En directo
Kulturak bizi duen egoeraren argazkiarekin ematen dio hasiera Gatibuk beren ‘Musikak salbatuko gaitu’ diskoari. Kantuak ere izen bera darama. Hasieratik zuzen-zuzenean, itzulingururik eman gabe kulturak bizi duen enegarren krisiaren inguruan abesten dute. Baina horren beharra ere badutela aipatu digu Haimar Arejita Gatibuko kideak.
Segidan ordea, ‘Egurre emon’ kantuarekin mezu positiboa zabaltzen dute, ez direla eroriko argi utziaz. Ricky Falkner ekoizle ezagunaren eskuetan jarri dute beren azken laneko grabaketa Gatibu taldekoak eta horretarako ‘La Casamurada’ estudioan izan dira.
Aurre-produkzio guztia eginda eraman dute, batez ere Haimar Arejitak berak eta Alex Sarduik sortutako kantuak osatuaz. «Falknerrek horri buelta bat eman eta apainago jarri ditu kantuak» eta hori azken emaitzan nabaritzen da. Lan handia nabaritzen da Gatiburen azken disko honen atzetik.
Tartean bi bitxikeria badituzte kantuen artean. Batetik, ‘Zure bila’ kantuan entzuten diren estilo guztiak. Elektronika kutsu nabarmena duen kantua, traparen oinarrietatik abiatu, funk eta disco estiloetan jarraitu eta house musikaren bueltan bukatzen duen 8 minututik gorako pieza. Guztia bikain josita. «Jostailu batzuk erosi nituen eta haiekin saltsan sortu zen kantua, ezer finkorik bilatu gabe. Gu irekiak gara musika egiterakoan eta hau ere horrela sortu da», kontatu digu Arejitak.
‘Egurre emon’ eta ‘Zure ahoan lore bat’ kantuen oinarrian, gitarrarekin jotako riff bera entzun daiteke. «Riff bera da, baina desberdin jota. Izan ere hori sortu zenean, bi erritmo desberdinetan gauza diferentea esaten zuela ikusi nuen. Hartara, bi kantu osatu genituen», aipatu digu taldeko gitarra-jotzaileak. ‘Zure ahoan lore bat’ kantuan, gainera, Kirmen Uribek eta Eñaut Elorrietak beren ahotsa jarri dute.
Diskoaren aurkezpena izango dute asteburuan. Hainbat tokitan izango dira diskoak saldu eta sinatzen, eta, larunbatean, Azpeitiko Soreasu antzokian bi kontzertu emango dituzte. Dena dela, 20. urteurrena behar den bezala ospatuko dutela ere iragarri digu Arejitak. «Orain dauden kontzertuak eta egingo ditugu, baina Miribillakoa iragarri eta gero, gure buruari halako opari bat egin behar diogu. Zaletuei esker ere iritsi gara honaino, baina 5 urte ere ez genituela iraungo uste genuen hasi ginenean. Bakoitza garen modukoak gara eta ez genuen uste gure izateko moduarekin elkarrekin hainbeste iraungo genukeenik. Zorionez, lortu dugu», nabarmendu du Arejitak.
Musikak askotan salbatzen gaitu, eta honetan ez da gutxiago. Gatibuk, 20 urte eta gero, bizi-bizirik jarraitzen du.