En directo
Zaldibarko Eitzaga auzoan dagoen Verter Recicling enpresaren zabortegia erori zenetik urtebete igaro da. Horren harira, Naiz Irratiko Informazioaren Harian saioan izan da Janire Lazkano, Zaldibar Argitu plataformako kidea.
Adierazi duenez, «Zaldibarren gertatu den guztia izan dela desastrea». Giza hondamendia batetik, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran azpian harrapatu zituelako eta bi langileak hil zirelako. Desastre ekologikoa bestetik, amiantoa bezalako hondakinak jasotzen zirelako zabortegi horretan eta kutsadura eragin dutelako. Eta azkenik, hondamendi politikoa: «Gai honi ez zaio beharko litzaiokeen garrantzia eman». Era berean Lakuak izan duen isiltasuna eta gardentasun falta salatu ditu, bere hitzetan «oso nabariak» izan direlako.
«Zabortegia amildu aurretik egon diren kontrol faltak izugarriak dira», erantsi du Lazkanok. 2020ko otsailaren 6. hartan luizia izan zenean hasi eta gaur arte agintarien aldetik entzundakoak onartezinak direla dio Zaldibar Argituko kideak. «Hasieran inguruko airea ez zela kalitate txarrekoa esan ziguten. Ondoren ikusi zen onartutakoa baino kutsakorragoa zela», jarri du adibide.
Lazkanok gogoratu du gauza bera gertatu dela zabortegiaren inguruko lur eta urekin ere. «Ikusi dugu zeinen modu krudelean jokatu duten gure informazioarekin», gaineratu du, agintariek sinesgarritasun handia galdu dutela nabarmenduz.
«Guk dakiguna prentsan ikusten duguna da. Ez dakigu gehiago», aitortu du. Joaquin Beltranen gorpua bilatzeko lanek eta ingurua egonkortzekoek martxan dihardutela badakite, adibidez.
Lehentasuna Beltran aurkitzea
Gertatutakoaren ardurak argitzeko Zaldibar Argitu plataforma herri akusazio gisa aurkeztu da epaitegian eta «argi gehiagoren bila» Europako Auzitegira ere jo dute. «Ikerketa bat zabaldu behar da erantzukizunak aurkitzeko bidean».
Bien bitartean, Lazkanok gogoratu du lehentasuna Joaquin Beltranen gorpua aurkitzea dela plataformarentzat. Gaur jakin dugu Beltranen familiaren abokatuak ere «gorpua aurkitu gabe zabortegia ez dezatela zigilatu» eskatu duela.