En directo

Ainara Rodriguez

Errigora: egoera «zailari», auzolanean, euskarari bultzada emanez

Hemen da, beste urte batez –zortzi badira dagoeneko–, Errigorako udazkeneko kanpaina. Urterokoaren tankera du, baina badakartza berritasunak ere bai: pandemia egoerak bertan behera utzi dituen euskararen hainbat jaialdi lagunduko dira, eta gainera, 'Agerraldia' egitasmoaren lehen ekintza-agenda osatu dute.

Audio_placeholder

Errigora: egoera «zailari», auzolanean, euskarari bultzada emanez

Loading player...
Saskiak auzolanean prestatu ohi dituzten arren, egoerak behartuta ekoizleak izan dira horren arduradun
Saskiak auzolanean prestatu ohi dituzten arren, egoerak behartuta ekoizleak izan dira horren arduradun

 

Orburuak, pikillo marmelada, pikillo piperrak, zainzuriak, teilak, tomate frijitua, mertxika almibarretan, oliba-olioa, udare zukua, ardoa, txokolatezko zigarretak, patxarana… zer ez dugu aurkituko aurtengo Errigora egitasmoko saskietan. Zuri, beltz ala berde, hiru saski ezberdinetan aurkituko ditugu Nafarroa hegoaldeko produktu horiek guztiak, eta gehiago, azaroaren 12ra bitarte martxan den kanpainaren baitan.

'Egiten duguna gara' lelopean, geroz eta argiago du ekimeneko kide den Peru Aranburuk «jarrera horretara gerturatzeko gonbitea» luzatu behar diogula gizarteari.

Ager deitzen dioten Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko zonaldeari irtenbide praktikoa emateko helburuz sortu zela Errigora gogoratu du Aranburuk, hiru helburu zehatzekin: «Elikadura burujabetza sustatu eta kontsumo arduratsua mahai-gaineratzea, euskarari bultzada ematea eta auzolana balorean jartzea». Urtean zehar garatzen dituzten bi kanpainen bidez, udazkenean bata, eta udaberrian bestea, helburu horiek erdiesteko bitartekoak lortu nahi dituzte, beraz.

Bi kanpainak tankera antzerakoa dute, baina udazkenekoa gehiago du «Gabonetako saskien itxura», nafar hegoaldeko produktu zehatzak biltzen dituena, eta bigarrenak, berriz, «urte osorako kontserbak» kontsumitzaileen eskura jartzen ditu. Azken hau gehiago dago «norberaren kontsumo ohituretara egokitua». Eta gainera, Aranburuk argitu digunez, salneurria ere jatorrikoa izaten dute, «ekoizleak berak jartzen diona». 

Udazkeneko kanpaina bereziago da, alde horretatik. Izan ere, eskuratu daitezkeen hiru saskien prezioaren %25 nafar hegoaldeko euskalgintza laguntzeko bideratzen dute. Eta hemen ere nobedadea dago aurten: «elkartasun ekimena» jarri dute martxan pandemia egoerak euskararen aldeko hainbat jai bertan behera uztera derrigortu duelako, eta horiei esku bat botatze aldera, saski bakoitzeko 5 euroko gehigarria jarri diote salneurriari; modu honetan, saski beltza eskuratzen duenak Korrikaren egitasmoa lagunduko du eta katilu bat jasoko du trukean, saski berdea eskuratzen duenak Herri Urratsi egingo dio ekarpena eta Seaskako egutegia jasoko du opari, eta, saski zuria erosten duenak Sortzen-ek hezkuntza publikoan D ereduko lerroak zabaldu eta mantentzeko egiten duen lana hauspotuko du eta 'D ereduko haziak' ekimeneko kutxa jasoko du etxean.

«Elkarlanaren aldeko filosofian aurrera egin nahi dugu; aliatuak gara horretan eta elkar hartuta aurrera errazago egin dezakegulakoan gaude», kontatu du Aranburuk. Are gehiago bizi ditugun garaiotan.

30 ekintzen sustatzaile

'Agerraldia' dinamika da aurtengo berritasunetako bat. Euskarari «hauspo berria» emateko asmo du dinamika berriak, euskararen erabilera edo-eta euskararekiko jarrera baikorrak sustatuz.

Esparru anitzeko 30 ekimen ezberdin batuko dira agenda horren baitan, eta denek helburu bera izango dute: dagokion lekuan euskararen alde ari direnak saretu eta ekimen praktikoak laguntzea.

Horietako bat izango da Union Tutera futbol talde sorrera. Beñat Jusue ari da laguntza horretan, eta azaldu digunez «euskara eta euskal kulturaren sustapena, parekidetasuna, askatasun sexuala eta arraza, eta, kultura zein klase ezberdinen integrazioaren sustapenean» sakondu nahi dute. Uste dute futbolak, gaur gaurkoz, horretarako aukera emango lioketela, baina ez dute baztertzen beste kirol batzuetara ere zabaltzea. Aurten nahiko lukete taldea sortu eta martxan jarri. Jusuek azaldu duenez, Errigoraren ekarpena «ezinbestekoa» zaie, «Erriberan instituzio publikoetatik euskararen alde egiten den inbertsio falta izugarria» delako, eta beharrezkoak dituzte horrelako herri-ekimeneko ekintzak eremu horretan zerbait aurreratu nahi badute.     

Ekoizleak ere pozik

Ekoizleak dira ekimen honetan adar ezinbestekoa. Aranburuk dionez, ekimenarekin «pozarren» daudela adierazi izan diete. Eta berak uste du «aldebikoa» dela sentsazioa; izan ere, «auzolanean proiektua aurrera ateratzeko hor daude, eta gainera euskararen eremuan sakontzeko ahalegina ere egiten dute».

Azaroaren 12ra arte dago saskiak eskuratzeko aukera. Euskal Herriko herri gehienetan daude horiek jasotzeko aukera, hasi euskaltegietatik eta enpresa edo ikastetxeetara arte. Hori bai, aldez aurreko eskaera www.errigora.eus atarian egitea ezinbestekoa da. 

Jaurlaritza Logoa