En directo

'Ametsak' egia bihurtu eta musikaren errotara sartu da berriz ere Eli Bujanda

Oso gazte arrakasta zer zen ezagutu eta oholtzatik jaitsi zen 21 urte baino ez zituela Eli Bujanda (Zegama, 1987). Ordutik hona musika beste modu batean bizi izan du, gertuagoko zirkulu batean. Eta, orain, hainbat urtetan mimoz landu eta gero, ezkutuan gordeak kaleratu ditu ‘Ametsak’ diskoan.

Audio_placeholder

'Ametsak' egia bihurtu eta musikaren errotara sartu da berriz ere Eli Bujanda

Loading player...
Sugan taldean ibili eta eten luze baten ostean, bakarkako bideari ekin dio Eli Bujandak.
Sugan taldean ibili eta eten luze baten ostean, bakarkako bideari ekin dio Eli Bujandak.

2020an atera zuen ‘Ametsak’ izeneko diskoa Eli Bujanda musikariak hainbat urteren isilunearen ostean. Musikara nolabait ere itzuli den honetan, ordea, ama ere izan da eta horrek guztiak bizitzan aldaketa ugari izatea ekarri dio. «Hainbeste urtetan fokutik kanpora egon eta gero orain berriz ere fokuaren azpian jartzea, medioekin harremana izatea eta hori guztia aldaketa handia da, jakina», esan digu Bujandak. Gainera, kasualitatez, telebistan eta guzti agertu zen duela egun gutxi, Maria Amolategirekin batera abesten. Biak ala biak Sugan taldeko kide izanak.

Eta hamahiru urte pasa diren arren Suganen agurretik, antzerako estiloan jorratzen jarraitzen du kantuak Bujandak: «Denbora pasa den arren, barrutik hori irteten zait. Egiari zor, ez dut musika sekulan ere alboratu, presente egoten jarraitu du nire egunerokoan». Antton Garcia izan du alboan disko honetarako eta taldekide izateaz gainera, bere bikotea ere bada. Proiektuaren hirugarren zutabea, berriz, Esteban Garcia koinatua da. «Hiruon artean konposatu eta oinarri guztia egin eta gero estudiora joan ginen, Eñaut Gaztañagaren eskutan jarriz gure lana. Bertan soinu organiko batzuk gehitu zizkion Eñautek, ahotsak berriz ere grabatu genituen eta ekoizpena txukun eginda emaitzarekin oso pozik geratu gara», kontatu digu goierritarrak.

Egoera pertsonaletik idatzitako kantuak dira orokorrean Bujandarenak: «Azkenean, edonork lehenengo pertsonan bizi ditzakeen egoerak direnez, bakoitzak kantua bere egiteko modu errazagoa dira halako hitzak dituztenean. ‘Ihes’ kantuan, adibidez, tratu txarren inguruan hitz egiten dugu eta egoera horretatik ihes egiteaz ari gara». Guztiek enpatia izateko moduko kantuak beraz, ‘Ametsak’ diskoan jaso direnak.

Amaren babesaz hitz egiten du ‘Mi Verdugo’ kantuan, baina ez da amatasunetik idatzitako kantua, «abestia etorri zelako lehendabizi eta atzetik haurdunaldia. 2019ko abuztuan grabatu genuen diskoa eta grabaketak bukatu eta aste gutxira geratu nintzen haurdun», aipatu digu Bujandak. Ordutik hona kantu gehiago sortu dituztela ere gaineratu du eta beste disko baterako edota kontzertuetan jotzeko prest dituzte. Dena dela, iaz, maiatzean jaio zen Maren, eta horri pandemia gehituta, taldeak geldialdi moduko bat egitea erabaki zuen: «Umea jaio berritan, hortaz Antton eta biok guraso izan berri, Esteban beste herri batean bizi denez entseatu ezinda, eta pandemiaren panorama guztiarekin, etena egin genuen. Dena dela, urtea bukatzerako animatu eta diskoaren kopiak egin eta kaleratzea erabaki genuen. Esan beharra dago, kantuek amatasuna ez dutela ezagutzen baina Malen musikarekin bizi dela egunero-egunero», dio Bujandak.

Patxadaz, presarik gabe nahi izan dute aurrera eraman bakarkako proiektua, baina bazuten gogoa jendeari erakusteko ere: «Kalitatezko zerbait kaleratu nahi genuen, mimoz landu dugu prozesu guztia. Ea orain musikalki jendeak gogoko duen. Momentuz harrera ona izan du, diskoaren lehen takadan disko guztiak saldu ditugulako eta kopia berriak kaleratu aurretik jendeak eskatzen jarraitzen zuelako. Eta egungo kontsumo ohiturak ezagututa, ez genuen halakorik espero. Plataforma digitaletan egonda , zerbait pertsonalagoa da diskoa erostearen kontua. Hortaz, momentuz jaso duen harrerarekin oso pozik gaude», dio goierritarrak.

Egun zuzeneko kontzertuetarako musikariak lotzen ari dira kantuak aurkezteko banda osatu nahian. Bitartean, otsailean beste astebetez izango da Naiz Irratiko ‘Beste bat’ saioetan, astearteetan izaten ari baita bere txanda. Eta, kontatu digunagatik, «oso pozik» dabil lan horretan. ‘Zorion bila’ izeneko kantuak ixten du ‘Ametsak’ diskoa, eta metafora bakarrik sortzen da, hori baitira egun kontzertuak musikarientzat. Ea laster oholtza gainean ikusten ditugun berriz ere Eli Bujanda eta taldekideak.

Jaurlaritza Logoa