En directo
Lanez topera direla harrapatu ditugu ‘Zama doinuz arindu’ antolatzen dutenak. Lan ugari, baina boluntarioen lana ez zaie falta Etxarri-Aranatzen: «herriak ilusio berezia du ekimen honen bueltan. Eguneroko errealitatean presoen gaiak zama handia sortzen du. Gaur egun sei preso ditugu Etxarrin eta azken 35 urteetan sufrimendu hori ekuaziotik kendu ezinda gabiltza. Kilometroak, arriskua, gastua… Zama hori arindu nahian sortu zen jaialdia eta horrekin jarraitzen dugu», kontatu digu Mundiñanok.
Astebururo-astebururo tragedia hori beren baitan bizi du herritar askok eta ekimena zama hori arintzeko sortu bazen ere, bigarren helburu bat ere badu. Sufrimendu horri amaiera emateko konponbidea aldarrikatzea.
Urte guztian egiten diren beste ekimenak bertan behera geratu ostean, ‘Zama doinuz arindu’ nola egin erabakitzerakoan zalantza ugari izan zuten. «Kultur Etxea txikia da eta bertan ezin zen egin aurtengoa. Baina urtea izan den bezalakoa izanda, zama inoiz baino gehiago arindu beharra sentitu dugu. Oso lan mota desberdina egin behar izan dugu. Grabazioa, edizioa, internet bidezko salmenta… Baina kalitatezko emaitza lortu dugu. Soinuaz Paxkal Etxepare arduratu da eta irudiaz, berriz, Hamaika Telebista eta Ahotsa enkargatu dira», esan digu Mundiñanok. Zuzenekoa mimoz prestatu eta zirrara hori ahalik eta ondoen pantailetatik transmititzen saiatuko dira. «Gurea bezalako herri txiki batean halako ekitaldi bat egitea gauza handia da eta herri honek egiten duen ahalegina sekulakoa da», azpimarratu du Zatok.
Musika protagonista
Denetariko doinuak izango dira, tartean Erramun Martikorena bezalako artistek abestuko dutelarik. «Oraindik ere zer nolako ahotsa duen bere adinean, zer indar eta zer nolako gaitasuna transmititzeko. Aurretik ere bazuen Etxarriko herriarekin harremana, baina halako ekarpen bat egitea sekulakoa izan da. Egin duen esfortzua eskertu besterik ez daukagu. Bai berari baina baita etorri diren guztiei ere», nabarmendu du Mundiñanok.
Artistak ez errepikatzearen apustua egin dute, eta oraindik erronkari eusteko gai izan dira. Horrek erakusten du artistek zer nolako elkartasuna adierazten dieten jaialdiari. «Kontuan hartu behar dugu guztien artean egon daitezkeela ezberdintasun ideologikoak eta hori normala eta sanoa da. Baina helburua elkarbanatzen dugu, sufrimenduari bukaera eman behar zaiola. Eta hori da balioan jarri beharrekoa» Mundiñanoren aburuz.
Toki txiki eta goxoa da Etxarri Aranatzeko kultur etxea. 220 pertsona baino ez dira kabitzen eta urtero egiten dituzten bi emanalditan sarrera guztiak saldu izan dira. Hartara, akustikoan egiten duten jaialdia izaten da. «Aurten, streaming bidez izango da eta zabalkundea emateko aukera ematen digu. Zoritxarrez edo zorionez, nahi duenak Euskal Herriko punta batean edo bestean ‘Zama doinuz arindu’ ezagutzeko modua izango du. Emanaldia 18:00etan hasi eta 24 orduz egongo da ikusteko aukera. Sarrera eskuratzen dutenei, igandean bertan helaraziko zaie jaialdia ikusteko lotura», esan digu Mundiñanok
Sarrerak Etxarri Aranazko udalaren webgunean eskuratu daitezke. Ordubete pasatxoko ikuskizuna izango da, etxetik ez baita zuzenean ikustea bezala. Zerbait dinamikoa egiten saiatu dira antolatzaileak.
Hartara, musikaz aparte, tartean bestelako ikuskizunak izango dira Spray, Erlantz Esteban eta Xabier Silveiraren eskutik. «Normalean oholtza gainean egiten diren aldaketak, proiekzioekin eta betetzen ditugu. Aurten beste modu batera izango dira eta normalean egiten ditugun kontakizunak modu berezian osatu ditugu. Gai asko jorratu izan dira, tren bidaia Parisera, motxiladun umeen egoera, eskubide urraketa desberdinen eraginak, herriko preso baten egunerokoa… Horiek sketch bidez kontatu izan dira eta aurten ere halako zerbait izango da», aurreratu digu Zatok.
Martikorena edota Eñaut Elorrietarekin doinu goxoak izango dira, Skabidean taldereakin erritmoa igoz joango da, Zetak taldeak emanaldi akustikoa egingo du, Brigade Locok egurra banatuko du eta Anita Parkerrek festa kutsua emango dio elkartasun jaialdiari. ‘Azalean‘ bezalako kantak kaleratu ditu Anita Parker taldeak eta halako jaialdiek horretarako ere balio behar dute, bestearen azalean jartzekoa. Sufrimendu hau jasaten duenaren azalean. «Bakoitzak bere hausnarketa egin dezala baina jakin behar dugu denok egin behar dugula indarra egoera hau aldatzeko», aldarrikatu du Mundiñanok.
Sarrerak ia azken momentura arte egongo dira eskuratzeko moduan www.etxarriaranatz.eus helbidean. 10 euro, zama arintzeko. Pandemiak lehendik ere zegoen zuloa areagotu duelako. Zama arintzeko doinuak eskainiko dizkigute musikariek eta gure ekarpenarekin dispertsioaren sufrimendua pairatzen dutenen zama arindu dezagun.