En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

«30 segundoko abestiak sortu behar ditugu? Ez, entzulea hezi behar dugula iruditzen zait»

Xatiro ezizena ez dator mitologiatik, satiratik baizik. Unai Undak rap munduan duen goitizena da Xatiro. ‘Xatirokeriak’ edota ‘Cassiopeia’ lanak argitaratu ditu eta orain sorkuntza prozesuan dabil zuzenekoen faltan. Dena dela, ‘Beste bat’ saioak egiteko beta hartu du urtarrileko ostegunetan.

Audio_placeholder

«30 segundoko abestiak sortu behar ditugu? Ez, entzulea hezi behar dugula iruditzen zait»

Loading player...
Urtarrileko ostegunetan ‘Beste bat’ saioak egiten ari da Xatiro
Urtarrileko ostegunetan ‘Beste bat’ saioak egiten ari da Xatiro

90. hamarkadaren eraginak eta abesteko duen abiadura dira Xatiroren ezaugarri nagusiak. «Egun tempo motelagotan aritzen dira gehienak, horrek ez du esan nahi beste tempoetan aritzen ez naizenik. Baina nire rapa erritmo horren gainean azkarra bihurtzen da. Hala ere azkarregi joatea gustatzen zait Eminem edota Caparezza bezalako rapeatzaileen eraginagatik-edo», kontatu digu Xatirok.

Pop kulturako elementuak eta gizarteko eguneroko gaiak lotzen ditu Xatirok. ‘Gora Punisher’ kantuan, esaterako, berrasmatu egin du Punisher fikziozko pertsonaia. «Berez ezta hain borrokalari, akrata eta anarkista. Theodor Kaczynski izango balitz bezala irudikatu dut nire Punisher. Egia da komikietan sistemaren kontra gauza asko egiten dituela, ustelkeriaren aurka; baina nik profil hori indartu eta muturrera eraman dut», nabarmendu du bilbotarrak.

Negu Gorriaken, Narcoren edota Def Con Dos taldeen erreferentziak ditu ‘Xatirokeriak’ diskoan pilatuta. «Gure erreferente izan ziren eta omenaldia egin nahi izan diegu lehen disko horretan», dio Xatirok.


‘Cassiopeia’ diskoan, ordea, bestelako doinuak landu ditu, rock doinuetatik funkya edota popa egitera pasatu da Xatiro. «Popa askorentzat musika popularra da eta kito; baina ez, genero bat da. The Clash taldearen ‘Spanish bombs’ kantua esaterako pop kantu bat da edota The Jam taldearen musika ere bai askotan. Nik brit-pop delako hori maite dut eta horren jarraitzailea izanda, ba eragiten du nigan ere, jakina. Badirudi rapean oso puristak izan behar garela eta soul edota jazz musikari, musika beltzari, lotuta egon behar dugula; eta, aizu, poparekin zergatik ezin da rapik egin? Prozesu naturala izan da eta pop-musika rap-arekin uztartu dut», azaldu digu Xatirok.

Hartara, pop musikaren lotura honela azaldu digu musikari bilbotarrak: «Kantuak gitarra jotzean sortzen dira askotan. Ordenagailuz egin nezakeen musika, baina ordenagailu aurrean egiten dut lana eta nekatu egiten nau. Hortaz, sortzeko gitarra erabili dut hainbat kantutan eta Ruben G. Mateosek jantzi ditu gero kantuak».

Dawka estudioa sortu zuen eta, ondorioz, berak egin ditu ilustrazio, maketazio eta bideoak. «Nik ulertzen ditut hobekien nire abestiak eta zer hobeto bideoklipak nik neuk egitea baino? Mezua horrela helarazten da txukunen», aipatu digu Undak. Azken diskoko azalaren ideia Portugalgo musuzapi batetik sortu da: «Lan dezente eman zigun azalak, buru-belarri jarri ginen eta diseinu asko egin genituen. Egun batean ideiak marrazteaz nazkatu eta, etxetik irtetean, musuzapi hori ikusi nuen. Musuzapi horren atmosfera jarraituz sortu nuen azala eta disko osoko iruditeria». Komikien zaletasuna da eta pop kulturarekin duen lotura uztartuta daude, beraz, ‘Cassiopeia’ diskoaren azala.

Sorkuntza prozesuan
Orain kontzertuen faltan sorkuntzan dago murgilduta. Hilabete barru Raperurekin batera argitaratuko du datorren abestia. «Bizi dugun egoerak sorkuntzarako aukera ematen du. Abesti solteak ateratzen joango naiz eta gero batek daki albuma etorriko den edo ez», aurreratu digu rapeatzaileak. 2003tik raparen munduan dabil eta tendentziei jarraika dabil, baina iparra galdu gabe aurrera egiten saiatzen da, tartean entzuleak «hezi behar» direla uste du. «Nire buruarekin kontraesanean jartzen naiz gai honekin. Bideo-singleak behar ditu jendeak, ikusi gabe ez daki entzuten eta askok 30 segundorako kendu egiten du bideoa bera ere. Begiak itxi eta album oso bat entzutearena… galtzen ari da. Baina zer egin behar dugu, 30 segundoko abestiak sortu? Ez, entzulea hezi behar dugula iruditzen zait. Baina etengabeko erresilientzia ariketa bat egin behar dugunez, kantu solteetarako bidea hartu dut», dio Xatirok.

‘Beste bat’ saioak egiten pozik dabilen arren, «erantzukizuna» direla nabarmendu digu: «Irratia bozgorailu itzela da eta oso serio hartzen dut saioak egitearena. Gidoiak prestatu eta inprobisatu egiten dut horren gainean. Era berean, psikoanalisi bat bezala ere bada niretzako; iraganeko hainbat gauzekin egiten dut topo eta une gozo zein gaziak etortzen zaizkit burura. Horri ere aurre egin behar izaten diot», gaineratu du Xatirok.

Bere abesti batean dion moduan, jarrai dezala beldurrik gabe sorkuntzan.

Jaurlaritza Logoa