En directo
Bizi erdia baino gehiago darama Julen Giménez Sarasqueta musikari donostiarrak Euskal Herritik kanpora, baina MusikHaria saioan aitortu zigun ez dagoela egunik herrimina sentitzen ez duenik. Ispiluaren aurrean saiatzen omen da, gainera, bere buruarekin hitz egin eta euskara mantentzen. ‘Otra vuelta en la montaña Suiza’ diskoa aurkeztu zigunean, kontatu zigun Donostiako Antigua auzoan bizi zenean ia egunero ikusten zuela Mikel Laboa: «Irribarre pikaro bat marrazten zitzaion aurpegian eta horrek harrapatu egiten ninduen». Orain, herrimin eta oroitzapen horri, elkarrizketa egin izanagatik esker ona adierazi nahia batu zaio eta ‘Gure bazterrak’ kantuaren bertsio bat bidali digu opari. Bidenabar, Mikel Laboa eta Joxean Artzeri omenaldia eginaz.
Diskoan bezalaxe, bera izan da ekoizpenaz arduratu dena eta oraingoan grabaketaz eta masterizazioaz ere arduratu da. Instrumentu guztiak eta ahotsak bereak dira, baina horri Isabella Giménez Tagliague alabaren ekarpena ere gehitu dio. Buenos Airestik etxea gogoan duela opari dotorea helarazi digu, beraz, Sarasquetak. Kantuaren bertsio labur eta berezi honi hitzak euskaraz eta gazteleraz jasotzen dituen bideo bat gehitu dio, Javier Imizcozen argazkiekin osatutako ikus-entzunezko pieza batean.