En directo

«Betiko moduan, ohituta gauden moduan, ardurak ez ditu bere gain hartu». Era horretan mintzatu da ESK sindikatuko Igor Mera Informazioaren Hariaren lehen edizioan. Gogoratu du txertaketaren hasieratik ari direla salatzen oraindik txertaketa protokolorik ez dutela ezagutzen eta ez direla xehetasunak mahai gainean jarri. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak bere karguan jarraitu beharko ote lukeen galdetuta Merak uste du «bere postua kolokan dagoela eta ez txertoekin gertatu denagatik soilik, baizik eta pandemia osoan zehar neurri sanitarioak behar bezala hartzen ez jakiteagatik».
ESK sindikatuaren bidez jakin genuen asteazkenez Orozkoko zentro erresidentzial batean ere bertako ordezkari bat txertatu zela. Horren inguruko xehetasun gehiago eman ditu Merak, zehaztuaz «enpresako langile honek zentro horretan txertoak ematen ziren egunean bertaratzea erabaki zuela eta han txertatu zela, nahiz eta langile soziosanitarioa izan ez». Uneotan Osakidetzaren aldetik nabari den «kontrol faltarekin edozer gerta litekeela» uste du Merak eta horregatik uste du ezkutuan txertatutako jende gehiago ere egon daitekeela.
Bide horretan, Merak gogoratu du ostegun honetan greba eguna dela Osakidetzen, EAEko osasun sistema publikoan baliabideak falta direla salatzeko dute eta Lakuako gobernuari negoziazio erreal bat eskatzeko.


