En directo

Ekaitz Goikoetxea: «Duguna garela diote; gu, garena dugula aldarrikatzera gatoz»

'Balio erantzia' erakusketa antolatu dute Zumarragako Zelai Arizti Aretoan Josu Maroto ilustratzaileak eta Ekaitz Goikoetxea idazle eta bertsolariak. Batek marraztutako irudiei hitzak proposatu dizkio besteak. Emaitza ikusgarri bezain hunkigarria da,  gure baitako edertasunari aitortza zintzo bat.

Audio_placeholder

Ekaitz Goikoetxea: «Duguna garela diote; gu, garena dugula aldarrikatzera gatoz»

Loading player...
Josu Maroto eta Ekaitz Goikoetxea 'Balio Erantzia' erakusketan
Josu Maroto eta Ekaitz Goikoetxea 'Balio Erantzia' erakusketan

Urteko lehen egunarekin ekin zion Josu Marotok giza gorputzak marrazteari, bata bestearen jarrian, biluzik guztiak, konturatzeko 100 ilustrazio zituen esku artean. Ez zen kasualitatearen fruitu izan garai horretan hasi izana, ezta gorputzak bere biluztasunean erakustea ere. Bartzelonatik etorri berria zen, anorexia prozesu bat bizi duen alabarekin bertako mediku bat bisitatzetik. Urtarrilaren 1ean iPad-a hartu eta ekin zion serie honi.

Marrazki horiei forma eman nahi zien Marotok eta aspaldidanik zuenez Ekaitz Goikoetxerekin elkarlanean aritzeko gogoa, erronka bota zion honi: irudiek iradokitzen ziotena hitzetan jasotzekoa. Laister etorri zen baiezkoa, eta laister etorri ziren hitzak ere, konturatzerako 65 konposizio zituzten esku artean. Martxorako prest zuten erakusketa Zumarragako Zelai Arizti Aretoan.

'Balio erantzia' jarri diote izena, Ekaitz Goikoetxeak esan digunez «duguna garela dioen gizarte honetan, gu, garena daukagula esatera gatoz, hori dela benetako balio erantsia». Bilduma edertasunari aitortza zintzo bat da, ezarritako arau, betebehar, kanon eta artifizioak bazter utzitakoan gure baitan aurkitzen dugun edertasunari, benetazkoari, balio duenari.

Erakusketak harrera beroa izan du, itxiera-perimetralaren garaiak bete-betean harrapatu badu ere 300 bisitari igaro dira bertatik, hauetariko asko ikastetxeetatik bisita gidatuak egitera etorritako gazteak. Arrastoa uzten duen bisitaldia da, ez da berehalakoan liseritzen dena, barruak mugitzen ditu, emozioak dantzarazi. Esker oneko hitz asko jaso dituzte bisitariengandik, sarritan ez bisitaldia amaitu eta berehala, handik egun bat edo beste igarotakoan baizik, eta zenbaitetan hitz bakar batez, erakusketaren jokoan erabat sartuta.

Edertasuna ardatz hartuta bailarako sortzaileekin antolatu duten bilgune batekin itxiko dute Zumarragako erakusketa. Martxoaren 31an izango da, edertasunaren inguruko ideiak partekatzeko abaguena izango da, eta sortzaile bakoitzak bere diziplinatik edertasunaren inguruko lan bat ere ekarriko du besteekin partekatzeko.

Zumarragatik Irurara eramango dute erakusketa, gero Ordizia, Beasain eta Idiazabal bisitatuko ditu eta zerrenda luzatuz doa interes handia piztu duelako inguruko herrietan ere. Edertasuna zabalduz eta partekatuz jarraituko dute hortaz datozen hilabetetan ere.

 

Jaurlaritza Logoa