En directo

Sodade: konfort egoeratik ateratzeko pop-rock metaforikoa

Sodade taldeak disko homonimoa kaleratu zuen 2020a bukatu aurretik. Akaso isilpean pasako zen, baina entzunaldi bat eman dionak gogoan izango du oraindik ere Sodade. Gaizka Leiza, Jokin Baucis eta Julen Ceballosek osatzen dute hirukoa. Leitzarrak erdi-konfinatuta harrapatu ditugu MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

Sodade: konfort egoeratik ateratzeko pop-rock metaforikoa

Loading player...
Teknikoki onenak ez direla diote, baina bihotzarekin egindako musika eskaintzen dute horren trukean Sodadekoek.
Teknikoki onenak ez direla diote, baina bihotzarekin egindako musika eskaintzen dute horren trukean Sodadekoek.

Diskoari hiru-lauko konpasa duen kantu batekin ematen diote hasiera Sodade taldekoek eta, lehen notetatik, gitarraren soinu berezi bezain deserosoak ematen du atentzioa. «Estudiora sartzen ginen lehen aldia zen batzuontzat eta soinua bilatzen ibili nintzen. Ezin nuen nahi nuen soinu hori topatu, leku arrotzean nintzelako eta abar, baina azkenean honekin topo egin nuen eta gustura geratu nintzen», kontatu digu Gaizka Leiza taldeko gitarra-jotzaileak. Deserosotasun hori ea taldeko besteek kideek sentitu ote duten ere galdetu diogu Jokin Baucis bateria-jotzaileari:  «Niri gustatzen zait soinu hori, azkenean entzun eta segidan identifikatu daiteke Sodaderen abesti bat dela. Hortaz, halako identitate bat ematen digunez, nola ezetz esan?»

Nirvana edota Foo Fighters bezalako taldeak etortzen dira gogora, biak ere Drave Grohl tartean duten taldeak. Talde horien erreferentzia aipatzean argi utzi dute, inplizituki bada ere, badutela haien eraginik: «Guk Nirvanaren soinu deserosoa baino, jotzeko modua daukagula esan genezake. Ez gara oso teknikoak eta Kurt Cobain ikusi ez genuen arren, beti esan izan da hori, haiek ere ez zirela oso teknikoak. Hortaz, guk %90 bihotza eta %10 teknika jartzen dugunez kantuetan, normala da erreferentzia hori burura etortzea», kontatu digu Leizak.

Jokinek eta Gaizkak elkarrekin beste talde bat zuten Sodade sortu aurretik eta Zapa aritzen zen baxua jotzen orduan, baina aldaketa etorri zen. «Egun batetik bestera Zapak beste talde batean gitarra jotzeko aukera sortu zitzaiola eta taldea uzten zuela esan zigun. Gu poker aurpegiarekin geratu ginen elkarri begira, baina aurrera segi genuen. Kantu berriak sortzen topera ibili ginen eta, alboko lokalean Katez taldeak entseatzen zuenez, laguna den Julen Ceballosi esan genion ea animatzen ote zen taldean jotzera. Baietz esan zigun eta aurrera», azaldu digute taldekideek.

Metaforekin jolasean ibiltzen da Gaizka Leiza kantuen hitzak idazterakoan, bera baita kantu gehienak idatzi dituena, baina taldekideekin adosten ditu hitzak. «Egunero-egunero kantuen interpretazio desberdina egiten dugu. Baina ez gara Gaizkak benetan zer esan nahi duen pentsatzen gehiegi nekatzen, baizik eta mezu irekiak ea gogoko ditugun edo ez da guri arduratzen diguna. Ez dugu letren inguruan gehiegi hitz egiten dena dela», kontatu digu Baucisek.

Hitz jokoez gainera, musikarekin ere egiten dituzte halako jira-bira batzuk eta  ‘Gorrotorik gabe’ abestia, esaterako, gorrotoz abesten du Gaizkak. Hori ere bada halako kontraesan bat, baina eman digu bere azalpena Leizak: «Barruko amorrua ateratzen da kantuan, arrazoi. Mundu hobeago bat izango bada, gorrotoa desagertzea garrantzitsua dela aldarrikatzen dugu abesti horretan. Polizia ere aipatzen da, izan ere mundu hobe batean poliziarik ez litzateke egon beharko».

Grabaketa egunen nostalgia
Itxura Records estudioan grabatu zuten diskoa, Nafarroako Azkaraten, Mailopean, Fran Pérez teknikari zutela. «Berez itxialdi luzearen aurretik grabatu behar genuen diskoa, baina azkenean ondoren egin genuen. Lo eta guzti bertan egiten genuen Azkaraten pasa genuen aste luzean. Jokin, adibidez, lanera bertatik joaten zen, nahiz eta hark azkar egin zuen bere lana, aurretik estudioan ibilia zelako. Taldean harreman estua dugula ikusteko ere balio izan zigun grabaketa prozesuak eta asko gozatu genuen. Guk biok izerdi asko bota genuen, esan dugun bezala teknikoki ez garelako finenak. Aipatu gabe ezin dugu utzi nostalgia puntu bat ere baduela diskoak, Franek Azkarate utzi duelako eta bertan grabatu den azkenekotako diskoa gurea izan delako, etxeko ateak ireki zizkigun eta oso eskertuta gaude», azpimarratu dute Sodade taldekoek.

