En directo

«Cádizen, Sevillan edota Murtzian hemen baino jende gehiago sartzen genuen aretoetan»

Azken diskotik hiru urte pasata etorri da Shinova taldearen ‘La buena suerte’ diskoa. Warner zigiluarekin atera duten hirugarren lana da eta dagoeneko udari begira jarrita daude, errepidean orduak eman eta batean eta bestean beren lana aurkezteko. MusikHaria saioan izan dira Berrizko taldeko kideak.

Audio_placeholder

«Cádizen, Sevillan edota Murtzian hemen baino jende gehiago sartzen genuen aretoetan»

Loading player...
Shinova boskoteak udara begira kontzertu ugari ematea aurreikusten du. (Juan PÉREZ-FAJARDO)
Shinova boskoteak udara begira kontzertu ugari ematea aurreikusten du. (Juan PÉREZ-FAJARDO)

Duela hamahiru urte hasitako proiektua da Shinova taldearena. Gazteago ginela harrapatu gintuen proiektuak eta konturatzerako hamarkada luze bat igaro da Berrizko taldea martxan jarri zenetik. MusikHaria saioan izan dira taldeko bi gitarra-jotzaileak, Daniel del Valle eta Erlantz Prieto. Elkarrizketa eman osteko asteburuan, ordea, ez zuten zortea aldeko izan. Murtziara joan eta bertan behera geratu zitzaien emanaldia, euri-jasa itzela bota zuelako bertan.

 

Oraindik gazteak gara, ezta?

Erlantz Prieto: Bai, gu gainera taldeko gazteenak gara, eta gazteak gara.

 

Urte dezente daramazue elkarrekin…

Daniel del Valle: Taldeak berez bi etapa izan ditu. Hasierako etapa 2008an hasi zen, eta gu biok ez geunden taldean garai hartan, estilo aldaketa bat eman zen gero eta taldekideetatik 2 mantendu ziren, Gabriel de la Rosa abeslaria eta Ander Cabello baxu-jotzailea. Joshua Froufe bateria-jotzailea eta gu 2014an batu ginen proiektura.

 

‘La buena suerte’ diskoa atera duzue, itxaropenari egindako lana da. Letrek hori iradokitzen dute eta musika gozoak ere badituzue. Nola garatu duzue ideia?

D.d.V.: Letrak gehien bat pandemia baino lehen idatziak daude, gero pandemia etorri zen eta beste zentzu bat hartu zuten. Beste kantu batzuk pandemian bertan sortu ziren, diskoaren ideia abian zela sortzen joan ziren abesti asko, eta kontzeptualki ez da izan gauza erreza. Izan ere diskoa 2020rako prestatzekoak ginen, pandemia ia pasa da, guztia atzeratu dugu… Hortaz kontzeptua errepidean sortzen joan den zerbait izan da.

 

E.P.:Aurreko diskoa, ‘Cartas de navegación, garai ilun batean idatzi zen eta urte pare bat egon gara harekin biran. Gerora hasi ginen kantu positiboak idazten, eta atzetik etorri zen pandemia, baina kantu positibo horiekin lan egiteak lagundu egin digu egoera ahalik eta ondoen eramaten.

 

Kantuek badute kutsu alaia, nahiz eta Gabriren ahotsa oso malenkoniatsua den.

D.d.V.: Bueno, gitarrak ahalegindu gara kapa batzuk kentzen eta sintetizadorearen kapa batzuk ere kendu ditugu. Dena garbiago utzi nahi genuen eta sinplifikazio horretan azken emaitza izan da mezu zuzen bat ematea. Mezu hori iristea zen helburua. Eta mezua bera kutsu positibokoa izan dadin saiatu gara.

 

‘Te debo una canción’ abestia zer dago, joandako baten bati eskainia?

(Isiltasuna) D.d.V.: Gabriren barruko zer edo zer izango da. Letrak hark egiten ditu eta guk ezin dugu gehiegi kontatu. Baina abestiak kontzertuetan beste zentzu bat hartzen du, publikoari eskainia dagoelako hein batean, ez da norbaiten faltan dagoela, baizik eta eskerrak emateko kantua da. Abestiaren leloa ere positiboa da eta publikoari eskertu hor egotea eskertzen zaio bertan.

Hau zuzenean entzuten denean jendea mugituko da ezta?

D.d.V.: Bueno, aulkian baina bai. Kontzertuko bukaera partean kantatzen dugu eta energia hustuketa bat ematen da kantu honetan, bai.

 

Gitarra akustikoak entzuten dira kantu honetan eta beste batzuetan ere bai. Nola jotzen dituzue zuzenean?

E.P.: Nik gitarra akustikoa jotzen dut zuzenean ere.

 

D.d.V.: Gitarra akustikoa eta elektrikoa ditugu, baita teklatua ere. Nik biak jotzen ditut eta batzuetan dena ezin da batera jo, jakina. Disko honetan garrantzia dute elementu guztiek eta bateria bera, organikoaz gainera, pad elektroniko horietako batekin osatzen da.

