En directo

Ion Garate
Entrevista
Miren Lazkano
Piraguista (C1)

«Behar nuen garaipen hau; bi urte hauek zailak izan dira eta motibazio aldetik plus bat da»

Miren Lazkanok (Donostia, 1997) urrezko domina eskuratu zuen asteburuan jokatu den piraguismoko Europako txapelketan. C1 modalitatean denborarik azkarrena burutu zuen gipuzkoarrak (102.15) Ivrean (Italia) jokatutako lasterketan. «Pozik eta eskertuta» agertu da NAIZ Irratian. 

Audio_placeholder

Miren Lazkano, pozik Europako txapelketa irabazita eta erronka berriak burutzeko prest

Loading player...
Miren Lazkano, alboan Maialen Chourraut duela, Donostiara iritsi berritan.
Miren Lazkano, alboan Maialen Chourraut duela, Donostiara iritsi berritan.

«Pozik nago bai, baina normal», dio naturaltasun osoz C1eko Europako txapeldun berriak NAIZ Irratiko deiari erantzunez. Donostiara iritsi berritan, Atletico San Sebastian taldeko kideek harrera berezia egin zioten, arraun eta guzti, «ezustekoz». Donostian lur hartuta, hurrengo txapelketetara begira dagoela ziurtatu du Miren Lazkanok eta horietatik lehenengoa maiatzaren bukaeran jokatuko den Espainiako Kopa da. 

Espero zenuen irabazteko borrokan egotea edo ezustekoa izan da?

Beti izan dut helburu bezala baina, egia da, finala hasi nuen moduan, akats bat eduki nuela, pentsatzen nuen zaila izango zela irabaztea eta domina lortzea. Sorpresa hartu banuen ere beti pentsatu izan dut ba ondo entrenatuz gero, lortzeko aukera izango nuela. 

Hasieran kasik irauli egin zinen baina bikain erreakzionatu zenuen. 

Bai, irauli egin nintzen baina momentu horretan pentsatu nuen bukaeraraino topera joan behar nintzela. Beste guztia ondo egitea lortu nuen eta azkenean txanda polita egin nuen. 

Finalerdietako laugarren markarik onenarekin sailkatu zinen finalera. Orokorrean, txapelketarekin gustora?

Bai. Nik uste dut egunak pasa ahala eta jaitsierak pilatu ahala hobetzen joan nintzela. Hasieran pixka bat kostatu zitzaidan zeren eta ibaia zaila da eta denbora eman dugu lehiatu gabe, baina orokorrean oso gustora. 

Urte oso zaila izan da pandemiaren ondorioz. Garaipena oraindik eta handiagoa egiten du honek?

Agian bai. Pasa den urteko Europako txapelketan herrialde asko ez ziren egon, jende gutxiago egon zen. Egia esan oso berezia izan da garaipen hau. 

Pandemian, kirolari gisa, momentu zailik izan dituzu?

Bai, guk piraguismoa egiten dugunez uretan ematen ditugun momentuak garrantzitsuak dira. Dena dela, zortea eduki genuen, ergometro bana eman zigutelako taldeko kide bakoitzari eta bideo dei bidez entrenatzen genuen. Ez dugu oso gaizki pasa ze nahiko ondo entrenatu ginen baina bai izan da zaila. 

2019an sorbaldan lesio bat izan zenuen, Tokiora iristea eragotzi zizuna. Orain, nolabait, saria iritsi zaizu. 

Bai, zaila izan zen baina itxita dagoen etapa bat da eta orain hurrengora begira gaude. Honek hauspoa ematen du. 

Oso pozik nago, oso eskertuta nago baina jada hurrengo txapelketetara begira nago. Gustatuko litzaidake Munduko txapelketa ona egitea

Europako txapelduna zara, 2017an 23 urtez azpiko mailan Europako txapelduna izan zinen eta 2018an Munduko txapelduna taldekakoan. 23 urte besterik ez eta a ze palmaresa, ezta?

Beno, beti nahi dugu gehiago. Oso pozik nago, oso eskertuta nago baina jada hurrengo txapelketetara begira nago. Gustatuko litzaidake Munduko txapelketa ona egitea. 

Honek aurrera begira lagunduko motibazio aldetik, ezta?

Bai, esango nizuke behar nuela. Bi urte hauek gogorrak izan dira, sorbaldaren lesioa eta pandemiarengatik, eta motibazio aldetik plus handi bat izan da. 

Jaurlaritza Logoa