En directo
Antton Ramirez de Alda Altsasuko Gurasoak taldekoa eta Aritz Leoz Altsasukoak Aske plataformakoa batu ditugu Altsasuko gazteen egoera gertutik ezagutu eta azken lau urteei patxadaz begiratzeko.
Lau urte pasa dira Altsasuko auzitik, gazteen aurkako errepresioa hasi zenetik. Bada, lau urteren ostean, gabon hauetan euren familiekin daude berriro ere Altsasuko gazteak. Eta herrian dabiltza, askoren irribarrea eraginez, Anttonek azaldu duen moduan, Altsasun barna gazteetako bat topatu eta oraindik egia denik sinetsi ezinik dabiltza asko.
Abenduaren 12an Altsasuko gazteen askatasunaren aldeko asteroko azken elkarretaratzea egin zuten herrian. 2016. urtean espetxeratu zituztenetik, ostiralera-ostiralero egin dute elkarretaratzea herriko plazan. Azkenekoan 8 gazteek ere hartu zuten parte.
Izan ere, gazteak ez dira aske, baina kalean daude. Zortzi gazteetatik zazpi izan ziren espetxeratuak. Bost hirugarren graduan daude une honetan, pultserarekin, etxean. Eta beste bi, Jonan eta Julen, bigarren graduan. Baimenekin ateratzen dira espetxetik hainbat egunez, lanera eta ikastera joateko ere baimena eman berri diete, baina oraindik espetxera joan behar izaten dute lotara. Bi gazte hauei ere hirugarren gradua onartuko dietela eta pultsera batekin etxean egongo direla espero da.
Puntu honetan, Altsasuko gazteen auziari errepasoa egin diogu Antton Ramirez de Alda eta Aritz Leozekin. Gazteak nola dauden, gurasoak eta senideak nola dauden, eta baita herria bera ere nola dagoen galdetu diegu. Elkartasunaz hitz egin digute, pozaz, baina minaz ere. Aurrera Altsasu kantuaz ere aritu gara, lau urte hauetan bereziki gogoan gelditu zaien horretaz, nahiz auziak berak hartu duen dimenstsioaz.