 

Disko honetan folk ukitu bat nabaritzen da nahikoa argi, nahiz eta orokorrean pop generokoa izan. Zuek nola ikusten duzue?

D.d.V.: Disko honetan badaude erreferentzia folk batzuk, baita popa eta rocka ere; baina, azkenean, barrutik atera zaiguna egin dugu estiloetan gehiegi erreparatu gabe.

 

E.P.: Testura desberdinekin jokatu nahi izan dugu eta batzuetan kantu batek eskatzen du gitarra akustiko bat nonbait, edota bestelako ukitu batzuk beste zatiren batean. Proba asko egin ditugu, asko jolastu dugu.

 

‘Puedes apostar por mi’ eta ‘Torre de naipes’, pandemiaz eta haren ondorioz ari da, ezta?. Pandemiak zaurgarri egiten gaituela diozue.

D.d.V.: Oso zaurgarriak gara eta eraikitzen duzun edozein gauza bertan behera geratu daiteke. Pandemia garaian zentzu hori hartu du zehazki abestiak, baina pandemia pasatzerakoan beste zentzu bat izango du kantuak eta zaurgarri izaten jarraituko dugu. Gabrik dohain hori du, kantu batek zentzu bat du garai batean, eta beste garai batean beste zentzu bat hartzen du. Artista da horretan.

 

Goazen ekoizpenak hitz egitera, Manuel Colmerenerorekin egin duzue lan. Besteak beste Vetusta Morla edota Nena Daconteren ekoizpenetan aritua.

E.P.: Kantu hauek orain dela urte pare bat hasi ginen idazten, 2019ko udan, eta Manuelekin egin genuen bilera bat gure ikuspuntua eta berea batak besteari azaltzeko. Egia esan, nahikoa antzekoak ziren, oso erreza eta polita izan da berarekin lan egitea. Orain arte ideia musikal bat izaten genuen guk biok eta Gabriri pasatzen genion hark letrak eta melodiak garatzeko. Atzetik talde bezala lantzen genuen guztia eta abestia sortzen zen. Orain, lan prozesua desberdina izan da. Manuelekin beste modu batera egin ditugu gauzak. Kantua bilutsik entzun nahi izaten zuen, taldean grabatutako demoak gitarra bakarrarekin entzun nahi izaten zituen. Zelofan guztia kenduta, kantua ona bada, aurrera; biluzik ez bada kanta ona ez du funtzionatuko. Hark horrela esaten zigun: «Si la tonada es buena, luego la vestimos de lo que sea».

 

D.d.V.: Erlazio pertsonala eta profesionala ditugu orain. Bera gure lokalera etorri zen, eta berarekin pasatzen genituen egunak. Guretzako dagoeneko ez da ohorea Rihannarekin ibili delako, kimika berezi hori sentitu behar duzu ekoizlearekin eta hori izan da gauzarik politena, Manuel pertsona bezala ezagutzea.

 

Nolakoa da zigilu handi batekin lan egitea?

D.d.V.: Bua, hori bukaerarako utziko dugu hobeto…

 

Letra asko maitasunaren bueltan direla dirudien arren, bestelako mezu asko sartzen ditu Gabrik. Zuek azalpenak eskatzen al dizkiozue?

E.P.: Gabrik ez du inoiz azaltzen letren esanahien buruz.

 

D.d.V.: Sentimenduak maiz agertzen dira kantuetan , maitasuna izan daiteke baina ez da ‘late motiv’ bat, beti kontatzen da beste zerbait eta maitasun kontu horietatik aldentzen saiatzen gara.

 

Bideoklip asko ere egin dituzue disko honetan. Bost atera dituzue.

D.d.V.: GatoBala Filmesn egiten du lana Anderrek eta hori zorte eta luxu handia da guretzat. Hartara, ‘Te debo una canción’ abestiarena izan ezik, beste bideoklip guztiak egin haiek egin dituzte. Emozioak pizten dituzten bideoklipak dira.

Hori galdetu behar nizuen, zuek ez zarete musikari profesionalak, ezta?

D.d.V.: Ba justu momentu horretan geunden, lanak alde batera uzteko momentua zelakoan, eta ziberespaziora salto egiteko zorian; erabat Shinovari eskainiz gure denbora. Baina bueno, denak daukagu zer edo zer, hortaz, zorionez kontzertuak hasiko dira berriz eta ginen puntu horretara iristen saiatuko gara. Hala ere, egia da gure lanek musikarekin lotura dutela orain.

 

Salto egiteko puntuan zeundeten? Frustrazioa sortzen du edo indar gehiago ematen du horrek?

