En directo

Donostiako Zinemalditik hasi zuen Bigarren Kafea saioak bigarren denboraldia eta hala egingo du hirugarrena ere. Udako oporren atarian, gaur egin dute azkena, 242. saioa. Iñigo Asensio eta Goiuri Ezeizak gidariak izan dira Informazioaren Haria-ko bigarren edizioan. «Pensa apur batekin gaude» aitortu du Ezeizak. Baina ez dadila inor kezkatu, iralaren 20an izanen baitira bueltan, Donostiatik gainera, Zinemaldia dela aitzakiatzat hartuta.
Denboraldi berezia izan da bigarren hau, lan talde berriarekin ekin zioten bigarren denboraldiari. Arriskua bazuen apostua egin zuten: aurlezke talde dinamikoa. Hiru dira gidariak; aste osoko bi gidari finko (Goiuri Ezeiza eta Iñigo Asensio), eta egunero aldatzen den hirugarren aurkezle bat: Maitena Salinas, Oihana Maritorena, Iñaki Lasak eta Amaia Resendek osatzen dute aurkezle taldea. «Egunero aurkezle kolaboratzaile bat izateak kolorea eman dio saioari, egun bakoitzak estilo bat izan du» esan du Iñigo Asensiok. Taldean sortu diren dinamikekin pozik, datorren denboraldian talde bera entzun eta ikusiko ditugu. Bai, ikusi. 'Bigarren Kafea' zuzenean eskaintzen baita Naiz Irratiko FM eta streaming-ean, Youtuben, Facebooken eta Twitchen.
Saio berezia izan da azken hau, aurrez aurre elkartu dituzte Kontxita Beitia eta Maribi Ugalde, kontatzeko asko duten bi emakume. 80 urteren bueltakoak biak, atzera begira jarri dira maiz, baina baita aurrera begira ere, «zoragarriak dira eta gu baino hausartagoak» esan du Ezeizak. Beitia eta Ugalde denboraldi osoan izan dira kolaboratzaile ostiraletan 'Kafesnea Gailetekin' tartean. Kolaborazioa aurrez aurre egitea zen hasierako intentzioa, baina pandemiaren ondorioz ezin izan dute Tolosako estudiora hurbildu eta ez dute elkar ezagutzeko aukerarik izan. Gaur izan da eguna, txertoa hartuta, elkar ezagutu dute. Kafesnea hartu dute noski, eta gailetan hirugarren denboraldirako utzi dituzte.
Hemen duzue 'Bigarren Kafea' saioko bigaren denboraldiko azken saioa.


