En directo
Gobernuz kanpoko erakundeetan lanean aritu ostean, Mozambike eta Senegalen besteak beste, etxera bueltatu zen Oihana Merino eta ogibidea eta zaletasunak batu zituen 'Lalocadelacasa' izenpean. Joskintza eta ehunketa lanetan aritzen da eta kakorratz ikastaroak eskaintzen ditu, teknika honen botere eraldatzailea balioan jarriz, «kakorratz lana oso terapeutikoa da, meditazioarako balio du».
2020ko otsailean hasi zen ikastaroekin eta pandemiaren eraginez, tutorialak grabatzen hasi zen. «Semeak lo egiten zuen bitartean, bideoak grabatzen nituen» eta horrela komunitate txiki bat osatu du sarean.
Sare horri esker, ekimen berezia prestatu du ekainaren 12rako: #puntuetakitto. Ehuntzearen Mundu Egunean, 30 erakunde baino gehiago kalera aterako dira Euskal Herrian elkarrekin ehuntzera. Ehundutako zati guztiak Astigarragako Matazak Indarkeria Sexistaren Kontra erakundeak 8 urtetan zehar sortu duten 7 kilometroko begizta kolektiboari gehituko zaizkio.