En directo

Odriozola, Josu

«Txapela ez da gu biona soilik, atzean dugun talde osoarena ere bada»

Aritz Iriondo, "Akulu", eta Joseba Santxez, "Santxo", aurtengo Espainiako Lur Gaineko Rally txapelketako irabazleak dira. Pandemia egoerak eraginda denboraldi hau inoiz baino arraroagoa izan dela onartu dute, eta azkenengo lasterketan txapela irabazterik ez zutela espero. Itxaropena galdu gabe ordea, joan den asteburuan Madrilgo Rallyan fin aritu dira eta lortu dute azken urteotan bila zebiltzana: txapeldun izatea.

Audio_placeholder

«Txapela ez da gu biona soilik, atzean dugun talde osoarena ere bada»

Loading player...
Aritz Iriondo eta Joseba Santxez, "Akulu" eta "Santxo".
Aritz Iriondo eta Joseba Santxez, "Akulu" eta "Santxo".

«Egia esan, txapela irabazteko itxaropenik gabe joan ginen Madrila». Era horretan mintzatu da Aritz Iriondo "Akulu" Naiz Irratiko kirol tartean. Bere hitzetan, ia ia espero gabe izan dira aurten Espainiko Lur gaineko Rally txapelketako garaileak. Aurtengo denboraldia zinez berezia izan da pandemia egoerak hala eraginda, eta soilik hiru lasterketa jokatu dituztela azaldu du Joseba Santxez "Santxok". Azken lasterketa Madrilen jokatu da pasa den asteburuan eta lasterketa benetan zaila izan zela aitortu dute biek.

«Helmugara iritsi arte ez genuen ezer sinetsi nahi», dio "Akulu"k. Eguraldiak eta egoerak hala eraginda, Madrilgo Rallya erronka latza izan zen parte hartzaile guztientzat. «Konturatu gabe ia, jabetu ginen orduak aurrera joan ahala ia gure aurkari guztiak arazoak izaten ari zirela». Hori ikusita, ahalik eta finen gidatuz eta akatsik gutxien eginaz kotxea helmugaraino eraman eta beharrezko puntuak lortuta, txapela eskuratzea lortu du Akulu Motorsport taldeko bikoteak.

Atzean talde indartsua izateak duen garrantzia

«Txapela ez da gu biona soilik, atzean dugun talde osoarena ere bada», nabarmendu du "Santxo"k. Maila horretako txapelketa batean parte hartu eta lehiatzeak kanpotik ikusten ez den alde ezkutua duela diote biek. Akulu Motorsport taldea, gidaria eta kopilotuaz gain, mekanikari, logistika arduradun eta beste hainbat lagunek osatzen dute. Guzti horretaz gain ordea, lagun talde bat dela nabarmendu dute. «Horrelako lagun talde batekin gauzak askoz errazago egiten dira».

Datorren denboraldiari begira, gauzak oraindik zehaztu gabe daudela onartu dute. Koronabirusak ekarri duen egoera honek eragin nabarmena du horretan. «Momentuz etxean ditugun bi kotxeak salgai jarri ditugu. Ikusiko dugu hurrengo denboraldiak zer dakarren».

 

Jaurlaritza Logoa