En directo

Ion T. BARRENA
Argantzon

Trebiñu, «ez lekuan» dagokion lekuan izan arte

Covidari aurre egiteko zer neurri ari dira aplikatzen Trebiñun? Zalantza horrekin joan gara gaur Argantzonera, baita ofizialki Gaztela Leongoak izateak suposatzen dituen arazo nagusiak bertatik bertara ezagutzera ere. 

Audio_placeholder

Trebiñu, «ez lekuan» dagokion lekuan izan arte

Loading player...
Suhiltzaileen eraikina, Burgosko Diputazioaren aipamenarekin.
Suhiltzaileen eraikina, Burgosko Diputazioaren aipamenarekin.

Zalantzaz beterik iritsi gara lehen orduan Argantzonera. Gasteiztik dozena bat kilometrora, Burgoseik ia 100era; inguru guztia ofizialki Araba, eta tartean irla administratibo bat, bi udalerrik osatua, Gaztela Leonen menpe: Trebiñu.

Pandemiaren kontu hau guztia hasi zenetik gainerako euskal herritarrek baino lan dezente gehiago izan dute trebiñuarrek, Jaurlaritzari bezala Gaztela Leongo Juntari begira egon behar izan baitira, batak eta besteak zer neurri hartuko zituztenari begira. Pablo Ortiz de Latierro da Argantzoneko alkatea, «mugikortasun neurriak, etxeratze agindua, zenbat pertsona elkartu ahal diren eta kultu ekitaldien mugak Euskal Autonomia Erkidegokoak ditugu; gainerako neurriak Gaztela Leongoak». Zer suposatzen du horrek? «Zoramena, zoramen hutsa».

Mugikortasun neurriak, etxeratze agindua, zenbat pertsona elkartu ahal diren eta kultu ekitaldien mugak Euskal Autonomia Erkidegokoak ditugu; gainerako neurriak Gaztela Leongoak. Zoramen hutsa da

Pablo Ortiz de LatierroTrebiñuko barrendegia osatzen duten bi udalerriek denbora daramate COVIDari loturiko kontu guztietan Jaurlaritzaren irizpideen arabera aritzea eskatzen; Osakidetzak herriz herriko zerrendan sar ditzan, adibidez. Erantzun positiboak jasotzen dituzte Lakuatik, baina oraingoz ez dute lortu.

Igandetik aurrera beste urrats bat gehiago nahasmen horretan, alarma egoera bertan behera geratzean neurri berriak izango direlako. Gaztela Leongo neurriak jarraitu beharko dituzte Trebiñun, «baina bi dekretuak begiratuko ditugu, badaezpada, Juntarena eta Eusko Jaurlaritzarena».

Burgos eta Arabako diputazioek eguneratu berri dute Trebiñuri dagokion akordio makroa, positiboa dela uste du Ortiz de Latierrok baina mugak ditu, hainbat arlo ez dituelako jasotzen, eta ez da nahikoa: «integrazioa da soluzioa». Eta zertan da Araban integratzeko aukera? «Udaletxetatik ari gara saiatzen zer edo zer egiten, herri mugimendua ez da asko mugitu eta uste dugu bi aldetatik bultzatu behar dugula; bai instituzioetatik bai herri mugimendutik». Oro har, ez dagoela lanketa zehatzik aitortu du alkateak.

Ikastola ere bitan zatitua

Bi administrazioren artean egotearen ondorioak ikastolan ere nabari dira. Argantzon ikastolak ez du gobernuen laguntza zuzenik jasotzen, Gaztela Leonek ez duelako ematen eta Eusko Jaurlaritzarentzat EAEtik kanpo dagoelako. Soluzio gisa, Lehen Hezkuntza Manzanos udalerrira eraman zuten Argantzongo ikastolakoek.

Guk Trebiñu Arabaren bihotzean dagoela ikusten dugu eta Trebiñun jarraitu nahiko genuke, baina zoritxarrez administratiboki Gaztela Leon garen bitartean ezingo dugu

Paula Gonzalez, ikastolako zuzendaritzako kidea: «Haur hezkuntza eta 0-3 genituen hemen, baina Lehen Hezkuntzaren proiektuan murgildu ginenean mugitu beharra ikusi genuen». Ez da nahi dutena, «guk Trebiñu Arabaren bihotzean dagoela ikusten dugu eta Trebiñun jarraitu nahiko genuke, baina zoritxarrez administratiboki Gaztela Leon garen bitartean ezingo dugu». 

Paula Gonzalez eta Igone Zubizarreta

2003an ireki zuten ikastola, Igone Zubizarreta, zuzendaritzako kidea: «Hamaika ikaslerekin bakarrik hasi zen. Guraso batzuk nahi zuten Trebiñun euskaraz ikasteko aukera izatea eta guraso talde hori martxan jarri zen eta ikastola sortu zuen. Gaur egun 57 ikasle ditugu».

Garrantzia handia du ikastolak euskalduntze prozesuan, eta baita Txingoka elkarteak ere, ikastolako gurasoek eurek sustatu zutena ikastetxetik kanpo ere euskarazko eskaintza izateko. Euskararen egoeraz galdetuta, asko aurreratu dela dio Gonzalezek, baina oraindik bide asko dutela egiteko: «giroa lehen ez zen batere euskalduna, aurrera goaz pixkanaka. Gazteen artean behar da oraindik bultzatu eta lanketa bat egin, txikientzat bai aukerak daudela, sustatzen ari gara. Gazteen artean zaila da egoera, helduen artean saiatzen gara, baina zaila da; aldiz, txikienei aukera hori ematen badiegu aurrera jarraitzeko aukera ikusten dugu»

Jaurlaritza Logoa