E.P.: Buf, biak. Egunaren araberakoa izaten da. Frustrazioa bai, jakina, baina lana egin behar dugu nahi dugun hori lortzeko eta dagoena da. Gure helburua beti izan da toki berrietara joatea, eta talde bezala hazteko helburua ere badaukagu, ez gara konformatzen sekula. Beti hobetzeko nahia da gurea.

 

Hemengoak zarete, baina gehiago eragin duzue kanpoan bertan baino.

D.d.V.: Bi arrazoi daude horretarako, gazteleraz egiten dugula batetik, eta, bestetik, musika estiloa. Orduan, egiten dugun musika estiloa apurka-apurka zabaltzen ari da eta sartzen ari da hemengo komunikabideetan. Kostatu da baina sartzen ari da eta gu gure tokia egiten ari gara hemen Euskal Herrian. Orain dela 6-7 urte, gu biok taldean hasi ginenean, Cádizen, Sevillan edota Murtzian hemen baino jende gehiago sartzen genuen aretoetan, nahiz eta gure lehen kontzertuak izan.

 

E.P.: Bira honen hasieran Euskal Herrian hiru geldialdi egin genituen, Gasteizen, Bilbon eta Azpetian eta hiruetan dena agortu zen. Jendea gogotsu dabil, gainera konfinamendu perimetrala zenean gertatu zen hori. Beraz ikusi dugu kilometro gutxiago egin eta kontzertuak emateko aukera badugula (irribarre egiten dute).

 

Palabras’ kantuan, ELE artistarekin egiten duzuen horretan, tentsioa lehertzear dagoela esaten duzue eta musikalki ere tentsio hori nabaritzen da. Norena izan zen ideia?

E.P.: Pandemia garaiko kure lehen kontzertua iazko abuztuan izan zen, eta ‘Palabras’ kantua izan zen lehenengoa eta isiltasun hori… beste modu batekoa izan zen, ‘Ou mama’! Isilune hori dena dela kantu originalean, demoan, bazegoen.

 

D.d.V.: Normalean Erlantzek ideia bat ekartzen du eta Gabriri bidaltzen dio eta hark esaten du: «Me encaja algo o no». Hortaz, nahiz eta munduko ideia musikalik aproposena izan, ez badago ahotsik ez doa inora eta Gabriren baietza behar dugu. Batzuetan, akaso momentu horretan ez dio ezer esaten, baina geroago kantua etortzen da. Gabrik letra batzuk idazten ditu lehendabizi beti eta gero hasten gara kantuari bueltak ematen.

Udara begira jarrita, nola daukazue agenda?

E.P.: Gure sare sozialetan dago dena.

 

D.d.V.: Baina, zorte ona daukagu bira bat egiteko bira daukagulako. Murtzia, Alacant, Almería, Miranda, Benidorm, Valentzia, Bilbo, Noja, Malaga… Akaso hauetakoren bat ezin nuen esan, akabatuko naute.

 

Ia bukaerara iristen ari gara eta orain bai, galdera: Nolakoa da Warner bezalako zigilu batekin lan egitea?

D.d.V.: Presiorik daukagunik ez nuke esango, askatasunez egiten ditugu kantak. Estiloz pixka bat aldatu dugu eta ez dugu beraien oniritziaren beharrik izan. Baduguna bada lan talde bat, eta bai, multinazional bat da, baina azken finean zuk pertsonalki zure lantaldearekin egin duzu lan. Hortaz, behin martxa hartuta, mito bat erortzen da. Pauso batzuk badaude jarraitu beharrekoak direnak, eta horiek nola diren eta ongi betetzen ikasi behar duzu, baina Warner bezalako etxe batek aukerak ematen ditu eta hori aprobetxatu egin behar da. Hiru disko atera ditugu haiekin, eta bai, egin ahal dugu bide-orri bat osatu dezakegu, egutegi bat garatu diskoa noiz atera erabakitzeko eta halako kontuak. Baina gero, ia beti, gauzak datozen bezala egiten ditugu. Guk proposamenak botatzen dizkiegu eta haiek guri, eta bion baiezkoa egon behar da, ezkontideen artean bezala.

 

Urtebete da lehen abestia ezagutu genuenetik. ‘Ídolos (Los mejores momentos están por llegar)’ du izena. Orain dela urtebeteko egoerarekin alderatuta, nola ikusten duzue zuen burua?

D.d.V.: Itxialdian nik disfrutatu egin nuen, estresik gabeko momentu horretan. Atzetik klaseak online ematen nituen eta bi astez edo ongi, gero ia gehiegi izan zan.

 

E.P.: Nik uste dut orain momentu optimista batean gaudela eta argia ikusten dela.

 

‘La buena suerte’ bego zuekin eta ea musikatik bizitzeko modua egiten duzuen.

D.d.V.: Eskerrik asko! Baina gogoratu, musikatik bizi gara dagoeneko e? Musikarekin zer ikusia duten ogibideak ditugulako.

Jaurlaritza Logoa