu inoren lekuan geratzen garela; ez garela ez kirola, ez kultura, alegia. Kirol ekitaldi handiak egiten jarraitu dira, kultur ekitaldiak, gutxika bada ere, egin dira eta publikoa hurbildu da baina herri kirolaren kasuan oso ekitaldi gutxi egin dira eta gainera publikorik gabe. Bizirautea lortu du, bai; pentatloia izan dugu azken hilabetean eta ondoren, Zaldua eta Gabirondoren apostua, azkenean jendea ere hurbildu ahal izan zena. Duela 15 urtetik egin ez den apostu bat izan zen eta udaberria horrelako amaiera bikain batekin bukatzea poztekoa izan da.