Alderaketak egitea ohikoa da musika munduan eta Berri Txarraken eragina dutela behin baino gehiagotan entzun behar izan dute Sodadekoek: «Erreza da rock, punk edota pop nahasketa hori egiten duen hirukote nafar bati Berri Txarrakekin alderatzea. Guk asko edan dugu talde horretatik, ez dugu ukatuko, eta zerbait ere egon daiteke, jakina». Plazaolako bide berdeak batuko zituen bi taldeak, akaso. Dena dela, Urbizuren beste talde baten eragina ere nabaritu daiteke, izan ere kanturik poperoenetan, Peiremans+ taldea ere etorri daiteke burura, egiari zor.

‘Kristalaren atzean’ kantuarekin ezagutu genituen MusikHaria saioan eta kantu horren letran zementu fabrika aipatzen du Leizak: «Gasteizen ikasten nuenean, trenez joaten nintzen bertara eta kristalaren atzetik Olatzagutiko zementu fabrika ikusten nuen baina sekulan ez langilerik ez nuen ikusi bertan. Hortaz, esaldi bat bueltaka izan nuen ordutik buruan eta abesti hori hortik sortzen da». Toki aproposa bideoklipa grabatzeko ere.

Agonian desertu erdian galduta dagoen pertsona baten irudia etorri zaigu burura ‘Hegohaizea’ kantua entzutean. Sorburua beste toki batean duela aipatu digu Gaizka Leizak: «Hego haizearen eta maitasunaren arteko elkartasun metafora moduko bat da. Egun batez Txartikone kanpoan ginela, auto-stop egile frantses bat, kontserbatorioko ikaslea bera, guri gitarra jotzen hasi zen. Bertute ikaragarria zuen eta gu gozatzen ari ginen, eta gogoan dut hego haize lehorra zebilela airean eta hostoak leun erortzen zirela errepidera». Bukaeran, ordea, badu halako askatasun sentsazioa ematen duen pasarte bat, norberak errua berea dela onartzen duenean bere baitarako. Izan ere erru hori ez duela onartuko esaten du abestiko pertsonaiak: «Errua onartzen du, baina besteari ez dio sekula esango. Kaskagogorrak gara leitzarrak eta onartzea kosta egiten zaigu. Modu batera edo bestera zure buruari errua botatzen jakin behar da, baina batzuetan ez da hori gertatzen eta justu hori ari da kontatzen abestia», azaldu digute taldekideek.

Herritarren babesari eta auzolanarekin sortutako diskoa
Crowdfunding bidez lortu dute diskoa ateratzea, baina bilketa hori ez dute sarean egin. Herriko hainbat txokotan salmenta puntua jarri eta herritarrek ezer ere jakin gabe erosten zuten diskoa: «Ezagutzen gaituzte eta sinpatikoak garenez, lortu genuen jendeak diskorik eskuratu gabe produktua erostea. Jakiteagatik, zer musika mota egiten genuen ere ez zekiten! Hala ere, serio jarrita, lan pixka bat egin genuen. Egun batean, gure trasteak plazan jarri genituen halako salmenta puntu bat-edo jarrita eta kontzertua ea noiz zen galdetzen ziguten, guk kontzerturik ezetz, diskoa egin nahi genuela eta diru bilketan ari ginela esaten genien. Erantzuna ona izan da eta horri esker gure patrikatik askoz ere diru gutxiago jarri behar izan dugu».

Diseinua ere herritik atera gabe egin dute. «Leitzako Atekabeltz herrigunean serigrafia tailer bat dago eta Iboni esan genion diseinua egiteko. Diskoak eskuz egitea proposatu zigun, hortaz, diskoak ez dira inprimatuak baizik eta eskuz serigrafiatuak dira. Azala ez genuen digitalean eduki diskoa atera zenean, gerora digitalizatu behar izan genuen azala. Kartoi zatiak guk moztu genituen, plastikoa itsatsi eta diskoak eskuz bildu genituen. Diskoa bera izan ezik, gainerakoa guk egina dela esan dezakegu. Irudia berriz ardi larru bat da eta Ibonen interpretazioa bat da. Sodade hitza eta gure musika pikareskarekin lotu zuen eta atxaureak etorri zitzaizkion burura, inauterietako gure figuratako bat. Hortaz, nostalgiarena akaso hortik dator», aipatu digute taldekideek. «Diskoa kontzertuetan eskuratu daiteke, beraz, badakizue, deitu gu jotzeko! Tira, sarean ere zintzilikatu dugu eta gure instagram kontura mezu bat helarazten badiguzue ere, helarazteko modua egingo dugu», gaineratu dute Sodadekoek.

Udaberri betean gauden arren ‘Atzeraka’ abestian honakoa diote eta gogora ekarri beharra dago: «Hostoak badu neguaren berri, baina ez du adarra askatzen». Erresistentzia hori bada talde askorentzat metafora perfektua bizi duten egoeran. Izan ere, kontzertuen faltan daude asko eta Sodadekoak ere antzerako egoeran dabiltza: «Jo egin nahi dugu, ez gaude geldirik. Egoera honi buelta ematea ez da erraza, gaztetxe eta tabernak kontzertuak antolatzen hasi arte talde hasiberriontzat egoera gordina delako. Eutsi goiari gaztetxe eta tabernek, laster emango diogu eta honi buelta!».