En directo

NAIZ Irratia

«Gu prest gaude akordio baterako, ea borondatea alde guztietan ikusten dugun»

Uztailean izango da euskal independentismoaren aurkako azken makroepaiketa. Presoen sustengu lana izango da jopuntuan eta 2010ean Grande-Marlaskak agindutako operazio bat abiapuntuan. Auzipetuek aurrera begiratu nahi dute, baina beldur dira Espainiako Auzitegi Nazionalak gauza bera ez nahi izateaz. 

Audio_placeholder

«Gu prest gaude akordio baterako, ea borondatea alde guztietan ikusten dugun»

Loading player...
Arantza Zulueta, abokatu eta auzipetua. (Oskar MATXIN / FOKU)
Arantza Zulueta, abokatu eta auzipetua. (Oskar MATXIN / FOKU)

Udara honetarako finkatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak makroepaiketa soka luze bateko azken auzia, kasu honetan presoen sustengu lana epaituko dute 2010ean Fernando Grande-Marlaskak agindu eta Guardia Zibilak burutu zuen operazio baten ostean sortutako prozesua. Zortzi dira auzipetuak eta 7 eta 19 urte artekoak espetxe zigor eskariak.

Arantza Zulueta eta Nerea Redondo auzipetuek NAIZ Irratian azpimarratu dute halako auziak itxi eta aurrera begira jartzeko garaia dela. Zulueta: «Guk beste eskenatoki batera eraman nahi dugu Euskal Herria, guk eskua luzatzen dugu eta prest gaude akordio batera iristeko, baina oraindik ez dugu inolako erantzunik beste aldetik, ea hau gainditzeko borondatea alde guztietan ikusten dugun». Redondok gehitu du «prestutasuna» badutela baina ez dela erraza, «akordio bat egiteak ere asko mugitzen gaitu, denbora honetan guztian gure inguruak eta gerok bizi izan dugun guzti hori erreparatu, sendatu eta itxi egin behar dugu». 

Ezker abertzalea estrategia aldaketaren eztabaida betean zenean izan zen orain enpaituko dituztenen aurkako operazioa. Zuluetak dio «presoen ekarpena oso garrantzitsua» zela eztabaida hartan eta Espainiako gobernuak «berriro ere errepresioarekin, atxiloketekin eta torturarekin» erantzun ziola saiakera harri. 

Atxilotuetako askok tortura basatiak salatu zituzten eta epaiketa honen harira praktika horiek berriz ere mahai gainean jartzeko beharra azpimarratu du Redondok, «imajinatu ere ezin dugun mina da tortura, gertatu den dena salatu behar dugu eta bitartekoak jarri berriro gerta ez dadin, torturatuak izan diren pertsona horien guztien zauriak, minak, erreparatzeko momentua ere bada». 

CNI, abokatuak, tortura... 

Operazioak presoan sustengu lanean zebilen jendea izan zuen jomugan, tartean abokatuak. Zuluetak adierazi du CNI (Espainiako inteligentzia) egon zela operazio honen atzean, «eta ez da guk diogula, dokumentatuta dugu CNI izan zela guzti honen atzean». Aurreratu du, gainera, «bere momentuan» argitaratuko duten dokumentazioa ere badutela CNIren paperaren inguruan eta torturaren inguruan. 

Aurrez bestelako albisterik izan ezean uztailaren 10erako mobilizazioak deitu dituzte auzipetuek; Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi Auzitegi Nazionalean eserarazi bezperan. 

Jaurlaritza Logoa