En directo
2008an Jose Miguel Beñaran 'Argala' oroitzeko Arrigorriagan izan zen ekitaldi batean egindako hitz hartzeagatik zigortu zuten Tasio Erkizia, «terrorismoa goratzea» egotzi zioten. Orain, Estrasburgeko Giza Eskubideen Auzitegiak arrazoia eman dio bizkaitarrari eta Espainiako Erreinua zigortu du adierazpen askatasuna urratzeagatik.
NAIZ Irratian ebazpena «garaipen txiki bat» dela adierazi du Erkiziak eta «sinbolikoki inportantea» dela, zigorraren abiapuntuan dagoen Argalaren oroimenari erreferentzia eginez, «egian finkatu behar da memoria historikoa eta une honetan asko dira gezurrean oinarritutako memoria ezarri nahi dutenak».
Erkiziak kontakizunaren puntu horretan egin du azpimarra: «Egiak zeharka edo zuzenean beti aurkitzen du bere tokia eta herri honen lanaren, konpromisoaren eta militantziaren ondorioz emango ditu pauso berriak askatasunaren bidean».
Estatu arrazoia
Ezker independentista estrategia aldaketa betean zenean iritsi zen bere aurkako auzibidea, «bide politikoak hartzeko urratsa oztopatu nahi zuen estatuak», Erkiziaren esanetan, eta tartean bera «paretik kentzea», «hamabi urteko inhabilitazioa horregatik eman zuten, justizia egin beharrean hemen interes politiko batzuen defentsan hartzen dira erabakiak eta badaude epaile txontxongilo batzuk funtzio hori betetzen dutenak».
Adierazpen askatasuna urratu zaien beste kasuak gogoratu ditu Erkiziak, bai Euskal Herrikoak eta baita Espainiakoak ere, bere ebazpena «garaipen kolektiboa» dela uste du, «beste urrats bat delako memoria historikoa egian finkaturik eta errealitatea azalduz jasotzeko».