En directo

Bingen Zupiria: «Konfinamendura iritsi aurretik etxeratzea aurreratzea izan liteke aukera bat»

Egunero egiten dute jarraipenaren baitan, egoerak hala eskatzen badu, erabakiak hartzen jarraituko dutela segurtatu du Bingen Zupiria Lakuako bozeramaileak. Konfinamendura iritsi aurretik bestelako neurri batzuk har litezkeela uste du, esaterako, etxeratze agindua 22:00etatik 20:00etara aurreratzea

Audio_placeholder

Bingen Zupiria: «Konfinamendura iritsi aurretik etxeratzea aurreratzea izan liteke aukera bat»

Loading player...
Bingen Zupiria, agerraldi batean. (IREKIA)
Bingen Zupiria, agerraldi batean. (IREKIA)

Nafarroan bezala, EAEn txertaketaren bigarren faseari ekin zaion egunean izan da Naiz Irratian Bingen Zupiria, Lakuako bozeramailea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. Osasun arloko profesionalen txertaketarekin abiatu dute fase berria, espainiar Estatuko txertaketa zerrendak erakusten duenean EAE ilaran dagoela, azken postuan. Zeresana ematen ari da kanpaina, motelegi doala baitiote adituek. Bingen Zupiria Lakuako bozeramaileak dio, ordea, «txerto gutxi» iritsi direla, eta horrek zaildu egin duela prozesua. Eta hala izango da gutxienez datorren igandera arte, ordura arte ez baitute txerto gehiago iristea espero.

Gauza da hornikuntza arazoak ekiditeko eta lehen dosia jaso dutenek bigarrena ere jaso dezaten, erreserban gorde dutela kopuru jakin bat osasun agintariek. Jokamolde hori birpentsatu eta bestelako estrategia bat erabiltzea pentsatu ote duten galdetuta, Zupiriak dio «merkatuan dauden txertoak indartzeari» edota produkzioa areagotuko luketen bestelako «marka» batzuen iritsierari begira daudela.

Talde immunitatea iritsi bitarte egoera aztertuz eta behar diren neurriak hartuz joango direla esan du Lakuako bozeramaileak. Zentzu horretan azpimarratu du orain arte ezarritako neurriak «oso gogorrak» izan direla, baina ez dutela baztertzen areagotzea ere: «Erabateko konfinamendura iritsi aurretik egon daitezke bestelako neurriak. Lehendakariak bi edo hiru aldiz eskatu dio Pedro Sanchezi etxeratze agindua luzatzea; berak nahiko luke Estatu frantsesean bezala arratsaldeko 18:00etan edo 20:00etan izatea».

Aurrekontuen negoziaketa

Aurrekontuen inguruan babes zabalagoa eskuratze aldera egiten ari diren prozesuan baitan, eta ostegun arratsaldean Elkarrekin-Podemoseko bozeramaile Miren Gorrotxategik esan ostean Gobernuak ez duela «erraz» egin horien babesa, Zupiriak esan du oraindik badutela margena astelehenera arte. «Esperantzen gainetik», Gobernuak adostasunera iristeko borondatea duela nabarmendu du.

Alabaina, EH Bilduk proposatutako neurrien inguruan esan du «aurrekontuez harago» doazen neurriak proposatu dituela koalizioak, eta Gobernuak uste duela ez dagoela «modurik» negoziaketa horretan aurrera egiteko. «Beti hobetu ahal izango dira aurrekontuak, baina uste dugu proposamen ona osatu dugula», borobildu du.

Kulturgilearen definizioa

Zupiria bat etorri da berriki EH Bilduk proposatu duen Artisten, Sortzaileen eta Kultur Langileen Euskal Estatutua sortzeko beharrarekin, euren gobernu programan jasota dagoela eta zentzu horretan urratsak ematen ari direla esan du. Ñabartu du, ordea, eremu honetan «arlo asko» ikusten dituztela lantzeke: «Lehenik eta behin finkatu behar dugu zer den kulturgintzako profesional bat, eta hortik aurrera, erantzunkizunez, ardura dutenekin negoziatu». 

Jaurlaritza Logoa