En directo
‘Debería ser normal’ izena du Marenen azken kantuak. Carlos Dueñas eta Sergio Sastreren ekoizpena izan du abestiak eta Marenenak dira hitzak eta abestia. Bideoklipa egiteko, berriz, AfterLive films ekoiztetxearekin elkarlanean aritu da Gallartako musikaria. Estilismoaz, Ana Aspiunza arduratu da.
Adinez nagusi izatera pasa zen azaroan Maren eta bere adineko baten gogoeta bat plazaratu du ‘Debería ser normal’ kantuan. Argi berdea da nagusi bideoklipean eta haren zergatia ere azaldu du gallartarrak: «Ikas-bidaia batean Saloura joan ginen eta niri bertako giroak, bada, ez ninduen askorik erakartzen. Diskotekara irteteko aukera izaten genuen gauetan, eta ni hotelean geratzen nintzen. Baina, gau batez, gainerako ikaskideekin joatea erabaki nuen eta bertan zegoen argi berdeak atentzioa eman zidan. Hori izango da ohikoa nire adineko batentzat, baina niretzat oso arrotza zen guztia. Hartara, normala beharko lukeen zerbaiten aurrean arrotz sentiarazten nauena identifikatzen du kolore horrek».
Izan ere kantua horren inguruan doa eta esaldi batean horrela dio: «Debería ser normal, debería darme igual, debería unirme a ellos y bailar hasta llegar al mas allá». Horren ordez, eskuartean partitura liburu bat duela ikusi daiteke bideoan, bere normalitatea zein den adierazteko asmoz-edo. Bachen metodoa lantzeko partitura liburua da eta horren inguruko bitxikeria bat ere kontatu digu: «Bachen liburua da baina ez Johan Sebastianena, baizik eta bere emazte Anna Magdalenarena. Gauza da animalia zalea naizela oso, ez dut gainera haien haragirik kontsumitzen, eta betidanik izan dut baserri moduko bat eduki eta bertan animaliak edukitzeko nahia, haiek zaintzea eta abar. Eta behiari, Bach deituko diodala esan dut beti. Hortaz, hor bi arrazoi Bachen partiturak erakusteko».
Apirilean kaleratuko du dena ondo dela ‘Margaritas y lavanda’ diskoa Marenek, bere lehendabiziko lan luzea. Bitartean, hainbat antzoki eta aretotan arituko da, hala nola, Madrilen, Valentzian, Elxen edota Valladoliden. Euskal Herrian iragarri duen datorren kontzertua ekainaren 11n izango da, Bilboko BBK aretoan eta dagoeneko salgai daude bertarako sarrerak.