En directo

Maite Bidarte

Hemen dira azaroko 'Beste Bat' -ak

'Liher', Jon Gurrutxaga, 'Sua' eta 'Makulu Ken' taldeek egingo dituzte azaroa honetako 'Beste Bat' saioak. Gaur, azaroak 2,  arratsaldeko 15:00etan izango da azaroko lehena 'Liher' taldearen eskutik. 

Audio_placeholder

Hemen dira azaroko 'Beste Bat' -ak

Loading player...
beste bat azaroa
beste bat azaroa

Hilabete hasierek hori dute Naiz Irratian, txanda aldaketa. Agur esateko tenorea da hilabete bukaera, eta aldiz, hasiera, ongi etorria egiteko. Azaroan ere aurrera jarraituko du 'Beste Bat' saioak. Hilabete honetan hiru musika talde eta bakarlari bat arituko dira asteroko fonotekak osatzen: Liher, Sua eta Makulu Ken taldeak eta Jon Gurrutxaga bakarlaria.

Liher taldeak egingo ditu 'Beste Bat' saioak astelehenetan. 'Hemen herensugeak daude' diskoa kaleratu zuten iaz eta beraien zuzenekoarekin gozatu ahal izan genuen Naiz Kontzertuetan. Beraiek estreinatuko dute azaroko labekada berria, Iñigo Etxarri taldeko gitarrak hartuko du gaur hori egiteko ardura, eta hurrengo saioetan ondoan izango ditu Lide Hernando abeslaria eta baita Joshka Natke baxu jolea ere. Noski, rocka ez da faltako haien saioetan. 

Astearteetan Jon Gurrutxaga arituko da 'Beste Bat' saioetan abesti aukeraketak egiten. Bi hamarkadako ibilbidea oparoa du elgoibartarrak, proiektu ezberdinekin argitaratutako hamabi disko eta makina bat emanaldi eginak ditu. 2018an kaleratu zuen azken lana 'Kateak'. 'Arima Beltzak' taldearekin abiatu zuen bere ibilbea, ondoren etorri zen UEK hirukotea. 'Jon eta Sugarmans' proiektua sortu zuen 2010ean eta geroztik hala dabil, bakarkako ibilbidean. 

Elgoibartik, Marurira. Asteazkenetan 'Sua' taldearen txanda izango baita. Ibilbide labur baina arrakastatsua izan du Maruri Jatabeko 'Sua' taldeak. Lana gogotik egin ondoren, 2019ko Gaztea Maketa Lehiaketa irabazteak aukera ederrak eskaini dizkio taldeari, eta oraindik ere emaitzaz gozatzen ari dira. Euskaraz eta ingelesez abesten dute, eta bi diska dituzte kalean. 2020 arraro honetan ongi aprobetxatu dute denbora, eta bi kantu kaleratu dituzte: ekainan 'Ormak apurtu arte', eta irailan 'You dont care'. 

Erritmo bizkorrekin errango diogu agur asteari 'Makulu Ken' taldearekin, ostegunak izango da beraien txanda.  10 urte baino gehiago dira hezurrak astintzen dituen deabruzko musika afrikar, dantzagarri eta polirritmikoak  sorgindu zituela, eta euskaraz kantatu eta mundura zabaltzen hasi ziren. Beste lur batzuetako musika euskarara ekartzen dute, hango eta emengo aberastasunak gozatuz.

3 musika talde eta bakarlari bat azaro honetako 'Beste Bat' saioetan. Oso estilo ezberdineko taldeak gainera. Astelehenetik ostegunera dira Naiz Irratiko 'Beste Bat' saioak, arratsaldeko 15:00etan. Eta gogoratu noski podcast plataformentan entzungai izango direla saio guztiak, hilabete honetakoak eta orain arteko denak.

Jaurlaritza Logoa